“Hau ezin da izan aldaketa politikoak ekarri behar zuen guztia”

  • Nerea Fillat iruindarra aktibista da. Kontraboterea, feminismoa, elikadura burujabetza eta eraldaketa soziala moduko kontzeptuak egunerokoan tresna eraginkor eta emankor bihurtze aldera lanean dihardu.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Nerea Fillat Oiz (1977, Iruñea)

Historian lizentziaduna eta Arkeologian espezializatua. Lana eta eraginkortasun politikoa elkartzen dituzten enpresen bultzatzailea: Eguzki Bideoak kontrainformazio kolektiboa, La Hormiga Atómica liburu-denda eta orain Katakrak liburu-denda, kantina, eta ideien gunea.

Non daude zure pentsaera politikoaren lehen oinarriak?

Nire bizitza baldintzatu duen elementu oso garrantzitsua izan da ikastolan ikasi izana, 80ko hamarkadan Iruñean ikastolen inguruan egon zen mugimendu horretako partaide izatea. Eszenatoki politikoan, horrelako gauzek sakonki baldintzatzen zaituzte, hiriko mapan hizkuntzaren afera garrantzitsua denean. Oso eraginkorra izan zen guregan, ez soilik hizkuntzarengatik, baita garai hartan ikastolek zuten zentzu komunitarioarengatik ere. Ideia komunitario horri zentralitatea eman nahi izan diot nire bizitza osoan.

Zure ikasketak eta lehen lanak harri zaharren artean kokatzen dira?

Historia ikasi nuen eta historiaurrean espezializatu Nafarroako Unibertsitatean eta Madrilgo Complutensen. Arkeologia maite dut eta arkeologo lanean aritu nintzen hainbat urtez. Espainiako higiezinen burbuilaren garaia zen orduan eta egin ziren hainbat eta hainbat lan publikoren ondorioz, arkeologoek lan pila izan genuen. Ikasi eta berehala hasi ginen lanean, krisia iritsi arte.

Asko sufritu behar izan zenuen ondare suntsipenarengatik?

Gazteluko Plazako aparkalekua bezalako afera gogorretan ez nintzen aritu, baina Iruñea eta Logroño lotzen dituen Bideko Autobidean adibidez bai, eta Lizarra aldean aztarnategi asko daude. Oso metafora argia da ikustea nola pasatzen diren hondeamakinak ondare arkeologikoaren gainetik. Horrek ez du zentzurik, baina, finean, erabaki politikoak dira eta kito.

Nola pasa zinen indusketetatik Eguzki Bideoak ekimenera?

Tarte batez kultur ondarea eta turismoa lantzen zituen enpresa batean aritu nintzen lanean, baina utzi nuen beste grina batzuk sentitu nituelako. Enpresa politikoak deitzen ditugunak sortzen ari ziren, oso gertutik ezagutzen nituen. Lana eta eraginkortasun politikoa elkartzen dituzten figurak ziren eta horretan murgiltzea erabaki nuen.

Eguzki Bideoak kolektiboan hasi nintzen parte hartzen. Oso mugimendu interesgarriak egon ziren 2000. urtearen bueltan. Alde batetik, krisia oraindik ez zen gero izan zena bezain sakona, eta beste aldetik, garai hartan gertatu zen mundu analogikotik digitalerako jauzi erraldoia. 2004an, Iruñeko Udalak Euskal Jai gaztetxea hustu eta eraitsi zuen. Mundu mailan, antiglobalizazioaren zikloaren amaiera iritsi zen. Ondorioz, lana eta militantzia elkartu zitezkeela pentsatu genuen. Eguzki Bideoak kolektiboan hiru pertsona hasi ginen lanean, guk “experimento” deitu genion ekimen hartan.

Argazkia: Dani Blanco.

Helburua zein zen?

Ni iritsi nintzenerako haiek hamar bat urteko ibilbidea zuten egina, Eguzki Irratitik abiatuta. Kontrainformazioaren ildoari jarraikiz, ikus-entzuneko kontrainformazioa egitea zen helburua: kolektiboak grabatzea, dokumentalak egitea… Digitalizazioaren etorrerarekin ekoizpena nabarmen azkartu zen. Garai hartan, gainera, jende gehiagorekin elkarlanean aritu ginen, Itoizko urtegiaren edo gaztetxearen hustuketaren kudeaketa informatiboa antolatzeko, adibidez. Oso garrantzitsuak izan ziren gatazka horiek bizi genituenontzat. UPNk oso ongi zekien zertan ari zen. Kontrabotere guneak oso ongi ezagutzen zituen eta bazekien zein ondorio ekarriko zituen haiek kolpatzeak. Gaztetxea bota zutenean gune horietako asko desartikulatu eta pertsona asko umezurtz gelditu ginen. 

Higiezinen zikloaren argazkia oso latza da. Hala ere, konplizitate eta mugimendu oso interesgarriak sortu ziren ondoren. Hemengo kooperatibetatik, beste hirietako mugimenduen ereduetatik eta gaztetxearen inguruko taldeetatik sortu zen humusa beste proiektu batzuk abiatzeko, horietako bat La Hormiga Atómica liburu-denda. Katakrak bada mugimendu horien jarraipena. Katakrak ezin da ulertu La Hormiga gabe.

“Zaintza baloratzen ez den bitartean, ez dago ezer egiterik ez politika instituzionalean, ez kooperatibetan, ez kolektiboetan, ez inon. Zergatik egin behar zaio uko zaintzari? Lantzen ditugun eredu horiek guztiek ez dute balio, horretarako denborarik ez badugu”

Tamainaz gain, zer alde dago bata eta bestearen artean?

Helburua, hirian duen eragina, eraginkortasuna, lanean ari den jende kopurua, forma juridikoa, proiektuak… Orain gaitasun handiagoa dugu beste hainbat gauzatan eragiteko. Hemengo kantinan eta tabernan elikadura burujabetzaren inguruan egin diren gogoetak oso garrantzitsuak izan dira, esate baterako. Esparru honetan lan egiteko modu berri bat eratu dugu: ekoizleekin konfiantzako harreman zuzenak ezarri, sareak sortu, errespetuzko harremanak bermatu, prezio justuak mantendu, eta batez ere, toki bat zabaldu dugu non produktu horiek kontsumitu daitezkeen modu errazean. Funtsezkoa bide hori sortu izana da. Gauza bera esan genezake liburu-dendaz, ekitaldi aretoaz eta berriki sortu dugun argitaletxeaz.

Garrantzitsuena da ikustea nola Katakraken inguruan sortzen diren harremanetatik beste batzuk sor daitezkeen. Harreman bertutetsuak dira.

Adibidez?

Oso tematua nago ikastetxeetako jantokien ereduarekin. Gaur egun zabalduta dagoen eredua, catering zerbitzuak irizpide pedagogikorik gabe, ezin dugu onartu gure seme-alabentzat. Hemen eta hau bezalako espazioetan sortzen diren harremanetatik etor daitezke erantzunak. Iruñeko Udalaren Haur Eskoletan hasi dira bertako elikagai ekologikoetan oinarritutako elikadura eredua ezartzen eta hurrengo pausoa izanen da eskola guztietara eramatea. Bagoaz aurrera. Ez da guk sortu dugun mugimendua, baina gu prozesu horren parte gara.

Toki fisiko bat izatea noraino da garrantzitsua harreman horiek gauzatzeko?

Ezinbestekoa da. Hala ere, esparru fisiko handia izateak lan handia dakar eta horregatik agian ez ditugu oraindik lortu hasieran genituen helburu batzuk, esate baterako eztabaida politikorako denbora gehiago izatea.

Argazkia: Dani Blanco.

Baina Katakrakek ekarpena egin dio Nafarroako aldaketa politikoari…

Bai. Hau izan zen eztabaida saioetan alderdi politiko guztietako kideek parte hartu nahi izan zuten toki bakarra, adibidez. Baina hemendik aurrera ez dago erantzun itxirik, egoera itxita ez dagoelako. Oraindik ez dugu definitu Katakrakek zein egiteko izan dezakeen oraingo Iruñean. Sortu zenean argi zegoen hiriak behar zuela esparru bat handia, anitza, baldintzarik gabea, non eztabaida politikoak eta bestelakoak sor zitezkeen, halako jardueretarako udalak ez baitzuen deus eskaintzen. Orain Udalak amatavox edo kultur zentroetako baldintzak aldatu ditu, denon zorionerako, eta horrekin batera gure egoera ere aldatu da.

Hurrengo hauteskundeetan aldaketak jarraituko duela uste al duzu?

Aldaketa mantenduko da sinesgarria baldin bada. Ez dauka beste deus. Orain ez da bereziki sinesgarria. Ezin dut sinetsi aldaketan gaudenik. Badakit gauza batzuk hobetu direla, eta ongi dago, baina minimoa iruditzen zait. Hau ezin da izan aldaketa politikoak ekarri behar zuen guztia. Hiri hau oraindik oso gogorra da jende askorentzat.

Argitaletxea sortu berri du Katakrakek. Zein helbururekin?

Kapitalak gogoko ez dituen harremanik sortzen ez badugu, esan nahi dut, konfiantza eta burkidetasuna helburu dutenak, ez dugu bermatuko bestelako bideak ireki ahal izatea. Baina kontuan hartu behar dugu dena ez dela mikro politikoa, gainazalean ere eztabaidatzea garrantzitsua da eta horregatik zabaldu dugu argitaletxea. Beste eztabaiden mailan eragiteko tresna jarri dugu abian. Zein liburu argitaratu nahi dituzun hautatzen duzunean, zein tokitan egon nahi duzun erabakitzen ari zara eta zein ideia hartu nahi dituzun eztabaidetarako abiapuntu gisa.

Zer da feminismoa?

Askatasun handiagoa lortzeko bide bat. Feminismoak proposatzen dituen harremanak gauzatuko balira, mundu askatzaileagoa sortzeko aukera izango genuke. Lana, kontsumoa, egitura guztiak, erabakitzeko modua, zer den errespetua, zer den garrantzitsua… kontzeptu horiek guztiak sistema patriarkalean oinarrituta daude. Feminismoa da harreman horiek guztiak aldatzeko tresnetako bat, garrantzitsuenetarikoa, nire ustez.

Une honetan oso tresna eraginkorra ari da izaten, muga asko izanik ere. Hortik izendatutako gauza ugari gizartearen erdigune bilakatzen ari dira gaur egun: bortizkeria; sexu erasoen kontrako jarrerak; erakunde, alderdi politiko eta esparru publikoetan emakumeak egoteko beharra… Hori dena aspalditik aldarrikatzen da feminismotik eta gaur egun hedabideetan ditugu egunero. Aurrerapauso handia da.

“Iruñea oraindik oso gogorra da jende askorentzat”

Parekotasunaz zer iritzi duzu?

Ez dut uste parekotasuna irtenbide bakarra denik. Ez da askatzeko bidea, baina erabakimen postuetan soilik gizonak egotea okerrago da. Beraz, lan egiteko tresna da. Kontraesan horretan bizi naiz. Bestalde, kuoten bidezko banaketak edo kremailera zerrendak egiten direnean, entzuten da emakume batzuk ez daudela aski prestatuta zenbait kargutara iristeko, baina ez dago argi hor dauden gizonak haiek baino hobeak direnik. Balore patriarkaletan oinarritutako pentsamenduaren ondorioa da.

Eta amatasuna? Batzuetan ematen du azalpenak eman behar direla ama izan nahi izateko.

Zainketen krisiaren ondorioa da azalpenak eman behar izatea. Zaintza mahai gainean dugun erronka handi bat da. Hemen bizia antolatuta dagoen bezala, zaila da jendea errespetuz edo egin nahi den bezala zaintzea. Horregatik azken urteotan eztabaida sakonak daude amatasunaren inguruan. Batzuek eredu berriak proposatu dituzte, zainketa naturalen ingurukoak esate baterako, baina ez nago seguru horiek askatzaileagoak direnik, hain zuzen ere komunitateaz eta baldintza materialez mintzatzen ez direlako.

Katakraken amatasunaren inguruan eztabaidatzeko eta pentsatzeko taldetxoa sortu genuen iaz, eta Amatasuna, ekonomia eta komunitatea hitzaldi sorta antolatu zuen. Ekainean ama eta kartzela gaiaz arituko gara eta hemendik gutxira alokairuzko sabelei buruz.

Etorkizunari begira zer sumatzen duzu?

Ezin dut erantzun borobilik eman. Katakrak ereduan sakondu behar dugula uste dut, ikuspuntu anitza eta kolektibotasuna zentroan jartzen dituena. Gauza gehiago ere baditut esku artean, baina egunean ordu gehiago beharko nuke. Saiatzen naiz oso muga itxiak jartzen eta hemendik kanpo gauza konkretuei eusten. Hala ere, argi dago militantziaren eredua gizon aske batena dela. Bilera guztiak arratsaldeko zortzietan dira, eta nik adibidez, bi ume txiki izanda, askoz zailagoa daukat dinamika horietan parte hartzea. Hori ikusten ez den arte, zaintza baloratzen ez den bitartean, ez dago ezer egiterik ez politika instituzionalean, ez kooperatibetan, ez kolektiboetan, ez inon. Zergatik egin behar zaio uko zaintzari? Zergatik ez du izan behar eramangarria? Lantzen ditugun eredu horiek guztiek ez dute balio, horretarako denborarik ez badugu. Hori da feminismoaren erronka: erabakitzea zein gauza diren garrantzitsuak eta horiei bere lekua ematea.

Azken hitza: Gizon feministak

“Nik ez dut esaten gizonak ezin daitezkeenik feministak izan, baina zaila egiten zait pentsatzea haiek zein toki izan dezaketen militantzia feministan. Feminismoa landu nahi duten gizonezkoei esanen nieke, politikoki eraginkorrena litzatekeela pauso bat atzera ematea, eta haien artean, gizonen artean, feminismoak planteatzen dizkien aferez hitz egitea. Haien bidea eratu behar dute eta horretarako haiek egin behar dute lan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
2024-10-03 | Gedar
24 orduko barauak egingo dituzte aste honetan Euskal Herrian, Palestinarekin elkartasunez

Ostegun arratsaldean hasiko dira baraualdiak, eta bost gune antolatu dituzte ekimenari lotuta: Bilbon, Altsasun, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Larunbat eguerdian, berriz, manifestazio handi bat egingo dute Bilbon, palestinar erresistentziarekin elkartasunez eta... [+]


EHUko Zuzenbide fakultateko ikaslea
“Hasieratik neurri zorrotzak hartu beharrean, ikasleen erantzun irmoaren zain egon da EHU”

Azken egun hauetan, "Faxistak kanpora!" lelopean EHUko Zuzenbide fakultatean eramandako borroka antifaxistaz hitz egin dugu anonimotasuna atxiki nahi izan duen ikasle batekin. Sare sozialetan frankismoa goraipatzen eta mezu xenofobo, matxista eta homofoboak zabaltzen... [+]


2024-10-02 | Leire Ibar
Emakumeenganako diskriminazio sexista %18,5 igo da azken bi urteetan

Honakoa dio Arartekoak argitaratu duen ikerlanak. Jarrera matxisten inguruko azterketak Euskadiko nerabe eta gazteetan jarri du fokua. Diskriminazio gehien gertatzen diren espazioak kalea eta sare sozialak dira.

 

 


2024-10-02 | Julene Flamarique
Lan-baldintza “miserableak” salatu zituzten langileak kaleratu ditu The Champions Burgerrek

Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak The Champions Burger jardunaldian langileek pairatzen dituzten lan-baldintza kaxkarrak salatu zituen aurreko astean The Champions Bugerrek langileak esplotatzen ditu lelopean.


Enarak beti itzultzen dira

Maule, 1892. Zaraitzu ibarreko zortzi emakume espartingile Zuberoako hiriburutik etxera abiatu ziren, baina bidean, Larrainen, elurteak harrapatuta, hotzak hil omen zituen denak. Zortzietatik zazpiren izenak iritsi zaizkigu: Felicia Juanko, Felipce Landa, Dolores Arbe, Justa... [+]


Gorputz hotsak
“Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten”

Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]


“Esplorazio martxak” egingo dira Amurrion ikuspegi feministatik, hiri segurtasuna hobetzeko

Hainbat saio zuzenduko ditu Col·lectiu kooperatibak urriaren 1, 2 eta 3an, eta espazio publikoetako segurtasun-pertzepzioan eragina duten elementu fisikoak eta sozialak identifikatzea izango dute helburu.


Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1870eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


Emakume* Abertzaleen X. Topaketa egingo dute azaroaren 16an Laudion

Egun osoko egitarauarekin elkartuko dira, eta Euskal Herria feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu nahi duten zehazten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dute.


Manteroekin Bat
“Ez dirudi agintariek benetako interesa dutenik manteroen egoera konpontzeko”

Manteroek azken hilabeteetan Bilbon bizi duten egoeraz aritu gara Manteroekin Bat plataformaren barruan dauden hiru elkartetako kideekin: Boubacar Diouf (Mbolo Moye Doole), Luisa Menéndez (Ongi Etorri Errefuxiatuak) eta Elena Bezanilla (Bizkaiko SOS Arrazakeria). Salatu... [+]


2024-09-24 | ARGIA
Musika munduko emakumeen erantzuna Alex Sarduiri: “Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago”

Musikan inoiz ez dela diskriminaziorik egon adierazi du Alex Sardui abeslariak, eta haserre erantzun diote Euskal Herriko musikagintzako emakumeek*, 150 lagunek sinaturiko komunikatuan: “Denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta”. Barkamena eskatu du... [+]


Palestinarekin elkartasunean manifestaziora deitu dute urriaren 5ean Iruñean

Su etenaren aldeko kolektiboek, osasun langileek, suhiltzaileek, kirolariek…bat egin dute Golem zinemetatik irtengo den protestaren deialdian. Duela urtebete gogortu zen sarraskia salatu eta 76 urtez luzatu den Palestinarren borrokari elkartasuna adierazteko manifestazioa... [+]


Eguneraketa berriak daude