Munduan gero eta herritar gehiago doa landa girotik hirietara bizitzera. 2050erako 6.300 milioi pertsona hirietan biziko direla aurreikusten da –gaur egun 3.600 milioi bizi dira–. Eta munduko hirietan nekez egon da inoiz hain banaketa handia pertsona eta naturaren artean. Erantzun gisa, hirietako sustraietatik baratzegintza dator.
Krisi sistemiko eta ekologikoaren muinean beti da lekurik esperantza ernetzeko, eta porlanaren oihanean, horietako bat da hiri-baratzea edo baratze komunitarioa. Munduko hiri askotan gero eta errealitate indartsuagoa da ortua, eta Euskal Herrian ere bai. Azken hamarkadan perretxikoen antzera sortu dira baratzeak gure geografia zabalean: badira baratze produktiboak, aisialdikoak, baserrietako ohiko baratzeak, terapeutikoak, eskoletakoak, hiri-baratzeak, okupatuak…
Argako urak ureztatutako baratzeak ezagunak dira Iruñean eta bertako azoketan preziatuak haietako barazkiak. Baratzegintza ekologikoan ere aitzindari dira hiri buruzagian eta bereziki ezagunak Aranzadi meandro emankorreko produktoreak. Agustin Beroiz baratzezaina zen horietan ezagunenetakoa, baina, beste laborari batzuek bezala, alde egin behar izan zuen bertatik, Iruñeko Udalak 2012an ohiko baratzeak eraitsi eta Aranzadiko parkea eraiki zuenean. Desarrollismoaren ohiko amarruetakoa, baratze aberatsak botatzea, baratzegintzari buruzko parke tematikoa eraikitzeko.
Lurra, eguzkia, ura gehi zaintza, berdin emankortasuna. Hori da baratzearen ekuazioa. Eta ohiko ondare horiez gain, baratzera hurbiltzen denak beste asko ere parteka ditzake bertaratzen diren gainerakoekin. Hortik aurrera, hiri-baratze bakoitza mundu bat da.
Piparrika herri baratzea Iruñeko Alde Zaharreko Pellejerias Plazan eraiki dute, orain arte azken hamarkadatan itxia egon den eremu publikoan. Jarauta kalearen magalean da eta 1.500 metro koadro inguru hartzen du. Piparrika taldeko kideek berreskuratu dute Iruñeko Udalarekin elkarlanean.
2013an sortu zen taldea eta aurreko udalari aurkeztu zioten proiektua. Ez zen aurkako jarrerarik izan, baina berau ez da abiatu aldaketaren udala eratu arte. Aurten udalak lehiaketa publikora atera zuen hiri-baratze proiektua eta –elkarte gisa eratuta– Piparrikak irabazi zuen berau. Dagoeneko 40 bat lagun ari dira atzera-aurrera baratzearen kudeaketan, hiru lan batzorde dituzte –hezkuntza, baratzea eta dinamizazioa– eta batzarrean hartzen dituzte proiektuari buruzko erabaki nagusiak.
2016ko udan egin zituen udalak plaza prestatzeko lanak: sarrerako ate-hesia berritu, babes hesi bat altxa, lurzorua lau jarri eta bestelakoak. Udalak, halaber, hainbat tresneria erosi du, bai baratzerako bai taulenak –landatzeko egurrezko askak– egiteko materiala. Guztira 13.000 euroko aurrekontua izan du 2016 eta 2017 artean, gehiena plazaren atontze lanetara bideratua. Taulenak, konpostalekua eta bestelako eraikuntza lanak aurten egin dira, auzolanean.
Andrea, Monica eta Pedrorekin egon gara baratzeko eserlekuetan eserita, baina arratsaldeko ekaitzak aterpera bidali gaitu. “Turismoaz eta tabernez gain, bestelako aisialdi molde bat ere bultzatu nahi dugu eta hiri-baratzea horretarako aukera ederra da. Horrez gain, bakarrik dagoenari, eta oro har, bizilagunei harremantzeko espazio berri bat eskaintzen die”, dio Andreak. Argi utzi nahi dute proiektu parte-hartzailea dela: “Taldea eta baratze hau guztiz irekiak dira eta edonor etor daiteke lanera, hitz egitera edo, besterik gabe, bertako lasaitasuna gozatzera. Hau espazio publiko guztiz irekia da eta hori da nahi duguna”.
Oraingo udalarekin mamitzen ari dira baratzea, baina hirukoteak argi azpimarratzen du ez dutela nahi proiektua inongo alderdi politikorekin lotzea: “Hau proiektu zabala da, herritarrena, eta udala aldatuko balitz ere, honek aurrera jarraitu beharko luke”.
Era batera edo bestera, dagoeneko ehunka lagunek jardun dute lanean herri baratzean: “Maiatzeko larunbat batean, adibidez, auzoko gazte mugimenduko ehun bat lagun aritu ziren eta gero bertan bazkaldu genuen” zehazten du Monicak. Bestelako auzolanetan ere denetarik elkartzen da, ume, gazte eta heldu, eta larunbat edo igandea bada, bertan bazkaldu ohi da, eguraldiak laguntzen badu bederen.
Hori bai, oraindik etxetik ekarritakoa jan behar, bertako erremolatxa, baba, piper edota tomateak hazten ari dira-eta. Urazak bai, hauek handi daude eta maiatzaren 27an ospatu zen Alde Zaharreko egunean eraman zituzten 30en bat aldameneko Santa Ana Plazan egiten den herri bazkarira. Egun horretan ireki zituzten guztiz ateak, eta aurrerantzean baratzea egunez irekita egongo da eta gauez itxita, Santa Ana plaza bezala.
“Baratze hau ez da produktiboa –zehazten du Pedrok– bere funtzioa gehiago da hezkuntzari bideratua, baratzearen filosofia zabaltzera. Hirietan ez dadila porlana bakarrik egon aldarrikatzen dugu. Eta baita elikadura burujabetza ere”. Bera da baratzegintzaz taldean gehien dakienetako bat eta pazientziaz azaltzen dio bata eta besteari baratzeko hainbat sekretu: “Arrautza azal hauek, adibidez, txikitu egiten dira eta uraza artean lurrean barreiatuta, bareak uxatu egiten ditu”.
Proiektua aberatsa da eta mimo handiz zaintzen dute Piparrikako lagunek. Udalarekin lotutako akordioa medio, hainbat baldintza bete behar dituzte, esaterako ekologikoan aritzea, sortutako hondakinak bertan kudeatzea eta salmentarik ez egitea jasotako produktuekin. Arazorik ez, elkartearen DNAn txertatuta duten filosofia da: aipatu printzipioez gain, ureztaontziak erabiltzen dituzte partehartzea handitzeko eta ura aurrezteko, edo ahal den guztia material birziklatuekin eraikitzen dute. Jarduera ugari bideratu dute baratzean eta hauen berri gehiago izan nahi duenak Piparrikak Facebooken duen kontu aberatsean du horretarako aukera.
Marina Jiménez Iruñeko udalean hiri-baratzeez arduratzen den teknikaria da eta pozik ageri da Piparrikarekin batera egindako lanarekin: “Guk tokia eta materiala jarri dugu, haiek kudeaketa. Ikusten ari gara auzoko gainerako taldeekin harreman handia egiten ari direla, geriatrikoarekin, San Frantzisko eskolako guraso elkartearekin... Bestelako baratze asko daude Iruñean, baina hauek bereziak dira, besteak beste, eraikitzen duten harreman munduagatik”.
Jiménezen esanetan, datorren urterako hiri-baratzeetarako diru-laguntza lerro bat irekiko dute. Diru-laguntzak eskuratzeko baldintza elkarte gisa eratzea da, udalarekin harremanetan jartzea eta abiatzea. Badira beste proiektu batzuk ere, horien artean Txantrea auzoko Krispila taldeak bultzatutakoa –uraza mota bat da krispila– edo Bustintxuri auzoan eratu den Baratxuri taldea. “Ederra litzateke hiri-baratze sarea osatzea eta gero eta gehiago izatea”, dio Jiménezek.
Maya Bernal ari da Krispilan, 2016ko otsaila aldera hasi ziren zortzi lagun proiektuarekin eta urrian baratzegintzari ekingo diote Txantreako Tartalo plazan. “Orain ere parke bat da plaza, baina guk bestelako parkea aldarrikatu nahi dugu baratzearekin”, diosku Bernalek. Hemen ere taulenetan aritzekotan dira, baina Piparrikan baino produkzio handiagoa espero dute. Filosofia bera da: “Auzolana, harreman gunea, edonor aritzea lanean eta gero eraman ditzala barazkiak etxera”.
Iruñeko auzoa da Mendillorri 1998az geroztik eta 11.000 bat biztanle bizi dira bertan. Bertako gazte mugimenduak erabilerarik gabeko udal lur-zorua okupatu zuen duela hiru urte eta bertan baratzegintzari ekin. Ez zaie ika-mikarik falta udalarekin; honek nahiko luke beste baratzeekin bezala aritzea, elkarte gisa eratzea, proiektua aurkeztea, lehiaketa egitea eta abiatzea.
Gazteen ustez, udalak dena arautu nahi du eta euren eredua autogestioa da. “Leku publikoak pertsonenak dira. Auzoak eta herritarrek ematen diote zilegitasuna baratzeari. Guk egin dugu herri-baratzea, udalak izan dezala konfiantza eta errespeta dezala proiektua”, dio herri-baratze proiektuan ari den Xabi Senosiain gazteak. Besteak beste, baratzea kontsumoaren kontrako alternatiba gisa eratu zela dio eta haiek zabortegia zena txukundu egin zutela. Senosiainen esanetan era batera edo bestera 50-60 bat gazte aritzen dira egun proiektuan, “hasieran denak gazteak aritu ginen eta gerora helduak ere hurbildu izan dira interakzio polita sortuz”. Udal teknikari Jiménezen ustez, “elkartea egingo balute, diru-laguntzak-eta jasoko lituzkete, besteek bezala, bestela udalak ezin dizkio diru-laguntzak edozeini banatu”.
Sarriguren Eguesibar udalerriko auzoa da, baditu aisialdirako udal baratzeak, baina baita herri baratze txiki bat ere. Eraikuntzarako ziren 80.000 metro koadro eraiki gabe daude artean eta baratzearen sortzaileek diote, eraikitzen ez den bitartean badutela eskubiderik bizilagunentzat elikagaiak ekoizteko. Lur zoru horiez gain, auzoak 300.000 metro koadro berdegune ditu, horietako gehiena belarra, eta beren ustez hori mantentzea nahiko garestia da: “Hirietako berdeguneak pixkanaka baso eta nekazari lurrak bihurtu beharko lirateke”.
Mikelen hitzak dira, telefonoz jardun dut harekin eta, tarterik izanez gero, arratsaldean agian argazkiak egitera hurbilduko nintzela azaldu diot. Hartu dut tartea eta herri baratzera heldu naizenean familia bat zegoen bertan eserita eta solasean. “Zuetako bat da Mikel akaso edo baratzekoak zarete?”, galdetu dut. “Ez, ez gara. Ondotik pasatu gara eta gelditu. Zein txoko polita ezta?”, ihardetsi dit haietako batek.
Mikelek azaldu digunez, txikitik egindako apustua da, oso txikitik. “Dendetako egurrezko fruta kutxa batekin hasi ginen. Barruan, konposta, lau uraza eta tipulatxo batzuk jarri genituen eta ondoan ureztaontzi bat utzi genuen, dena iturri batetik gertu. Biharamunean ume bat kutxa ureztatzen ari zen. Eta hurrengo egunetako batean kartela jarri genuen: “Sarrigurengo herri baratza, Baratze hau guztiona da. Anima zaitez eta zaindu”.
Apurka baratzea loratuz joan da, orriotako argazkian ikus daitekeenez. “Baratzeak gauzak kolektiboki egiteko aukera ematen digu eta guk hori baliatu nahi dugu, baratzea eta barazkiak elkarbanatu nahi ditugu”. Ingalaterrako Todmorden hirian egin zutena dute erreferentetzat: “Han baimena eskatu gabe hasi ziren landatzen. Pam Warhurst-ek hala zioen: ‘Ez eskatu baimena, hasi landatzen’. Berehala hango udalak ongi ikusi zuen mugimendua eta laguntzen hasi zen”.
Ekainean, gutxi erabiltzen den espazio berde batean Sarrigurengo Baso Jangarria sortzeko proposamena aurkeztu dute Eguesibarko udal aurrekontu parte-hartzaileetan. Gasteizko Basalburu dute buruan: “Agian ez dugu irabaziko –dio Mikelek–, baina dagoeneko ideia zabaltzea lortu dugu”.
Piparrikako pareta batean mural txiki bat margotu dute eta bi esaldi idatzi: “Ametsak erein eta itxaropenak bil ditzagun. Construyamos un mundo donde quepan muchos mundos”. Kristoren aurreko IV. mendearen amaieran demokraziaren Greziako lehen polis hura gainbeheran zetorrenean hasi zen bere baratzea lantzen Epicuro gaztea. Esklaboei eta emakumeei filosofiaren ateak zabaldu zizkien, Atenasko eskola klasikoetan hori egitea gaizki ikusia zegoenean. Ideiekin baino baratzearen fruituekin egin nahi zuen iraultza laborari berritzaile hark. Nago, Epikuro haren eskolakoak eta 2.500 urte geroagoko herri baratzetako herritar hauek antzeko etorkizuna irudikatzen dutela munduarentzat.
Familia asko betidanik saiatu dira nor bere ortu txikian osatzen etxeko janari beharrak mundu osoko hiri handi eta txikietan. Hala egiten dute Kuban bezala boikot ekonomikoagatik emergentzian bizi diren herrialdeetan, gerraren ondorio latzak nozitzen dituztenetan eta oro har... [+]
Berangon, XV. mendeko Otxandategi dorretxearen lurretan, herri-proiektu berri bat aurkeztu zuten zapatuan, apirilaren 2an: Otxantegi Herri Lurra. Egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez, baratze komunal bat jarri dute martxan, eta, besteak beste, euren helburua da,... [+]
Iruñeko Mendebaldea eta Ermitagainako bizilagunek haien auzoak lotegi hutsa izaten uzteko Ermitaldea kolektiboa osatu zuten pasa den urtean. Orain, beraien proiekturik neketsuena, hiri baratzaren sorrera Nafarroako Liburutegiaren ondoan, haziak ematen hasi da larunbatean... [+]
Iruñeko Donibane auzoan martxan jarri berri duten proiektua da Udaberri Hiri Baratzea. Gune berdeak lehenagotik ere badira inguru horretan, baina San Juan Xar auzo elkarteak abiatu duen proiektu honek herritarrak espazio horretan paper aktiboa izatea nahi du, eta ez... [+]
“Bilboko gaztea izanik, sumatzen nuen hiriko gizartea ez dagoela nekazaritzarekin konektatuta”. Horrela azaldu du Kepa Añibarro Zoritak nondik sortu zitzaion ingurumenarekiko eta lurrarekiko interesa. Ingurumen-kimikako eta Paisajismo eta Landa-Ingurumeneko... [+]
Elikagaien komertzializazio bide laburrak eta janari osasungarria joera bihurtu omen dira, baina baserritarrek zer diote horren inguruan?
Uztailaren 20an hasiko da Donostiako Jazzaldia eta Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladak kezka adierazi du: urtero jazz jaialdiaren babesle nagusia den garagardo marka iragartzeko kartel handi bat jartzen du Trinitate plazan, hain justu gazteek joan den apiriletik auzo... [+]
Uliako mintegien parkea arriskuan jarriko lukeen operazio urbanistikoaz herri galdeketa egiteari uko egin dio Donostiako Udaleko plenoak, EAJren eta PSE-EEren botoekin.
Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, asteazken goizean udaltzainek Trinitate plazaren goiko aldean martxan jarritako auzo baratzea desegin dute.
Barakaldoko Ekologistak Martxaneko ordezkari legala hiri horretako 1. Instrukzio-epaitegian deklaratzera deitu dute, gaur eguerdian, higiezinak usurpatzeko delitua leporatuta. Talde ekologistak prentsa ohar baten bidez azaldu duenez, abandonatutako lursail bat berreskuratu eta... [+]