argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak bere buruari jartzeko moduko DSBE bat
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen duten EAEko 62.924 pertsonek laster ikus dezakete euren prestazioa murriztuta –634 euro inguru pertsonako– EAJ-PSEren gobernuak PPren babesarekin sustaturiko erreforma dela-eta. Horixe salatu du berriki Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Lanbideren Bilboko egoitza aurrean; babes sozialeko sistema publiko bat ere eskatu du mugimenduak.

Juan Mari Arregi 2017ko ekainaren 20a

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak esan zuen pertsona bat duin bizi daitekeela hilean 600 eurorekin. Eredu izan beharko luke eta bere soldata publikoari uko egin DSBErekin bizitzeko! Ez dute lotsarik gobernuan duten kargutik publikoki halako gezurrak esateko: jende guztiak daki pertsona batek –are gutxiago familia batek– ezin duela egungo DSBErekin duin bizi. Funtsean, Eusko Jaurlaritzak DSBEren erreformarekin nahi duena da kostuak murriztu, bere lehentasunak beste batzuk direlako, tartean dirua erruz bideratzen duen AHT.

Murrizketa politikak justifikatzeko, Eskubide Sozialen Kartak garbi du zertan ari den administrazioa: “Kriminalizatu eta estigmatizatu nahi ditu kolektibo eta sektore sozial prekarioak, baita sozializatzeko moduak ere, pobreziari aurre egin eta etxebizitza konpartitu beharra daukaten horiena, adibidez”. Beharrezkoa da prestazio sozialen kontrol egokia iruzurra saihesteko, baina ezin da onartu obra faraonikoentzako dirua dagoen bitartean –ekonomikoki, ingurumenari dagokionez eta sozialki justifikaezinak–, gehien behar dutenentzako laguntza publikoei guraizeak sartzea. Euren buruari ezarri beharko liekete DSBE berri hau lehendakariak, sailburuek eta haien aliatuek.