argia.eus
INPRIMATU
Burujabetza sozialaren alde
  • ELA eta LABen idazkari nagusiek, Adolfo Muñoz eta Garbiñe Aranburuk, Gasteizko parlamentuko Autogobernu Ponentzian hitz egin dute joan den astean, eta ondoren ohar bateratua kaleratu dute, aldarrikatuz estatus berri bat “eremu soziolaboral eta soziopolitikoan eskumen erabatekoa izango duena”.

Juan Mari Arregi 2017ko ekainaren 27a

Agerraldi hori garrantzitsua da momentu honetan, eta balio izan du erakusteko bi sindikatuek burujabetza sozialaren alde egiten dutela apustu. Gainera, ekintza sindikal bateraturantz egiteko asmoan beste urrats bat ere bada, euren kongresuetan adierazi duten bezala.

Sindikatu abertzaleon ustez bistakoa da beste estatutu erreforma soil bat langileen gehiengoarentzat iruzurra litzatekeela: Madrilgo politika zentralizatzailea, autogobernuari egindako murrizketak, Estatutua ez betetzea, eta transferitutako eskumenak eta Kontzertu Ekonomikoa erabiltzea EAJ, PSE eta PPren eskutik enpresa eta kapital errentei mesede egiteko.

Egoera hori aldatzeko ezinbestekoa da legeak egin ahal izatea lan harremanak eta babes soziala oinarri hartuta. Horrela bermatuko dugu “gure jendarte eta lan ereduaz erabaki ahal izango dugula”, edo “politika fiskal, ekonomiko eta sozialak ezartzeko gaitasuna izango dugula”. Eta hori guztia, ikusi dugunez, ezinezkoa da aurrera eramatea Espainiako Estatuarekiko aldebikotasunetik. Sindikatuek prozesu sozial burujabe bat egin nahi dute aldebakartasunean oinarrituta, Euskal Herria subjektu politikoa dela onartu eta “bere marko juridikoa libreki erabaki”.  Seguruenik sindikalgintza abertzalea berriz erasoko dute “politikan sartzeagatik”, baina sindikatu bezala eskubide osoa dute jendartearen eraketan parte hartzeko.