argia.eus
INPRIMATU
Horrela bai
Miren Artetxe Sarasola 2017ko maiatzaren 23a

Berriatukoa da bera. Eta senegaldarra. Eta ze grazia egiten duen, aizue, berritxuarrez tar-tar-tar hizketan. Ze jatorra. Etorri, gure hizkuntza ikasi, eta gurera moldatu. Horrela bai.

Eredugarri gisa aurkezten dugu euskaldunen indizea %90etik gorakoa duen udalerri batera zazpi urterekin etorrita –eta ordurako ziur aski eleaniztuna izanik– euskara ikasi duen pertsona. Gure gutxitutasunetik, poza ematen digulako. Gure arrazismotik, ezezagunarekiko mesfidantza leuntzen duelako besteak norbere hizkuntzan hitz egiteak. Eta gure chauvinismotik, halakoxea behar duelako etxerako moduko etorkinak.

Ez beste horiek bezalakoa, alegia.

Beste horiek, ordea, beharbada ez dira UEMAko herri batean bizi. Beharbada ez zaie euskara ikasteko doako zerbitzurik eskaini. Beharbada erdaraz hitz egiten diegu geuk. Beharbada, ez zaigu axola zein hizkuntza –nagusi ala gutxitu– den haien berezko hizkuntza, eta hemen hizkuntza hori hitz egiteko aukerarik duten ala ez. Ea seme-alabek hizkuntza horretan hitz egiten ote dieten ala erdaraz erantzuteko joera duten. Eskolan nola lantzen ote den hizkuntza aniztasunaren kontua. Eta nola bizi duten beraiek.

Baina, ze eredugarria berriatuar hori, aizue.

Horrela bai.