“Medikuntza eta psikiatria gizartetik bereiz daudela uste dugu, baina ez da hala”

“Aztertu ditudan kasuen %90 ingururen arazo nagusia erruduntasuna zen. Eta errudun sentitzen ziren amatasuna gizarteak eskatzen zuen bezala ez eramateagatik, sexu desira izateagatik... Emakume rola egoki ez betetzeagatik”. (Arg.: Dani Blanco)
“Aztertu ditudan kasuen %90 ingururen arazo nagusia erruduntasuna zen. Eta errudun sentitzen ziren amatasuna gizarteak eskatzen zuen bezala ez eramateagatik, sexu desira izateagatik... Emakume rola egoki ez betetzeagatik”. (Arg.: Dani Blanco)

Zure ikerketaren oinarrian zortzi emakume daude. Nor dira emakume horiek, nola aukeratu dituzu?

Abiapuntua nire birramona izan zen. 1935ean ingresatu zuten eta 1986ra arte egon zen psikiatrikoan. Ikerketarako oinarria zabaldu behar zen, baina argi neukan ez nuela “mikro” ikuspegi hori galdu nahi. Psikiatriko baten artxiboan lanean aritu nintzen: 1937koak ziren lehen historiak, eta urte horretatik 1950era artekoen artean zazpi aukeratu nituen… Zergatik zazpi horiek? Irizpidea arrazoiz justifikatu behar nuke akademiak hala eskatzen didalako, baina irakurri ahala nigan zerbait sortzen zutenak aukeratu nituen. Argi nuen emakumeak izango zirela, garrantzitsua iruditzen zitzaidalako lantzen ari nintzen ikuspegi feministatik kasu horiek aztertzea.

Garai jakin bateko psikiatrikoak eta psikiatria aztertu dituzu, frankismokoak. Zer berezitasun ditu garai hartako psikiatriak?

Psikiatriaren ikuspegia aldatu behar dugu, nire ustez. Izan ere, aplikatzen zen psikiatrian eragin handia zuen Espainiako Estatuan zegoen egoera politiko eta sozialak. Eta gaur ere hala da. Psikiatriaren ezaugarriak, azkenean, frankismoaren berberak ziren. Kasu askotan oso psikiatria biologizista zen, alegia, gorputzean zegoen gaixotasuna; baina, katolizismoak zuen indarra dela eta, moralak ere bazuen eragina. Medikuntza eta psikiatria gizartetik bereiz daudela iruditzen zaigu, baina ez da hala, erabat baldintzatuta daude.

Gainera, psikiatrikoak askotan izaten ziren benefizentziako erakundeak, eta asko ziren elkarte erlijiosoek sortutakoak. Horrek eragin zuzena zeukan ez bakarrik bertan zegoen tratuan, baita egiten ziren diagnostikoetan ere. Ikusten badituzu garai hartako psikiatriako tratatuak erabat baldintzatuta daude. Morala eta katolizismoa medikuntzaren oinarritzat zituzten.

Psikiatria, beraz, arauak betearazteko tresna ere bazen?

Hala zen. Birramonaren kasua aztertzen hasi nintzenean, beste arrazoi batzuk zirela eta, beste herrialde batzuetan idatzitako testuetara jo nuen, hemen oso gutxi aztertu izan den zerbait baita, batez ere genero ikuspegitik. Konturatu nintzen eroei edo eromenari buruzko testuetan agertzen zena gizonezko ero brillante bat izaten zela. Ideia erromantikoa zuten. Alde horretatik, garrantzitsua iruditzen zitzaidan emakumeak aztertzea. Historiak ikustea garrantzitsua da, teoria gauza bat baita, baina emakumeen historiak ikusten dituzunean eta, gainera, emakumeek berek idatzita ere irakurtzen dituzunean, ohartzen zara gizarteak agintzen duenak zer neurritan eragiten duen beren jarreran, arazoetan, kezketan… Eta ohartzen zara gizarteak markatutako roletik ateratzen zirenak gaixotzat jotzen zirela.

Orain atzera begiratzen dugunean eta urte haiek aztertzen ditugunean, esaten dugu “hara, pentsa, pertsona hauek epileptikoen leku berean sartuta zeuden…”. Baina nik askotan egiten dudan galdera da, 2050ean 2017a begiratuko ote dugu, eta esan “hara, pentsa…”? Uneko egoerari oso lotuta dago psikiatria. Aztertu ditudan kasuetan, erruduntasuna zen %90 ingururen arazo nagusia. Eta errudun sentitzen ziren amatasuna gizarteak eskatzen zuen bezala ez eramateagatik, sexu desira izateagatik… Emakume rola egoki ez betetzeagatik.

Tesiaren izenburuan Azpimemoria aipatzen duzu eta Antibiografia da zure laneko beste kontzeptu garrantzitsu bat.

Antibiografia da Ignasi Terradas antropologoak planteatzen duen teknika. Eliza Kendalli buruzko liburu bat idatzi zuen, kapitalismoa ia bere garai bortitzenean zegoenean bere burua ibaira bota eta hil zuen langile bati buruzkoa. Emakume horren aipamena liburu baten oin-ohartxo batean baino ez da azaltzen. Horretan oinarrituta, Terradasek planteatzen du daturik ez dugun pertsona bati buruz idaztea, haren antibiografia lantzea, gizarteak ezkutatu nahi duen horrek, bazterrek, informazioa ematen baitigute gizarte horren muinari buruz. Nire birramona izan zen abiapuntua, eta birramona tabua zen familian, inork ez zuen horri buruz hitz egiten, inork ez zuen galdetzen; beraz, erronka zen nola lortu historia bat sortzea apenas informaziorik ez daukazun pertsona bati buruz.

Bestalde, gaur egun memoria darabilgu hitzetik hortzera, eta gizartearen arauei jarraitzen die memoria horrek. Nik azpimemoria erabiltzen dut, memoriaren ezaugarriak ez dituenez memoria ez den zerbait.

Gaur egungo psikiatriko batean ere aritu zara lanean. Zer lortu nahi zenuen?

Ikerketan aurrera egin ahala ohartu nintzen, artxiboan aurkitu nituen eskutitz ugariri esker… Txostenetan askotan ikusten zenituen eskutitzak bidali gabe gordeta. Baita bidali zizkieten eskutitzak ere. Ez dakit jaso eta segidan gordetzen zituzten, edo irakurtzeko eman ondoren. Pertsona hori benetan nola zegoen jakiteko erabiltzen zituzten.

Konturatu nintzen idazteko modua eta orrialdea erabiltzeko modua ez zirela ohikoak. Eskutitz batzuk horizontalean eta gero gainetik bertikalean idatzita zeuden; edo orrialdea beste era batera beteta zegoen, edo esaldiak amaitu gabe… Horrek ikusarazi zidan oso era arrazionalean ari nintzela eromenaz idatzi nahian, testu akademiko bat osatzeko, hain zuzen. Hori urruntzea zen, eta nik ahalik eta gertuen egon nahi nuen. Antropologian landa-lana egiten dugunez, ez dakit zenbat hilabetez ibili nintzen haiekin. Literatura-tailer bat ere egin genuen, borondatezkoa: irakurri eta idatzi egiten genuen, eta han idazten zituztenak ere erabili nituen ikerketan.

Isiltasunera kondenatuta

“Paul B. Preciadok dio gaur egun garrantzitsuena ekoizle semiotikoa izatea dela, gauzak era batean azaldu ahal izatea... Eta han, psikiatrikoan, konturatu nintzen izugarrizko isiltasuna zegoela. Hori izan zen deigarriena, isiltasuna. Pertsona bat erotuta dagoela esateko erabiltzen dugun justifikazioa izaten da bere diskurtsoa ez dela logikoa/arrazionala: eta, horrela, isiltasunera kondenatzen dugu. Askok esaten zidaten ‘zertarako hitz egingo dut, esaten dudan guztiak nire diagnostikoa indartzeko balio du’. Isiltasun hori ere islatu nahi nuen. Tesiaren testuan bertan hutsuneak sartu nituen, testua ez dago ohi bezala idatzita. Dena hasi zen isiltasun batetik, nire birramonaren inguruan zegoen isiltasunetik, eta gero beste isiltasun bat aurkitu nuen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Psikiatria
Biolentzia psikiatrikoa salatuko dute Bilbon, Espainiako Estatu osoko Harro Zoro Erradikalek

EAEk du elektroshockaren praktika tasarik altuena Espainiako Estatuan; Nafarroan berriz, pazienteen euste mekanikoa ohikoa da ospitale psikiatrikoko unitateetan. Psikiatrikoetako indarkeria eta gehiegizko medikazioa salatzeko, Estatuko Harro Zoro Erradikalen manifestazioa Bilbon... [+]


“Ez digute uzten gure gorputzen gainean erabakiak hartzen”

Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatearen “arreta txarra” eta “tratamendu bortitza” salatu du Izei Etxeberriak.


2023-08-30 | Reyes Ilintxeta
Vicente Madoz. Psikiatra humanista
“Pandemiarekin aurkitu ditugu izaki ahulagoak, estres egoeren aurrean gainezka egiten dutenak”

Azken mende erdi luze honetan Vicente Madoz psikiatra oso presente egon da Nafarroan osasun mentalaz, sexu-hezkuntzaz, bikote harremanez, adikzioez edo heriotzaz hitz egitean. 1960ko hamarkadan Ingalaterran ikusi eta ikasi zuena hona ekarri zuen, psikiatria berriaren oinarriak... [+]


Psikiatrikoen aurkako salaketa kalera aterako du Harro Zoroa mugimenduak asteburuan Bilbon

“Hego Euskal Herria da elektroshock gehien praktikatzen den Espainiako Estatuko lurraldea; Basurtuko ospitalean sei elektroshock makina daude”, azaldu dio ARGIAri Heiko Elbira Zoroa GAM taldeko kideak. Hori eta beste hainbat praktika psikiatriko salatzeko Harro Zoroa... [+]


Neurotikoak gara, sentitzen dut

Iragan udan, neurosiaren prebentzioari buruzko ikastaroa eskaini nuen Hik Hasiko topaketa pedagogikoen baitan. Jende askok eman zuen izena, izenburua erakargarria egingo zitzaielako, seguruena, zuzenean ematen baitzuen aditzera buruko osasuna (edo osasun eza) ez dela zorizko... [+]


2021-11-25 | Leire Artola Arin
Osakidetzak nerabeentzako eguneko bi ospitale psikiatriko ireki ditu Bizkaian

Eguneko ospitaleak Bilboko Zabalburu plazan eta Galdakao-Usansoloko ospitaleetan daude. Eusko Jaurlaritzaren arabera, haur eta gazteentzako arreta psikiatrikoa “indartu” egingo da horrela.


Eguneraketa berriak daude