argia.eus
INPRIMATU
Jende apasionatua gauza ederrak egiten
  • Usopop Festibalaren kronika. Maiatzaren 27an, Saran. Taldeak: Totorro, Laish, Bigott, Petit Fantôme, Paxkal Irigoyen & Kontsumo Orkestra, Howdy SS.

Kepa Matxain 2017ko ekainaren 01a
Argazkia: @usopopfest

Apustu segurua bihurtu da Usopop festibala. Lasai joan zaitezke kartelaren hiru laurdenak ezagutu gabe, antolatzaileen usaimena aski berme baita jakiteko eszenatokia zapalduko duten musikariek benetan merezi dutela. Hala izan da aurten ere. Laish britainiarren pop atseginarekin ireki zituen ateak jaialdiak. Paxkal Irigoyen eta bere Kontsumo Orkestra hasi ziren segidan, eta, mugikorrak eta kamerak itzaltzeko galdeginda, mantso liseritzeko doinuz bete zituzten Lizarrietako parajeak. Petit Fantome taldearen gitarra gandutsuek lehertu zituzten lehen gerri mugimenduak. Izango zuten horretan zerikusirik tarteka shoegazingera tarteka elektronikara gerturatzen ziren doinu indartsuek, eta baita ordurako entzuleek
–bero sapa arintze aldera– dzangatutako Bob´s Beer guztiek ere. Eta amaitzeko, Totorro, bere erritmo puskatuekin, atzealdean sendo, errematean azti, harmailetan zoramena sortuz.
    Baina Usopopek irribarrea piztarazten badu, ez da kartel apartagatik –bakarrik–. Hiru elkarrizketatik bitan agertzen zen miresmen hegoaldezentrista hori, gutxi asko horrela labur daitekeena: “Mugaldeko hauek bai jakin gauzak ondo egiten! Beste ezpal batekoak ditunk”. Ez bakarrik ohiko detaile zainduengatik –tipi estiloko kanpadendak, koloretako bonbilak, kandelak–. Merchandisingean ere bidea erakusten ari dira Usopopekoak. Ez metxerorik, ez poltsarik, ez kamisetarik. Zer eta galtzerdiak atera dituzte –pentsa daiteke, hortaz, epe motzean galtzerdiak bihurtuko direla distintziorako behin betiko prenda. Adi azpialde horretan janzten duzuenarekin–.
    Gauzak desberdin egiten hasita, desberdin egiten dute karaokea ere. Kontzertuak amaitzean, hartz handi eta txiki guztien argipean, Los Chimberosekoen zuzeneko musikak girotuta hartu zuen mikroa jendeak. Han ez zen playbackik. Eta errepertorioa, ezin orekatuagoa. Aurrena Hotel California, gero La Bamba, eta amaitzeko, inoiz karaoke baterako egin den pieza perfektuena: Latzenen Laztana. Dena dauka: epika, erritmo pausatua, pasioa. Mikroari Xabier Euzkitzek bezala helduta, luzitzeko aukera ematen du, eta jendea gorputz eta arima entregatzen da, kasik lepoan zaintiratua egiteraino. Gauza jakina da Euskal Herrian ez dagoela amonaren bilobarik talde horren beste kantu bakar bat abesteko gai denik, baina horiek txikikeriak dira. Laztana bezalako hit-a sortu duenari dena barkatzen zaio.
    Halako gogoetetara iristen zen bat, igande arratsaldez, Sarako plazan, festibala ixteko Bigott taldeak emandako kontzertuari adi. Eta otutzen zaizu baietz, apustu segurua bihurtu dela Usopop festibala, baina ez musika eskaintzagatik bakarrik. Begiratzen duzu ingurura, ikusten duzu jende apasionatua gauza ederrak egiten, eta pentsatzen duzu ezin zaiola gehiago eskatu jaialdi bati. Dena baitauka Usopopek, baita bere mitoa ere. Kondairak dioenez, bada ezkutuko indar bat Lizarrietara igotzeko bihurguneetan, gutxien uste duzunean jokaldi makurren bat egiten dizuna. Orain bi urte Pettiren autoa amildegira erori bazen, aurten komunaren karabana –kakamioia, lagunentzat– irauli zen errepide erdian, sekulako auto ilarak sortuz. Jaialdia ordubetez atzeratu arren, jendeak txantxaz hartu zuen gertakaria. Denen ahotan kontu bera: eskerrak goranzkoan irauli den, beheranzkoan beharrean. A ze estanpa bestela.
    Mitoa puzten segitu nahi duenak badu zer makinatu datorren urtean.