argia.eus
INPRIMATU
Pragmatismoen konfrontazioa
IƱaki Antiguedad 2017ko ekainaren 06a

Mundu poliedrikoa da hau, gero eta konplexuagoa; likidoa edo. Batzuentzat sikiera gaurkoa ez da iraganean amesten genuen gero hura. Denetariko egon da orainoko bidean, baina gauden puntuan gaude, ez beste inon. Eta gauden puntua da gaurko abiapuntua. Pragmatismoa? Bai horixe! Baina kontuz, bada pragmatismo mugatua, eta mugatzailea, kudeaketaren egunerokora mugatua, eta pragmatismo eraldatzailea, kudeaketa barne hartzen duen burujabetza sozio-politikoa gauzatzeko eskumenak eskura nahi dituena.

Pragmatismoon konfrontazioan ari gara. Batzuek mugen arteko kudeaketa goresten dute, Estatuko momentuko aukera urriak baliatzen saiatuz, kudeatzeko ahalmenean pausotxo berriak emanez, sigi-saga, baina burujabetzari karkasa eta mamia ematen dizkion apustu estrategikoa inoiz heltzen ez den gero baterako utziz. Gaur, datuak datu, gurean nagusi da pragmatismo mugatzailea. Bestalde, burujabetza soziala lehenesten dugunok arazo asko topatzen dugu zabaltzen ari garen bidean. Gurea apustu sozio-politiko globala da, estrategikoa, integratzailea, erronkak perspektiban hartzen dituena… Baina, beharbada, hori berori dugu arazorik handiena: likido den gizarte bati erakargarri egingo zaion norabide alternatibo solidoa eskaintzea, apustuak inertzia asko apurtzea baitakar. Eta, momentuz, ez gara hain onak, benetan. Ondorioz, gure apustua ez da, gaurkoz, pragmatismo mugatzailea gainditzeko bestekoa. Errealitatea errealitate.

Baina inertziak ez dira bakarrik gizartean, eragileen esparruan ere badira; hori txarragoa da. Pragmatismo eraldatzailera bidean, geroa desberdina egingo badugu, baztertu egin behar dira iraganeko hainbat kontu zurrun. Zurruna eta solidoa ez baita gauza bera. Hortaz, gizartean eragiteko mugimenduak ikusten ditut eraginkorrago, alderdiak baino, berriak izanda ere. Pertsonen bestelako parte-hartze politikoa ahalbidetu dezaketelako, zabalagoa, zuzenagoa; horizontalagoa instituzioen bertikala ahaztu gabe. Hola, oso positibo hartzen dut EH Bilduren birfundazio prozesua, burujabetza sozialaren bidean alderdietatik haratagoko espazio politiko-instituzional gisa sendotze aldera. Ezinbesteko jauzia da hori inertziak gainditzeko, inertziatzat hartzen baitut nik batzuek alderdiari, bata zein bestea izan, eta banaketa-kuotei dieten debozio kezkagarria.

Izan ere, gure prozesuak politika-eredu berriak ez ezik politika-eremu berriak ere behar ditu, burujabetza sozialaz sektore berriak konbentzitzeko, gehiengo gabe ez baita hura lortzerik. Eta horretarako, inertziak utzi eta pragmatismoari eutsi, eraldatzailea eta eraginkorra. Hiztegi berrituaz.