argia.eus
INPRIMATU
Multinazionalen boterea gelditu
  • Badaude nazioarteko akordio eta hitzarmen batzuk gure eguneroko bizitzari, tokiko ekonomiari eta lan eskubideei eragiten ez dietela diruditenak, auskalo non sinaturik daudelako.

Juan Mari Arregi 0000ko ren 00a

Herritarrek paso egiten dute, ez baitira jabetzen hitzarmen horien eduki eta ondorioez. Horixe gertatzen da CETArekin, Europar Batasuna eta Kanadaren arteko merkataritza libreko tratatua; honen bidez gure egunerokoan eragina izango duten hainbat lege onartuko dira. Euskal Herrian haren defendatzaile diren alderdiek –EAJ, PSE, PP eta UPN– behin eta berriz errepikatzen digute herritarrentzat onuragarria izango dela ekonomia sustatu eta enpresa txiki eta ertainak lagunduko omen dituelako. Benetako helburua, ordea, multinazional eta korporazio handien mesederako araudia sortzea da.

Akordio horiek kapitalismoan sakontzen dute, eta mugak jartzen dizkiete herrien subiranotasunari, enpresek estatuek baino botere eta eskubide gehiago izango baitute. Gure elikadura kalitatea eskastuko da; merkataritza txikia eta tokiko baserritarren jarduna birrindu; ingurumenean eta osasunean kalteak sortzen dituzten enpresei ateak irekiko dizkiete, Kanadan meatzaritza sektorean gertatu den bezala; nolabait, Trumpekin akordioa egitea ere bada, azken batean merkatu horiek erabat lotuta baitaude; eta eskubide laboral eta sozialak murriztuko dira enpresen etekinak handitzeko.

Egoera horretan, hitzarmena berrestear dela, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak hainbat mobilizazio deitu ditu aste honetan haren kontra. Egiaz, halako akordio kaltegarriaren aurrean, euskal mugimendu sozialek eta komunikabide aurrerakoiek indar handiagoz egin beharko lukete lan, herritarrek ez baitute sarbide zehatz eta nahikorik izan CETA izenez ezagutzen dugun horrek izango dituen ondorioez.