argia.eus
INPRIMATU
Adiskidetasunaz
  • Euskal irakurlearentzat ezaguna da egile hau. Aurretik, Pamiela etxean plazaratuak, baditu dozena erdi bat lan (Urdin txiki eta Hori txiki, Frederick, Igeritz, Matiasen ametsa, Nadarin, Munduko etxerik handiena) eta hauetara hurbildu denak jakingo du tematika aldetik ezberdinak izanik, guztietan nabarmentzen dela egilearen estilo propioa. Artearen mundutik etorritako baten estiloa, esango genuke; ez baitugu ahaztu behar Leo Lionnik irudigintza eta eskultura ere landu zituela, margolanetan aritzeaz gain.

2017ko ekainaren 06a
Alex eta sagu mekanikoa Leo Lionni. Ilustratzailea: Leo Lionni Itzultzailea: Manu López Gaseni. Pamiela, 2017. 32 orrialde

Oraingoan, gainera, liburuak mezu argia transmititzen du. Saguen arteko kontuaz ari zaigu Lionni. Hasieran Alex sagua iheslari ageri zaigu: “Lagundu! Lagundu! Sagu bat! / Gero burrunba bat. Katilu, platertxo eta goilarak alde guztietatik hegan. Alex arineketan itzuri zen sagu-zulorantz, bere hankatxoek uzten zioten bezain azkar”. Izan ere, Alex gaixoak ez du atsedenik, berak janari pixka bat nahi (papur gutxi batzuk) eta horren ordez oihuak eta erratzaren mehatxuak jasotzen ditu etengabe.

Alexek, baina, egun batean kirrinka bat entzun eta beste sagu batekin egingo du topo etxean. Sagu mekaniko bat, bi gurpiltxo gainean eta bizkarrean duen giltzari esker ibiltzen den sagutxoa.

Alexek Gille sagu mekanikoa bezalakoa izan nahi du, Aneren jostailurik gogokoena, etxekoen artean goxo egoten dena, “gauez burko zuri bigun batean lo egiten duena panpinaren eta peluxezko hartz iletsuaren artean”. Eta horrela, eginahalak egingo ditu sagu mekaniko bilakatzeko. Eta hori gertatu behar den unean, sagu bat beste baten gisa truka daitekeen unean Alexek deskubrituko du sagu mekanikoa zaborretara bota dutela, jostailu zaharrak bota eta berriek hartu dutelako haien lekua. Orduan, Alexen barnean dagoen bihotz zabal horrek irtenbidea bilatuko du biontzat, sagu mekanikoarentzat eta berarentzat.

Ilustrazioetan ohiturik ez gauzkan kolore bizitasunak are ederragoa egiten du lan hau. Katiluak, panpinak, etxeko hormetako paperak, oheko arropa edo musker magikoa kolore biziz margoturik daude, bizi eta ugariz, konbinazio alaiak eta bitxiak sortaraziz. Horien alboan, ordea, Alexen (eta Gille sagu mekanikoaren) grisa dugu, baina Leo Lionnik aurreko lan batzuetan ere ederki lortu duen bezala, saguaren sentimenduak, sentsazioak ederki islatzen dira.

Liburu benetan ederra da Alex eta sagu mekanikoa hau, adiskidetasunaren inguruan eginiko liburu estetikoenetako bat. Itzulpenak ondo korritzen du eta istorioa oso ondo jarrai dezakete haur txikiek ere. Isiltasuna eskatu, borobilean jarri, edo zure ondoan eserita, eta hasi zaitez… “Oihu bat entzun zen. / Lagundu! Lagundu! Sagu bat!”.