argia.eus
INPRIMATU
Horma-paperen liburu hilgarria
  • Michigan (AEB), 1874. Robert C. Kedzie (1823-1902) Michiganeko Nekazaritza Eskolako kimikako irakasle eta Osasun Kontseiluko kideak Shadows from the walls of death (Heriotzaren hormetako itzalak) izeneko lanaren 100 aleak banatu zituen AEBetako estatu horretako beste hainbeste liburutegitan.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2017ko ekainaren 19a
Robert C. Kedzieren 'Shadows from the walls of death' liburuak irakurlea pozoitu zezakeen.
Robert C. Kedzieren 'Shadows from the walls of death' liburuak irakurlea pozoitu zezakeen.

Lehen orrialdean, lanaren izenburua bera, egilearen izena eta kargua, argitaratzailea zeuden eta, ondoren, hitzaurre labur bat. Handik aurrerako 86 orrialdeetan beste hitzik ez. Eta, hala ere, liburua “irakurtzeak” irakurlea hil zezakeen. Literalki.

Artsenikoa Antzinarotik erabili du gizakiak. Beraz, elementu kimiko horren propietate pestizidak (eta homizidak) ezagunak dira aspaldi. Baina XIX. mendean oihalak, jostailuak, posta-txartelak eta beste hainbat objektu berdez tindatzeko erabili zuten. Baita horma-papera ere.

Robert Kedziek artsenikoz pozoitutako hainbat gaixoren kasuak aztertu zituen garai horretan. Itxuraz pozoitze horiek ez zeukaten oinarririk, baina Kedzie konturatu zen pozoitutako guztiek horma-paper margotua zutela etxean. 1873an Poisonous papers (Paper pozoitsuak) txostena argitaratu zuen, artsenikoa pigmentu moduan erabiltzearen arriskuez ohartarazteko.Ez zuen helburua lortu. Jendeak uste zuen pozoitzeko horma-papera miazkatu edo jan egin behar zela. Baina denborak eta hezetasunak substantzia toxikoa askatzea eta airean zabaltzea eragiten zuen.

Urtebete geroago, muturreko bide bat bururatu zitzaion kontzientzia zabaltzeko. Kontu handiz, horma-paper laginak hartu zituen inguruko etxeetan, liburuko orrialde forma eman zien eta liburuaren 100 aleak osatu zituen, Michiganeko liburutegietan banatzeko. Txostena ere banatu zuen liburuarekin batera, eta kontzientziazio kanpaina emaitzak lortzen hasi zen. Liburutegi gehienek liburua suntsitu zuten –bi baino ez dira geratzen, segurtasun neurri zorrotzekin gordeta– eta Kedzieren kezka zabaltzen hasi ziren. Pixkanaka, artsenikoa beste substantzia batzuez ordezkatu zuten viktoriar aroko Europan eta AEBetan hain gustuko zituzten horma-paperen ekoizpenean.

XIX. mendearen amaieran American Medical Association-ek jakinarazi zuen AEBetan saldutako horma-paperen %60k artsenikoa zuela, horien herenak osasunerako kaltegarria den kantitateetan.