“Egungo ikasgela diziplina ezartzeko sistema da, ez ikastekoa”

  • Diseinua hezkuntza sistema aldarazteko tresna moduan darabil Rosan Bosch artista holandarrak (Utrecht, 1969). Montessori eskola batean hezi zuten, eta egun estudio arrakastatsua zuzentzen du. Danimarkan errotuta dago, baina mundu osoan gauzatu ditu proiektuak. Bere abiapuntua: ikasgela suntsitu, “ikasketa paisaia” bihurtzeko.

“Nork dio azterketak gainditzeko erarik onena ikasleak irakasleari begira  mahaietan banatuta ezartzea dela? Pentsamolde zaharra eta faltsua da, neurozientziak ezeztatua”. (Arg.: Aritz Loiola)
“Nork dio azterketak gainditzeko erarik onena ikasleak irakasleari begira mahaietan banatuta ezartzea dela? Pentsamolde zaharra eta faltsua da, neurozientziak ezeztatua”. (Arg.: Aritz Loiola)

Zeintzuk dira zure diseinuen helburuak, zer eragin nahi duzu haurrengan?

Motibazioa da helburu nagusia. Nekez ikasiko duzu zerbait, motibatuta egon ezik. Zure buruari erronka egitera bultzatzen zaitu motibazioak, jakin-minak eramaten zaitu, ikastera bultzatu... Haurrengan ikasgura bultzatzea da helburua, independente sentituz beren kabuz ikasi nahi izatea. Hezkuntza sisteman paradigma-aldaketa da hori: atazak agintzen dira hor ere, baina barruko motibazioa da indartsuena. Eskolen egungo diseinuak ez du ahalbidetzen aldaketa hori, kontrol sistema moduan planteatuta baitago.

Zertan egiten du huts egungo diseinu horrek?

Gauza askotan. Nagusiki, haur multzoa gela batean sartzen duzunean, aldi berean gauza bera egin dezaten, banakotasuna galtzen dute eta denok ez dugu era berean ikasten. Batzuek isiltasuna eta isolamendua behar dute kontzentratzeko, bestetzuek musika jarrita eduki edo mugitu beharra dute... Elkarri traba ez egiteko moduko ingurunea sortu behar duzu.

Eta ikasgelak ez du balio?

Hezkuntza proiektuak lantzen ditugu, eta ikasgela bera da arazoetako bat. Ikasgela txikia baino, gune askoz zabalagoak behar dira. Guk ez diegu ikasgela esaten, ikasketa paisaia baizik. Jolastea ikastea da. Adibidez, eskola batean sumendien paisaia egin genuen; barruan irakasleak denei berbaldia egiteko moduko gune zabala dago, baina baita bakartuago egon ahal izateko txokoak ere, ikasleek aukera dezakete nora joan hobeto ikasteko.

Horrek balio al du ikasleak adinean gora doazenean, curriculumari kasu egin eta azterketak gainditzeko serioago ikasi behar dutenean?

Azterketei buruz ere luze hitz egin genezake, baina… Nork dio azterketak gainditzeko erarik onena ikasleak irakasleari begira mahaietan banatuta ezartzea dela? Pentsamolde zaharra eta faltsua da, neurozientziak ezeztatua. MIT ikastegiak azterketa egin zuen, eskola magistraletan euren arreta neurtzeko, eta 20. minututik aurrera ikasleen garuneko aktibitatea izugarri jaisten da. Diziplina ezartzeko sistema da ikasgela hori, ez ikastekoa.

Baina adin guztietarako balio dute sumendi eta txirristek osatutako paisaiek?

Ez da adin kontua, kultura eta identitatearena baizik. Adibidez, nazioarteko eskola garesti batean izan nintzen lehengoan, luxuzko eraikina dute baina kezkatuta daude, ikasleek XXI. mendeko abilidadeak garatzeko arazoak dituztelako. Txirrista duten enpresak ere badira, tristea litzateke hori lehen hezkuntzara mugatzea.

Arbelak eta mahaiak kanpora orduan?

Ez dira berez txarrak, jesartzeko eran eta norabidean dago gaitza. Arbela horman dagoen orrialde modukoa da, maiz irudiekin azaldu behar dira gauzak eta erabilgarria izan ohi da. Inportantea da ez egotea egun osoan hor, jarrera murritz horretan. Hala ere, mahaiak bakarrik kenduta ez duzu ezer konpontzen, portaera aldaketa behar dute eskolek, irakasleek eta ikasleek.

Gelaren aldaketa fisikoak aldaketa integralagoaren parte beharko du, hortaz. Zeintzuk dira aldaketa horiek?

Pedagogia eta eraketa aldaketak dira, eta azken horiek dira zailenak. Horregatik dira halakoak eskola gehienak, irakaslearen lanaldia antolatzeko moduaren ondorioz. Hainbeste ordu gela batean eskolak ematen... Gure planteamenduan, ordea, irakasle mentorea dute ikasleek, baina mugikortasuna dute. Taldeen artean mugitzen dira, egitura malguagoak dira. Berbaldi labur bat dago eta ondoren zure proiektua lantzen duzu, irakasleak lagunduko dizu. Paradigma aldaketa dago, ikasketa pasibotik aktibora. Aldaketa zaila da, nekeza, eta inbertsioa behar du.

Zein da irakaslearen rola eredu horretan?

Irakaslea coach modukoa da. Apurka-apurka erantzukizuna hartzen duzunean, zure skateboard-a eraiki nahi duzu eta laguntza emango dizu irakasleak, informazioa nola lortu, aholkatu, lagunduko dizuten ikaskideekin bildu... Eskolatik irtetean ikasten jakitearen jarrera hori zurekin eramatea da helburua.

Gurasoek segurantzia nahi dute, emaitzak...

Egun lantzen ditugun proiektuak ez dira gobernuetatik sortuak, eskoletatik eta gurasoengandik baino. Beraiek dakusate haurren garapen holistiko baten beharrizan hori. Ni ere ama naiz eta eskola hauek ez dituzte emaitza akademiko kaskarragoak ematen, bai ordea haur zoriontsuagoak. Euskal Herrian, esan didate, ikasgelak edukitzera behartzen zaituzte curriculumak. Mundu perfektuan ez litzateke curriculum eta azterketarik egongo, baina mundu errealean, tamalez, badaude.

Ikasgelak ez eze, lantokiak ere birdiseinatzen dituzue.

Ospitaleak, negozio guneak, erakusketak, museoak, enpresak… Dena lotuta dago eta enpresen kasuan, xehetasun batzuk ezberdinak dira baina ez horrenbeste. Adibidez, Lego enpresarekin ari gara lanean, langileen ikasketan interesa baitute, euren arteko komunikazioan, jolasean, identitatean...

Ama kezkatua

“Arte Ederretatik nator eta hasita nengoen artea egunerokoan txertatzen, diseinua aldaketarako tresna gisa erabiltzen. Hala ere, nire semeen heziketagatik hasi nintzen honetan. Eskolan aspertuta zeuden, gogoa galtzen. Irakaslearekin mintzatu nintzen eta gaindituta zegoen, 30 haurrekin, aldaketarik egin ezinik. Gauza txikiekin hasi nintzen hari laguntzen eta geroztik aldaketa integralak diseinatzen aritu naiz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
PSNren egoitzaren aurrean elkarretaratzea deitu dute Iruñean, D ereduari trabak jartzen dizkiola salatzeko

Euskararen Defentsarako Sareak Nafarroako Gobernuak D ereduari jartzen dizkion trabak salatu nahi ditu. Argi dute Nafarroako Gobernua “edozertarako prest” dagoela “euskararen kontra” jotzeko. Horregatik, elkarretaratzea deitu dute uztailaren 2an,... [+]


2024-06-26 | ARGIA
Laborantza lizeoetan euskaraz ikasi ahal izango da, Frantziako Gobernuak hala onartuta

Aspaldiko aldarrikapena onartu du Frantziako Gobernuak: laborantza lizeo pribatuetan formakuntza elebidunak eskaini ahal izango dira, “esperimentazio pedagogiko” gisa, alegia frantsesez bakarrik ez, euskaraz ere irakatsi ahalko da. Donapaleun eta Hazparnen baliatuko... [+]


Nola irakurzaletu ikasleak

Irakurtzen al dute –eta irakurritakoa ongi ulertzen al dute– haur eta gazteek? Eta helduok? Eskolan zein tarte eskaintzen zaio irakurketari eta literaturari? Nola prestatzen da ikasleei eskaintzen zaien liburu zerrenda eta nolako liburutegiak dituzte ikastetxeek,... [+]


Oporretan mugikorretik deskonektatu, seme-alabek eskertuko dizute

Haur eta gazteek duten pantaila kontsumoarekiko kezka nagusi den garaiotan, fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali dituzte Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu.


Beskoitzeko auzapez berriak ikastolaren aldeko konpromisoa berretsi du

Botoen %55 lortu du Pascal Jocouk Beskoitzeko hauteskundeen bigarren itzulian. Fabienne Etchegaray aurkariak bozen %44 atera du. Hemezortzi kontseilari izango ditu gehiengoak, eta bost oposizioak. Berriako Ekhi Erremundegik eginiko elkarrizketan, ikastolaren aldeko konpromisoa... [+]


Nafarroako Gobernuak 2020an agindutako eraikin berria exijitu dute Antzineko Lokiz eskolako familiek

“Nafarroako Gobernuak duela lau urte eginiko promesari huts egingo dio beste behin ere”, salatu du Lizarraldeako Lokiz eskolako guraso elkarteak. Orain 7 urte D ereduaren aldeko apustua egin zuen hezkuntza komunitateak, eta desagertzeko zorian zegoen eskola txiki... [+]


Baxoko ahozkoa ikasleei euskaraz egiten lagunduko diete ehun bat irakaslek

Irakasleek baxoko ahozkoa euskaraz egiten laguntzeko ekintza egingo dute. Soinean ahobizi eta belarriprest txapak eramango dituzte, ikasleei adierazteko “babes osoa” dutela euskaraz mintzatzeko azterketan.


2024-06-19 | Axier Lopez
EHUk ez du akordio berririk sinatuko CAFekin, giza eskubideak urratzen dituen Jerusalemgo tranbia utzi arte

Hainbat lagun elkartu da ekainaren 19ko goizean EHUko Gipuzkoako errektoreordetzaren egoitzan, Ibaetan EHUk CAFekin dituen harremanak eten ditzala eskatzeko. Gipuzkoako campuseko errektoreorde Agustin Erkizia Olaizolak adierazi die EHUk ez duela akordio berririk sinatuko... [+]


2024-06-19 | Tere Maldonado
Lehiakortasuna hezkuntzan

Saldu eta erosi giza jarduerak dira batik bat. Merkatuak eta azoka txikiak espazio publiko zalapartatsu eta biziz beteak dira, soziabilitate-lekuak, non behar ditugun gauza baliotsuak topatzen ditugun (janaria, arropa, tresneria), bidezko prezio baten truke. Bertan, gizaki... [+]


“Heziketa fisikoa eskolako ikasgai bat gehiago den unetik, jasotzen duen trataerak ezin du hau izan”

Funtsezko konpetentzietatik ezabatua, Berritzeguneen birmoldaketan zokoratua, ordu kopuruetan gutxietsia... Heziketa fisikoak EAEn garai txarrak bizi dituela eta administrazioak baztertuta dituela salatzera etorri da ARGIAra Luis Larrañaga “Pizti” heziketa... [+]


Gerrak sortzen dituen euskal industria militar berria: Satlantis-en adibidea

Duela ia urte eta erdi, Ahoztar Zelaieta kazetariak Satlantis enpresaren aurpegi ezezagunena ekarri zuen argitara. Azkenaldian berrikuntza teknologikoaren alorrean sortzen ari diren euskal enpresen izar gisa aurkezten zaigu Satlantis; baina El Salto-k argitaratutako La empresa... [+]


Eguneraketa berriak daude