Agroekologia ez da hirietako ekologista snob jendearen edo beren soro-baratzeak kimikoz pozoitzeari uko egiten dioten nekazari erradikalen kontua, Mendebaldean askok pentsa lezakeenaren kontra. Kuban ez da, eta atzerritarren blokeoak jendea gosez ez hiltzea lortu zuen. Indian, berriz, nekazaritza industrialak txirotasunera eta suizidiora kondenatutako laborariei duintasunez bizirautea ahalbideratzen die.
Gasteizen elikadura burujabetzaz antolatutako Elikadura21 biltzarrean aurkeztutako hainbat esperientziaren artean, zenbaiti deigarri egingo zitzaion Indiatik etorritako Ashlesha Khadsek hamar minututan laburtu zuen Zero Budget Natural Farming eredua. Mexikoko Chiapaseko Colegio de la Frontera Sur institutuan jardun ondoren, gaur sorterrian ari da Amrita Bhoomi Centre nekazari ikasketen zentroan.
1993tik gaurdaino 250.000 pertsonak egin du bere buruaz beste Indiako nekazarien artean. Amrita Bhoomi erakundeak dioenez, atzerriko merkatuekiko menpekotasuna eta agro-industriako konpainiek baserritarren artean sortu duten zorpetzea daude horren sustraian. Baserri gehienak daude zorpean Indian, ez da txikien arazoa soilik, erdi mailako bezala handiak ere kateatuta daudelako. Landa eremutik ehunka milioi pertsonak alde egin du hirietara bizimodu bila, nahiz eta megapoli eta txabolategietan ez dieten askorako balio beren etxaldeetan ikasitako ezagutzak eta txirotasun larrira kondenatuta dauden.
Nekazarien bizimodua hobetzeko ahaleginen artean indar handiz zabaldu da ZANN Zero Aurrekontuko Nekazaritza Naturala (ZBNF ingelesezko hizkiz), batez ere Indiako hego aldean. ZANN estrategiak nekazariei itxaropena ematen die kredituekiko menpekotasuna hautsi eta produkzio kosteak errotik murrizteko, zorren gurpil zoroa amaituz.
“Zero Aurrekontu” kontzeptuak hemen esan nahi du krediturik gabe eta kanpotik ongarri edo botikatan inolako gasturik egin barik, eta “Nekazaritza Naturalak”, berriz, naturarekin bat eta kimikorik gabe lan egitea.
Nonbait zabaldu baldin bada ZANN tximistaren abiadan hegoaldeko Karnataka estatuan izan da, Subhash Palekar liderraren ZANNren estrategiak eta La Via Campesinako kidea den KRRS Karnataka Rajya Raitha Sangha mugimenduak elkar hartuta.
KRRS mugimenduak milioika nekazari mobilizatu ditu multinazionalek hartu duten hazien kontrolaren aurka, “Hazien esklabutzaren aurkako desobedientzia zibila” antolatuz. Bere lider ezagunena Mahantha Nanjundaswamy zen, globalizazioaren aurkako ekintzetan ere ezaguna; berak sortu zuen Amrita Bhoomi ikastetxea.
Gaur ZANN ereduaren buru nagusia Subhash Palekar (1949) da. Baserritar familia batean sortua, agronomia ikastera joan zen unibertsitatera. Ikasketetan harremanetan sartuta Indiako tribuekin, hauen arazoek markatu zuten sakon. 1972an gurasoen etxera bueltan haien segida hartu zuen Palekarrek, baina aitak ordura arte landu izan zuen nekazaritza naturala alde batera utzita, unibertsitatean ikasita bezala Iraultza Berdearen produktu kimikoetan oinarrituta eraberritu zuen etxaldea.
Kimikarekin hasieran bere lurrek gero eta uzta hobeak eman zizkioten arren, 1985etik aurrera ohartu zen ekoizpenak murrizten hasi zirela eten gabe. Tarte horretan, maila intelektualeko gizona izanik, aztertuak zituen Karl Marx, Mahatma Ghandi eta Indiako erreferentzia hinduista klasikoak. Bere lurren produkzio industrialaren gainbeherak bultzatuta, sei urteko ikerketa lanetan murgildu zen, bereziki aztertuz zuhaitz eta basoen dinamikak, jakina denez hauek gizakien inolako laguntzarik gabe bizi baitira beren buruak elikatuz eta ingurukoei ere etekinak eskainiz.
Munduko nekazari askoren erreferentzia nagusia den Masanobu Fukuoka japoniarrari asko zor dio Palekarren sistemak. Baina Fukuoka budistaren ideia Palekar hinduistak zorrotz egokitu du Indiako nekazari oso txiroen beharretara.
Bizirauteko oinarrizko kita
Boluntario sare zabal batean oinarritzen da Karnatakako ZBNF mugimendua, herrika modu informalean funtzionatzen du, eskualde bakoitzak bere estiloan, nekazarien arteko elkar laguntzan oinarrituta munduan ezaguna egin den “Campesino a Campesino” ereduan.
Ekintza antolatu zentralizatuak ere badituzte tarteka. Indian osoan gurutzat hartua den Palekarrek berak ematen dizkie baserritarrei 5 eguneko ikastaro trinkoak, egunero 8 ordukoak, 300dik 5.000 arteko jende multzoak bilduta, gizon eta emakume, heldu eta gazte. Hiru euro eta erdi sinboliko kobratzen zaie pagatu dezaketenei, aterpetze, otordu eta gainerakoak boluntarioen gain doazela. Hor Palekar luze eta zabal mintzatzen da, filosofia eta ekologiaz bezala lurrari uzta ateratzeko xehetasun txikienez.
Palekarri guztiek aitortzen dioten meritua izan da nekazaritza ekologikoaren printzipioak Indiako jende txiroentzako halako erreminta kaxa sinple batean bildu izana. Emergentziazko tresnak, zorpean eta sarritan miseriaraino abailduta dauden baserritarrek eskueran dauzkaten osagaiekin lanean hasita berehala eskuratu dezaten gutxienez bizirauteko adina elikagai.
Baserritarrek ikasten dute nola egin nork bere etxean eta kanpoko inori sos bat pagatu gabe egin oinarrizko kita osatzen duten lau lagungarriak, soilik erabiliz antzinatik sagaratuak diren behien pixa eta simaurra, lurra, zenbait lekaleren irina eta zenbait landare ongarri ahalmena dutenak. Izen banarekin bataiatuta daude lau osagai funtsezkoak. Jivamrita, lurraren mikroorganismo eta zizareak ugaritzeko zukua. Bijamrita, haziak hartan bilduta hobeto ernaltzeko orea. Achadana, lurra mundu aberatsean mulching deitzen diogunaren antzera estaltzea bertan ihartutako landarez eta simaurrez. Eta Whapasa ura nola erabili, ahalik eta pittinenarekin laboreek ahalik eta probetxu handiena atera diezaioten.
Ereduaren beste oinarrietako bat da landare moten uztartzea soro eta baratzeetan. Zero aurrekontuak ez baitu esan nahi bakoitzaren kostea zero izango dela, landare ezberdinek elkarren ondoan haziz batzuen eta besteen koste eta beharrak orekatzea da helburua, lekuko uzten ezaugarri eta sinergiak optimizatzea.
Soroetako ertz eta murkoetako hesi eta zuhaitzak erabiltzen dira euri ura finkatzeko bezala inguruko uztak ongarritzeko. Eta garrantzia berezia ematen zaio Indiako Bos indicus behi arrazari, nekazaritzaren osagai funtsezkoa izan delako betidanik, hindu jendearen sinesmenekin bat egiten duelako… eta libre bizi diren behien simaurra ukuiluetako azienda europarrena baino hobea delako soroa ongarritzeko.
Zenbait adituren ustean Indiako ZANN izan daiteke agroekologia alorreko munduko mugimendu zabalena. Milioika familiak praktikatzen du Indian. Haien ordezkariak ezagutu ahal izango ditu datorren uztailean Via Campesinak Bizkaian burutuko duen mundu biltzarrera hurbiltzen denak.
Bost hilabete bete dira otsailaren 6an traktoreen mobilizazioak hasi zirenetik. Mirene Begiristainek eta Isabel Alvarezek ekofeminismoaren betaurrekoak jantzita aztertu dituzte mobilizazio hauek eta fokutik kanpo geratu diren laborariak eta aldarrikapenak ekarri dituzte lehen... [+]
Sarako Nicolas Chretien dago Hiru Xilo baratzegintza proiektuaren atzean. Urtarrilean hasi zen baratzea lantzen, eta martxoaren hasieran ekin zion ekoitzitako produktuak merkaturatzeari. “Banuen formazioa baratzegintzan, baina orain arte honekin zerikusirik ez zuten... [+]
Esnatze horretan hainbat kausa elkartzen dira, eta lurraldean sakabanatuta dauden herrien erresistentzia-ahalmenak bete-betean erantzuten die. Joan den larunbatean, aldarrikapen horien inguruan manifestazio jendetsua egin zen Gasteizen. Kalean frogatu zen berriro posible dela... [+]
Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea mintzatu da Egonarria saioan. Laborantzako eredu talkaz hitz egitean eta traktoreak kalera atera direnean, beti aipatzen da ditxosozko erderazko "PAC"-a, hau da, Europako Nekazaritza Politika Bateratua. Europako... [+]
Kanboko Marieniako higiezin proiektuaren kontra bildu dira elkarte eta herritarrak larunbat honetan. Larunbatean, mahai inguru eta tailerren bidez herritarrak sentsibilizatu nahi izan dituzte Bouygues Immobilier agentziaren proiektuaren desmasiez.
Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa. Jaio berri diren arkume apurrak belardian dabiltzan bitartean, labanak eten egin du bizitza eman duten hiru... [+]
"Isiltasuna oztopo eta elkartasuna lagun, egungo mundu gordina" kontatzeko erronkari lotu da Axut! antzerki konpainia.
Frantsesenia lizeoa, 70 urtez Ipar Euskal Herria barnealdeko laborarien formatzen.
Europako Batzordeak landutako Nekazaritza Politika Bateratuaren "sinplifikazioaren" alde bozkatu dute eurodiputatuek. 425ek egin dute alde, 130ek aurka eta beste 33 abstenitu dira.
Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]
Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]
Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]
Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.
Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.