argia.eus
INPRIMATU
Arrakasta izan du Nafarroako II. Azoka Ekologikoak
Garazi Zabaleta 2017ko maiatzaren 31
Argazkia: navarraecologica.org

Iruñeko autobus geltoki zaharra Nafarroako ekoizpen ekologikoaren erakusleiho bihurtu da bigarren aldiz maiatzaren 19tik 21era bitarteko asteburuan. NNPEK Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak antolatuta, egitarau zabala eskaini dute asteburu osoan ekimen ugarirekin.

“Ekologikoak, hobeki bizitzeko”

50 ekoizle baino gehiagok hartu du parte Nafarroako II. Azoka Ekologikoan, bisitariei denetariko produktuen eskaintza zabala eginez: barazkiak eta fruta, haragia, arrautzak, esnekiak eta ogia, gozokiak, kontserbak, edariak, zukuak edo ardoa. Etxeko hozkailua produktu ekologikoz ez betetzeko aitzakiarik ez zegoen.

“Nafarroako Azoka Ekologikoarekin hurbileko produktu ekologikoen ikusgaitasuna bultzatzea eta produktuok balioan jartzea da helburua. Azoka, gainera, aukera ona da elikagai ekologikoak Nafarroako jendartera hurbiltzeko”, azaldu dute azokaren antolatzaileek NNPEKren webgunean.

Postuez gain, formaziorako beta

Produktu ekologikoen eskaintzatik harago, bestelako ekimenak ere izan dira. Elikaduraren eta ekoizpen ekologikoaren inguruko hitzaldiak eta azokako produktuen aurkezpenak ez dira falta izan hiru egunetan zehar. “Baratza kritikoa” Mugarik Gabe Nafarroaren erakusketa ere ikusgai jarri dute Nafarroako Condestablen, maiatzaren 27ra bitartean.

Horrez gain, sukaldaritza erakustaldiak antolatu dituzte: sukaldariek jendaurrean prestatu dituzte beren platerak, hurbildutakoei aholkuak emanez. Makrobiotika aholkulari bat izan zen saio horietako batean, adibidez, “Astirik gabeko jendearentzako sukaldaritza” izeneko erakustaldian.

Helduak hitzaldi nahiz aurkezpenetan zeuden bitartean, etxeko txikienek ere izan dute zer egina azokan. Xaboi ekologikoa egin eta pintura ekologikoekin marraztu dute gaztetxoek haurrentzako antolatutako jardueretan, besteak beste.

Milaka bisitari jaso ditu azokak asteburuan, eta pozik agertu dira antolatzaileak lortutako arrakastarekin. Nafarroan ere produkzio ekologikoaren gaineko interesa zabaltzen doan seinale.