“Landaguneari bizkarra eman dion gizartean bizi gara. Hiritartutako eremuan bizi da gehiengoa, landa eremutik eta nekazaritzatik urrun”. Nekazaritza kultura eskoletara egitasmoaren bultzatzaileek maiatzaren 11n Zizurkilen egindako agerraldiko komunikatuaren lehen hitzak dira. Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteek (Landaola), Eusko Jaurlaritzako Ingurugelek eta Donostiako Cristina Enea Fundazioak elkarlanean sustatu dute proiektua, ikastetxeek landa-guneko arazoen inguruan hausnartzeko paper garrantzitsua betetzen dutelakoan.
Nekazaritzaren eta elikaduraren inguruan hausnartzea eta landa eremura begirada bideratzea dira proiektuaren helburuetako batzuk. Horretarako, 2016-2017 ikasturtean hazien inguruko bi jarduera egin dituzte ikastetxeetako gaztetxoekin: Hazi ezkutuen bila ekimenean ikasleek beren inguruan (familia, bizilagunak, herrikideak, eta abar) zeuden haziak aurkitu behar zituzten, eta haien inguruko informazioa bildu, ereiten duten pertsonen laguntza baliatuta. Egitasmoan parte hartu duten hamar eskoletako ikasleek guztira 70 barietatetako ehundik gora hazi lortu dituzte. Ez da makala!
Hazien aterpea deituriko jardueran, berriz, baratzea duten eskoletan hazien banku txikiak sortzea da helburua. Beren baratzeetatik eta inguruko baratzezainengandik lortutako haziak gordetzen dituzte, urtez urte ikastetxeko hazi bilduma aberasteko. Aurrera begira, ekimenean parte hartzen duten ikastetxeen artean hazien sarea sortzea da asmoa. Cristina Eneako Haziera hazien artxiboan gordeko dituzte bildutakoak. Jada bilduma osatzeko lanean ari dira Gipuzkoako hamar ikastetxe.
Nekazaritza kultura eskoletara ekimenean parte hartutako ikastetxeek emaitzak besteekin elkarbanatu nahi dituzte. Horretarako, ikasturtean zehar egindako dinamiken bidez lortutako informazio eta haziekin erakusketa eginen dute orain: Hazien erakusketa ibiltaria.
Parte hartu duten ikastetxe guztietatik pasatuko da erakusketa, ekintzaileek elkarren berri izan dezaten eta gainontzekoek egindako lana ezagutu dezaten. Maiatzetik ekainera eta irailetik urrira eginen dute aurkezpen bira.