“Emakume guztiok matxinatu behar dugu, ez batzuk bakarrik”

  • Bada nazioarteko mugimendu bat, beren burua halakotzat jotzen duten herri guztiak onartzen dituena. Mugimendu bat, non maila berekoak baitira Quebec, Mozambike eta Kurdistan. Ibilian dabil gainera mugimendu hori, izenean bertan dakar: Emakumeen Mundu Martxa (EMM). Euskal Herrira etorri zen orain dela hilabete mugimenduaren nazioarteko idazkaritza koordinatzen duen Graça Samo, eta Bilgune Feministak maiatzaren 6an antolatu zituen topaketetan hitz egin genuen berarekin. Argi esan zigun: “Martxan jarraituko dugu, emakume guztiok aske izan arte”.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Graça Samo (1968, Cocoene, Mozambike)

Enpresa ikasketak egin zituen jaioterrian, eta tokiko garapenari eta generoari buruzkoak, berriz, Brasilen. Forum Mulher erakundea zuzendu zuen hamar urtez, eta 2013az geroztik, Emakumeen Mundu Martxako nazioarteko idazkaritza koordinatzen du. Maputon bizi da, eta irakasle dabil Mozambikeko Unibertsitate Politeknikoan, Administrazio, Zientzia eta Teknologiako Sailean.

Nola hasi zinen militantzia sozial eta politikoan?

Gazteagoa nintzenean, ikasleen mugimenduan hasi nintzen, eta ikasketak amaitu ostean, hainbat GKEtan aritu nintzen lanean: Mozambiken gerra zibilean geunden, beraz larrialdi-egoeretan jardun nintzen batez ere. Gero, Angolan ere ibili nintzen, gerra zibilean zeuden han ere. Ondoren, Brasilera joan nintzen ikasten jarraitzera, eta gizarte-lana egin nuen hainbat favelatan.

Eta militantzia feministan noiz hasi zinen?

2004an, Mozambikera itzuli eta orduantxe sartu nintzen emakumeen eskubideak eta genero gaiak lantzen zituen erakunde batean, Forum Mulher. Orduan ezagutu nituen gertutik emakumeen borrokak. Mozambiken, garai hartan, ez zegoen mugimendu feministarik bere horretan. Feminista akademikoak zeuden, baina zuriak ziren asko, eta zaila zen beren burua feministatzat jotzen zuen emakume mozambiketar arruntik topatzea.

Zer bide egin zenuen erakunde horretan?

Zuzendari aritu nintzen hamar urtez, eta nire helburua zen gauzak apurtxo bat aldatzea eta erakundea erradikalago bihurtzea. Enpresa ikasketak eginak nituenez, helburu konkretuak lortu nahi nituen. Adibidez, ni erakundean aritu bitartean, Mozambikeko politika publikoetan eragiten saiatu ginen, eta besteak beste, emakumeen aurkako etxe barruko indarkeriari buruzko lege bat eta abortu libre eta segurua eskaintzeko beste bat onar zitezela lortu genuen. 2013an eskaini zidaten EMMko nazioarteko idazkaritzara sartzea, eta urtebetez bi lanetan aritu nintzen, baina gehiegi zen, eta 2014an utzi nuen Forum Mulher, bete-betean EMMn jarduteko.

Zer egoeratan dago Mozambike gaur egun?

Amets batetik esnatu garela dirudi. Mozambikek 1975ean lortu zuen independentzia, eta gobernu sozialista ezarri zen, ia komunista. Koloniarenak izandako jabetza guztiak nazionalizatu ziren: etxeak, lurrak, enpresak eta abar. Gainera, baliabideak birbanatu ziren, hezkuntzarako sarbidea erraztu…

Urtebete beranduago, ordea, 1976an, gerra zibila hasi zen, eta 1992ra arte iraun zuen, pentsa. Sinetsirik geunden orduantxe hasiko zela benetako iraultza, hura zela gure herrialdea benetan garatzen hasteko garaia, baina armak utzi bezain pronto, merkataritza askeko akordioak etorri ziren, eta trantsizio automatiko bat hasi zen, neoliberalismora bidean. Jendearen bizitza hobetu beharrean, okerrera egin zuen, zeren, gerrak iraun bitartean, sozialismoak eraikitako horren gainean bizi izan ginen; orain, ordea…

Gure herrialdeko jende gehiena landa-eremuetan bizi da eta hain zuzen hara joaten dira enpresa multinazionalak; gune horietan bizi direnek informazio gutxi daukate, eta askoz zaurgarriago dira atzerriko enpresen aurrean.

Argazkia: Dani Blanco.

Multinazionalen etorrerak nola eragiten die emakumeei?

Merkataritza askeko akordioen ondorioz, emakumeek beren lurrak galdu dituzte, bai eta beren enpleguak ere; bestalde, lana edukita ere, oso kalitate baxukoa da beti, eskolatze-maila halakoa delako. Bestalde, emakumeen aurkako indarkeria handitu egin da. Eztabaida hori ateratzen da behin eta berriro, ea benetan hazi ote den indarkeria, edo ea komunikabideek gehiago aipatzen duten. Nire iritziz, benetan ari da handitzen.

Zer dela-eta?

Gobernua izugarri militarizatu da azken bizpahiru urtean, goitik behera armatu dira, eta mugimendu sozialek ezer antolatu nahi duten bakoitzean, baita maiatzaren lehenean ere, hantxe ateratzen dira tanke militarrak eta robocop gizonak… Beldurra eta segurtasunik eza dira nagusi. Gobernuak hori egiten badu arlo publikoan, zer gertatuko da ba arlo pribatuan? Indarkeria erreproduzitzen da. Indarkeriak alderik alde zeharkatzen du Mozambikeko gizartea.

Adibiderik?

Bai, hain justu ere, bi kasu guztiz izugarri gertatu ziren iaz. 2014ra arte agintean izan zen lehendakariaren alaba tiroz hil zuen haren senarrak, abenduaren 14an. Eta, hiru hilabete lehenago, Graça eta Samora Machel gure iraultzako buruzagi eta politikarien alabari sekulako jipoia eman zion bere bikotekideak, eta begi bat atera zion. Pentsa zer mezu jasotzen ote duten emakume arruntek, halako figura publikoei gauza horiek gertatzen bazaizkie.

Nola ari zarete antolatzen indarkeria gero eta handiago horren aurrean?

Bada, guretzat, EMM aukera itzela izan da, zeren ikuspegia aldatu dugu. Hasiera batean uste genuen indarkeria amaituko zela horren aurkako lege bat lortzen bagenuen, eta garai hartan, 2000ko hamarkadan, gure onenak eman genituen halako legeak lortzeko. Baina gero konturatu ginen ez zutela askorako balio; gainera, azkenean onartzen dituzten legeek ez dute zerikusirik geuk proposatu ditugunekin, mami guztia kentzen diote.

Beste alde batetik, abortuaren legearen kasuan, onartu da, bai, baina emakume asko hiltzen da oraindik abortu klandestinoen ondorioz, zeren abortatzen duten emakume eta neskatoak oso estigmatizatuta daude gizartean, eta ondorioz, ez dira erietxe publikoetara aise joaten. Beraz, orain, andreen kontzientzia eta boteretzea ari gara lantzen, uler dezaten indarkeria egiturazkoa dela, eta kulpabilizazioari aurre egin behar diotela.

Baduzue harremanik beste gizarte mugimenduekin?

Afrika da neoliberalismoaren erasoak bortitzen pairatzen ari den kontinentea, eta hala ere, Afrikan dira gizarte mugimenduak ahulen. Zergatik? Bada GKEen sukarrak Afrikari eraso ziolako bereziki. Egitura horrek eta nazioarteko finantza-mekanismoek zeharo suntsitu zituzten sare komunitario zaharrak, GKEen adarrek hartu zuten dena, eta modu oso kapitalistan antolatu. Afrika salbatuko dutela uste dute oraindik ere Europak eta AEBek, garapenaren diskurtso guztiz kolonialista hori darabilte, inbertsioak eta laguntza humanitarioa sustatuz, baina horrek ez dakar mendekotasuna eta zorra handitzea besterik.

“Afrika da neoliberalismoaren erasoak bortitzen pairatzen ari den kontinentea, eta hala ere, Afrikan dira gizarte mugimenduak ahulen. Zergatik? Bada GKEen sukarrak Afrikari eraso ziolako bereziki”

Hitza hartu duzu, Emakume abertzaleen topaketa feministetan, eta borroka anti-kolonialistaren garrantzia azpimarratu duzu.

Bai, garrantzitsua da hemen aipatzea. Hegoalde globaleko emakumeok gure ikuspegia lantzen ari gara, kontzientzia hartzen, baina zuek ere hausnartu behar duzue gaiaz, globalizazioa abiatu zen eta enpresa horiek guztiak datozen herrialdeetako jendeak berrikusi behar duzue ea zer-nolako harremanak ari zareten eraikitzen hegoaldearekin. Hel diezaiogun kontsumoari, adibidez. Nola sustatzen da hemen kontsumoa, nor ari da hemengo kontsumo merkearen prezioa ordaintzen? Mango gisako denda batean jaka bat 10 edo 20 euroan erosten duzuenean, zergatik da hain merkea? Bada hegoalde globaleko emakume batek ordaindu duelako prezio hori, esklabo batek bezala egin baitu lan, atsedenik eta lan-baldintza duinik gabe. Edo, bestela, nondik dator gure argia, gure energia elektrikoa? Ondotxo dakigu konpainia hidroelektrikoek, adibidez, komunitateak suntsitzen dituztela. Arazo horiei guztiei buruz hitz egin eta hausnartu behar dugu, denok matxinatu behar baikara, ez batzuk bakarrik.

Nola sortu zen Emakumeen Mundu Martxa?

Emakumeen Mundu Martxa nazioarteko mugimendu feminista da, anti-patriarkala, anti-kapitalista eta anti-kolonialista. 1990eko hamarkadan abiatu zen. Quebec-eko emakumeen federazioak martxa bat antolatu zuen, pobrezia eta emakumeen aurkako indarkeria areagotu zirelako. Arrakasta handia bildu zuten, horregatik, nazioarteko deia egin zuten 1998an: herrialde askok erantzun zuten, eta 2000. urtean egin zen lehen ekintza globala. Garai hartan, neoliberalismoa eta pribatizazioa borrokatu nahi ziren, eragina baitzeukaten hegoalde globalean baina baita iparraldeko langile-klasearen gainean ere. 2000ko ekintza horren ondoren, mugimendua bildu egin zen, eta erabaki zuten borroka ezin zela eten, iraunkorra izan behar zuela.

Argazkia: Dani Blanco.

Zergatik?

Egitura eta sistema baten aurkako borroka zelako, eta egitura hori hainbat modutara agertzen delako, tokiaren arabera. Gainera, lehen ekintza horren ostean, emakumeek askotariko gauzak aldarrikatu eta proposatu zituzten, eta horiek lortzeko herrialdeetako politika publikoetan eta legeetan eragin behar zen, gauzak errotik eta modu iraunkorrean aldatzeko. Horretarako, emakumeek ikasten segi behar zuten, testuingurua behin eta berriro aztertzen, zapalkuntzak identifikatzeko eta horien aurka egiteko moduak lantzeko.

Oker ez banaiz, 2000. urteko ekintzaren ondorio da EMMren ikurretako bat.

Bai, orduantxe osatu genuen“Emakumeek gizateriari idatzitako gutuna”. Emakumeek eskutitzak idatzi zizkieten beren gobernuei eta Nazio Batuei, tokian tokiko aldarrikapenen berri emanez eta aldaketak eskatuz, eta horiekin eraiki genuen gutun orokor hori.

Bestalde, 2005ean egin genuen gure bigarren ekintza globala, eta emakumeek ohazal bat josi zuten. Herri bakoitzak metro koadro bat ehundu zuen, nahi zuten teknika erabiliz. 30 herrik parte hartu zuten, eta beren oihal-pusketa osatu. Ondoren, beren puska hartu eta hurrengo herrira joan behar zuten, piezak elkarri josteko. Horixe da EMMren beste ikurra, elkartasunaren ohazala.

2010eko ekintzan, berriz, ez zineten herriz herri ibili.

Konturatuak ginen gerrak eta militarismoak sekulako eragina daukatela emakumeen bizitzan. Batetik, botere militarra dago, hori litzateke zantzurik garbiena, baina militarismoa bestelako moduetan ere sufritzen dugu emakumeok, instituzioen egitura hierarkikoen bitartez eta bestelako hierarkia batzuen bidez; esate baterako, beldurra sortzen digute, etxean gera gaitezen, geldi eta isilik, indarkeriari aurka egin gabe. Garaitsu hartan, Kongoko Errepublika Demokratikoa izendatu zuten emakumeak bizitzeko tokirik okerrena, sekulako indarkeria zegoelako eta indar militar eta paramilitarrek emakumeak bortxatzen zituztelako oso sarri. Beraz, Kibu hirian batu ginen 10.000 emakumetik gora, elkartasunean.

Orain bi urte egin zenuten azken ekintza, 2015ean.

Bai, orduko hartan, hauxe azpimarratu nahi genuen: emakumeok lurralde teorian independenteetan bizi arren, preso gauzkate egitura patriarkalak eta gobernuek inposatu diguten ekonomia-eredu kapitalista neoliberalak. Gainera, enpresa transnazionalak ari dira gure lurraldeak mendean hartzen, eta halako heziketa bat nagusitu da, zeinaren arabera kanpotik datorrena hobea baita, eta jendeak ez du bere burua den moduan onartzen, beti nahi dute hau ala bestea aldatu. Beraz, aldarrikatu genuen martxan jarraituko genuela harik eta gure gorputzak eta lurraldeak askatu arte, eta herri bakoitzak tokiko arazoei heldu zien, eta horiei aurre egiteko erresistentzia eta alternatibak landu ziren.

Nola uztartzen dituzue denak: etenik gabeko jarduna eta ekintza globalak, nazioarteko mugimendua eta tokian toki antolatzea...?

Tokiko taldeak daude EMMren oinarrian, guk koordinazio nazionalak deitzen diegu, eta haien ardura da beren lurraldeko kideak mobilizatzea eta behar adina aliantza jostea beren borrokak aurrera eramateko. Gero, koordinazio bakoitzak bi lagun hautatzen ditu, eta haiek nazioarteko batzordean hartzen dute parte. Batzordeak bi urtean behin egiten ditu nazioarteko topaketak, eta hortxe erabakitzen da EMMk zer ekintza antolatuko dituen. Topaketa horiek dira EMMren unerik politikoena. EMM osatzen duten herri guztietako ordezkariak bildu, bakoitzak bere agenda aurkeztu, eta osoko batzarrean zehazten dugu agenda komun bat. Hurrengo topaketa Euskal Herrian antolatzeko asmoz gabiltza.

Azken hitza: Garapena

Mugimendu anti-kolonialista da Emakumeen Mundu Martxa, eta pentsamendua deskolonializatu beharra azpimarratu du Samok, adibidez, garapenaren harira: “Gure herrialde eta nazioak garatzeaz ari garenean, zertaz ari gara? Mendebaldeak bilatu zuen garapen berbera daukagu buruan, hegoaldea kolonizatu zuena, kapitalismoa bultzatu, eta jendea esklabotzara behartu? Ez dugu hori nahi, beraz pentsatu behar dugu nolako garapena izango den gurea, inori lapurtu gabe, natura suntsitu gabe eta jendea esplotatu gabe. Bide luzea da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakumeen Mundu Martxa
Gasteizko hilketa matxista gaitzetsi dute mila lagun baino gehiagok

Mugimendu Feministak biktimak izandako babesgabetasun egoera salatu du. Iruñean, Donostian eta Bilbon astearte arratsaldean deitu ditu mobilizazioak Emakumeen Mundu Martxak.


2021-11-10 | ARGIA
Emakume, neskatila eta LGBTIQA+ kolektiboko pertsonei berezkoak zaizkien asilo-arrazoiak aitortzeko, Feminist Asylum kanpaina abiatu dute

Feminist Asylum kanpaina abiatu dute Europa mailako hainbat mugimendu, talde, elkarte, alderdi eta sindikatuk. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak bat egin du kanpainarekin, eta herritarrei dei egin die berau babestera.


2021-10-13 | ARGIA
Gasteizko hilketa matxista salatzeko mobilizazioak

42 urteko gizon batek 37 urteko emakume bat hil du Gasteizen, eta bere buruaz beste egin ostean. Hilketa matxistaren aurrean mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Honekin, bost dira aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako emakumeak.


emakumeen mundu martxa, nazioarteko v. ekintza
Mugak apurtzeko deia luzatu dute Hendaia eta Irun artekoa zeharkatuz

Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! lelopean iazko urrian abiaturiko Emakumeen Mundu Martxaren Euskal Herriko V. ekintzari bukaera eman diote 400 bat lagunek martxoaren 6 honetan. Manifestazio koloretsu baten bidez Hendaia eta Irun lotuz eta muga... [+]


2021-03-08 | Dani Blanco
Emakumeen Mundu Martxaren bukaera argazkitan

Dani Blanco ARGIAko argazkilariak argazkitan jaso du Emakumeen Mundu Martxako Nazioarteko V. ekintza.


Emakumeen Mundu Martxa, nazioarteko V. ekintza
Mugak apurtzeko deia luzatu dute Hendaia eta Irun artekoa zeharkatuz

Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! lelopean iazko urrian abiaturiko Emakumeen Mundu Martxaren Euskal Herriko V. ekintzari bukaera eman diote 400 bat lagunek martxoaren 6 honetan. Manifestazio koloretsu baten bidez Hendaia eta Irun lotuz eta muga... [+]


2021-03-02 | ARGIA
Emakumeen Mundu Martxaren amaierako manifestaziora joateko izen-ematea zabaldu dute

Martxoaren 6an egingo du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak V. Nazioarteko Ekintzaren amaiera ekitaldia, Irun eta Hendaia artean. Azaldu dutenez, "planteamenduan hainbat aldaketa egin ondoren, mugen eta transnazionalen kontrako mobilizazioa deitzea" erabaki dute... [+]


2021-02-22 | ARGIA
Martxan da Emakumeen Mundu Martxaren V. Nazioarteko Ekintza

Larunbatean hasi zen ibilaldia herriz herri ibiliko da hilaren 27ra arte. V. Nazioarteko Ekintzari martxoaren 6an emango zaio itxiera Irun eta Hendaia arteko mugan.


Migrazio politikak eta transnazionalen jarduna salatuko ditu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak

Migrazio politikak eta transnazionalen jarduna salatuko ditu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak aurten, Nazioarteko V. Ekintzaren harira.


2021-01-25 | ARGIA
Aintzane Pujanaren hilketa matxista gaitzetsi dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte urtarrilaren 22an, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta. Aintzane Pujanarena hasi berria den urteko lehen hilketa matxistatzat hartua izan da.


Begirada dekolonialak zeharkatuko du Euskal Herria, Emakumeen Mundu Martxak abiatutako ekintzaren eskutik

Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintza abiatu dute larunbatean Irun eta Hendaia arteko mugan, martxoaren 6a bitarte herriz herri ariko dena. Transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak ikusmolde dekolonialetik behatzera animatu dituzte herritarrak.


Nalu Faria
“Erresistentzian egon arren, bertatik bizitza antolatzeko beste era batzuk sortzen joan gaitezke”

Psikologia ogibide duen feminista brasildarra da Nalu Faria. Emakumeen Mundu Martxako nazioarteko komiteko kidea eta mugimenduak bere herrialdean daukan koordinazio taldeko partaide da. Urrian Bilbon egin den nazioarteko topaketaren baitan, Bolsonaro Brasilgo pesidentziara heldu... [+]


Imajinatu herri feminista bat

Imajinatu sistema kapitalista heteropatriarkalean bizitzeak eragiten duen zamarekin, eta arnasa hartzeko premia larriz, oheratzen zarela ostiralean. Larunbata izan arren inguratzen zaituen egitura zapaltzailea bihar ere hortxe egongo dela jakin badakizu, baina asteburuaren... [+]


2018-10-23 | Iñigo Igartua
Feministon Herria eguna larunbatean ospatuko da Bilbon

Aste osoan Bilbo jasotzen ari den Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketaren ekitaldi nagusia izanik, guztion indarrak batu eta askotariko alternatiba feminista erakustea izango du helburu ekimenak.


Eguneraketa berriak daude