argia.eus
INPRIMATU
Elitezko hezkuntza
  • Hezkuntzaren alarmak jo du berriz. Bi albistek piztu didate argi gorria. Batetik, Ikastetxe publikoetan, murrizketak eta lan baldintzak direla-eta, greba deitu dela; bestetik, hezkuntza-ikuskaritzak izendatu behar izan dituela ikastetxe publikoko zuzendarien %40a, inor ez zegoelako ardura hori hartzeko prest.

Andoni Mujika Ulazia @mujikaandoni 2017ko ekainaren 20a

Eta eskerrak zifra leundu egin dela. Itxura denez, azken 7-8 urtetan, %70etik %40era jaitsi da portzentaje hori. Badirudi, orain urte batzuk, pizgarri ekonomikoak eta formazioa ematen hasi zitzaizkiela zuzendariei, eta horrek txikitu egin duela eskandaluzko numero hori. Diruek eta abarrek ez dute zenbaki beltz hori gehiago jaisten ordea. Gai honetan Euskadiko Eskola Kontseiluko ordezkariari ere irakurri dizkiot adierazpen batzuk, esanez, zuzendaritza sendoek emaitzak hobetzen dituztela.

Baina tira, murrizketa arazoa al da gure haserrearen arrazoi nagusia? Izan ere, haserre horren benetako jatorria ezagutzea inportantea da irakasleon eta, batez ere, haur eta gazteen onerako. Lan baldintzen inguruan jakin dezagun EAEn daudela Espainiako Estatuko soldatarik altuenak hezkuntza publikoko irakasleen artean. Datu batzuk: lehen hezkuntzako irakasle batek 2.366 € gordin irabazten ditu hileko eta 1.300 ordutik behera lan egiten du urtean (2016ko datuak dira). Bigarren hezkuntzakoek 2.703 € gordin hilean, eta urtean, 1.000 bat lan ordu. Datu gehiagorekin hobeto osa daiteke argazki hau, bai, baina erronka beste bat da.

Aurrekoez gain, sintoma gehiago ere aspaldi antzematen da hezkuntzaren osasun ahularen erakusgarri. Esaterako, eskola porrota edota ikasleen desmotibazio sakona. Bi adierazle hauek kezka handiz bizi dira familietan. Beste desmotibazio esanguratsu bat ere gehitu behar da: irakasleek sufritzen dutena, eta bere ondorioak, eurengan eta hezkuntzaren kalitatean.

Herri bezala, lehen mailako erronka baten aurrean gaude. Interpelazio serio bat daukagu hezkuntza eragileok guri deika, ez dezagun ihes egin. Hitz-jolas batekin esanda, “elitezko hezkuntza guztiontzat” jarriko genuke helmugan.

Amaitzeko, sarri egiten dugun ariketa bat aitzakia bezala hartuta, hau da, hezkuntza arloan oso aurreratuta dabilen herrialde bati begiratzen diogunean, ez diogu bere pedagogiari bakarrik begiratu behar. Begiratu beharko genuke bertako ikastetxeen antolakuntza eredua; ikastetxe-proiektua; berrikuntzarako ausardia; hezkuntzak gizarte horrentzat daukan inportantzia; irakasle izateko bokazioa; irakasle-gaiei eskatzen zaiena; lan-baldintzak; ondo egindako inbertsio kopuruak… Gaia konplexua delako heldu behar diogu behingoz, aurreiritzi barik, eta zorrotz.