argia.eus
INPRIMATU
Denboran atzera eta aurrera
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2017ko ekainaren 06a
Bidaia. Zingira. Autoekoizpena , 2016

Bidaia guztiak ez dira berdinak eta badira batzuk zugan arrasto berezia uzten dutenak. Halakoa da Oñatiko Zingira talde misteriotsuak eskainitakoa: misteriotsua diot, eramaten gaituelako rockak iraganean lantzen zituen kantuetara, birtuosismoan, apaingarrietan eta giroen sortzean gailurra egin zuen garaietara. Badirudi denboran atzera egin dugula nabarmen, halako paisaiak ekarriz, baina ez da horrela; eta badauka gaur egungotik ere. Izan ere, ez da ohikoa bidaia batez gogoeta egitean iragana eta garaikidea nahastea, ezta denboraren igaroaren eta iraupenaren kontzeptua albo batera uztea; ezta ekipajean mellotron, hammond zein kanpaiak garraiatzea ere. Hori guztia dauka pertsona bakarrak sortu, garatu eta gauzatutako proiektu honek.

Natura da autoekoitzitako disko zaindu honetan uneoro presente dagoen ispilua, bizitzako pasarte honetako bidaide duguna. Diskoa zabaltzeko ardura duen Hostoak-ek aurreiritzi guztiak alde batera utzita azal berri batekin Camel taldea, pop-a, sintetizadore espazialak eta 70eko hamarkada bukaerako The Trooper-en antzeko erritmora pausoak ematera gonbidatuko zaitu. Amildegi-n, zeinak baduen damutik eta ertzetik igarotzetik, teklatuen laguntzaz eramango zaitu progresibo gogor eta garaikidearen pasabide barrura. Bidaiari-k tuneleko beste muturrean itxaron eta melodia nabarmeneko folk jantziarekin egingo digu harrera, nahiz eta bidean isolatu ahala laino ilunek inguratuko gaituzten. Ipar haizea gelditzeko etorri da eta horretaz jabetuta sintetizadoreek zein urruneko flamenkoak ongietorria egiten diote. Geldiune instrumental bat egingo dugu Oñatiko Araotz auzoko gune parekaezinean, Sandaili-k berez duen magiaz bustitzeko; horretarako nahikoa da sintetizadorearen suaren inguruan Jethro Tull, euskal folka, jazza eta flamenkoa akelarrean batzea. Eta naturaren zikloari amaiera emateko Bazen behin ilargia, sinfoniko, pop eta latinotik edan eta mozkortzeko.

Sei kantu distiratsu eta maiestatetsu hauen atzean pertsona bakarra aurkituko dugu; Euskal Herrian stoner-rocka lantzen aitzindari eta luzaroan maisu izandako Sharon Stoner taldeko abeslari eta baxu-jotzaile izandako Iñigo Ibarrondo oñatiarra. Sharonen geldiune luze bati probetxua hartuz, Ibarrondo bere kabuz, mimo handiz, sormen ireki eta aseezinez, pieza hauen egitura landuak josten aritu da. Berak grabatu ditu instrumentu ia guztiak, nahastu eta diskoa ekoiztu, nahiz eta azken pausoan, Sharon Stoner taldeko kide dituen Egoitz Olalde bateria-jotzaileak eta Mikel Zarketa gitarra-jotzaileak grabazioan lagundu duten.