Herri mugimendua du itsaso, alditan bare, alditan harro. Institutu garaia heldu zelarik murgildu zen ikasle organizazioan, eta orain, irakasle lan egina, eritua, eta lan arautua egiteko gai ez dela, herri mugimenduan segitzen du, mundu hobea egiteko ahaleginean, Baztanetik Euskal Herrira.
Sorterriko Kantanea etxean bizi da. Irakasle izana, gaixotasunak bazterrarazi zuen lan araututik 2009an, baina herri mugimenduan engaiatua bizi da. Kirika FM, bizi garen munduei begira (Metaziri, 2014) liburua du argitaratua. Oraindik orain, iaz Eako poesia egunetan egindako hitzaldia argitaratu dute: Landa eremua (eta Baztan) literaturak kontatua (Metaziri, 2017). (H)ilbeltza, nobela beltzaren astean ezagutu dugu, baina hor da beti, berdintasunaren alde Baztango mutil dantzetan nahiz pilotakada urbanistikoaren kontra Aroztegian. Arizkunen kultur taldea eratzeko lanean da orain.
Zure berri baino lehen, zure aitaren berri dugu, Pello Salabururen Errateko nituenak. Cuzcoko kronika liburuan leiturik.
Pantxito tratantea. Pello Salaburuk kontatzen du aita hil zen egunean han zela gure aita ere. Erosia ziola gure aitak aratxea Salabururen aitari, eta dirua kobratu eta erori zela zapla lurrera. Pello Salabururen liburuan dator kontatua. Izan ere, gure aita harakina zen, eta baserri batetik bestera ibiltzen zen zerriak eta ardiak erosten.
Ez aita ez ama dituzu Arizkunen sortuak. Bada emigraziorik zure arbasoetan.
Amatxi Erratzukoa zen, aitatxi Amaiurkoa. Amaiurrera esposatu zen amatxi eta han sortu ziren lehenbiziko hiru haurrideak, gure aita tartean, baina Zugarramurdira joan ziren ondoren. Aita ttiki-ttikitik zen Zugarramurdin. Hamabortz urte zituela etorri zen bizitzera Arizkunerat, izeba baitzuen hemen, ondorengorik gabe, eta osaba-izeba haiei laguntzera etorri zen. Aitaren familian zortzi haurride edo baziren eta hiru izeba eta osaba bat Parisera joan ziren lanera, bertze bat Ameriketara, bertze bi fraide joan ziren.
Amak ere badu emigrazio historia.
Ama Itzalletik etorri zen hamabortz urterekin. Itzalle, Zaraitzun, han akitzen da bidea. Hamabortz urterekin etorri zen, familia batean lanera. Itzalletik Arizkunera mundu bat zen orduan. Urtean behin joaten zen Itzallerat gurasoak ikustera. Ikaragarria. Ama hamabortz urtetan etorri zen beretako arrotz zen hizkuntza batean bizi zen herrira, eta hala ere, etxean euskaraz egin izan dugu beti. Mahaian aritzen ginelarik, aitarekin beti ginen euskaraz –hitz bakar bat ere ez erdaraz, sekula santan ez–, eta erdaraz ginen amarekin. Ez dakit nola segituko zituen gure solasak, gaizoak! Pentsatzen dut sufrituko zuela ere, baina guri ttikitan haur solas horiek, fundamentuarekin solas egiten hasi artio egiten direnak, euskaraz egiten zizkigun: zato, tori, pa, jan, lo, xo… Gauza guziak euskaraz egiten zituen, eta orain ere, bere bilobekin, gehixeago egiten du euskaraz, segur aski.
1972an sortua zinenean, bizi-bizirik zegoen emigrazioa hemen.
Osaba, errateko, bizian behin etorri zen Amerikatik. Anaiak ez zuen ezagutzen. Hemezortzi urtetan joan zen hemendik, soldadutzatik eskapo eta Amerikak egitera, eta ez zen etorri 40 urte pasatu artio, bisitan. Gero, itzuli zen Argentinara, eta ez zen honat berriz etorri. Izebak Parisen ari ziren neskame… Zugarramurditik irten ziren denak. Garai batean, hemendik Zugarramurdira joatea aski abentura handia zen, eta erran beharrik ez dago zer zen Parisera joatea.
Zibilizazio hori bukatu da?
Bai. Gaur egun, berriz, gu bortz anai-arreba gara eta bortzak Arizkunen bizi gara. Arras kanbiatu da bizia denbora gutxian. Orain, berriz, badugu Baztanen bertzelako emigrazioa: Latinoamerikako aunitz, marokoarrak, afrikarrak zerbait… Bailaran nahiko laketu direla uste dut. Lana harrapatzen dute, haurrak D ereduan matrikulatzen dituzte… Udalak familia horiekin lan egin zuen hori horrela izateko.
Arizkunen bizi zarete zuek, ikasketak erbestean egina zara zu, erbestean organizatzen hasia.
Oronozen ari nintzen, institutuan, lehenbiziko edo bigarren urtean. Hurbildu zitzaidan Berako lagun bat eta ikasle talde bat osatzea pentsatu zutela erran zidan. “Bale!”, erran niolarik, oroitzen naiz erran zuela: “Ze fite erran duzun baietz!”. Ez naiz oroitzen zer egiten genuen, ikasleen eskubideak zein ziren deskubritzen ari ginen, nazioa eta independentzia nahia bizitzen…
Ikasketak egin eta irakasle izan zinen.
Institutuan ari nintzela alfabetatu nintzen, eta magisteritza Iruñean egin nahi izan nuen, euskaraz. Guti ginen euskarazko adarrean, zortzi-edo izanen ginen, eta azaroak 20 zuen batean, justu, etorri zitzaigun arduradun bat, ikasleen ordezkaria, zer ari ginen galdezka. “Euskal adarrekoak gaituzu” erran geniolarik, berak ez ginela existitzen erran zigun. Orduan jakin genuen gure matrikula ez zela guztiz ofiziala, zinez legearen araberakoa. Manifaz manifa eman genuen urtea gure ikasketak onartu artean. Kurtsoa onartu ziguten, baina gure adar hark ez zuen aitzina egin: “Euskaraz egin duzue lehenbiziko maila, baina orain erdarazko adarrera iragan, edo bazoazte hemendik”. Eta Donostiara joan nintzen bertze bi urteak egitera, euskaraz. Ondoren, egokitze maila bat egin eta Pedagogia egin nuen.
Nafarroako herri franko ibili zenituen irakasle zinela.
1995-96an irakasle hasi nintzen Sartagudan, hilabeteko ordezkapena eginez. Handik Zarautzera joan nintzen, eta hurrena berriz ere Sartagudan ari nintzen. Handik goiti urte osoko kontratuak izan nituen Lekarotzen, Garraldan, Zugarramurdin, Mendillorrin, Donezteben, Almandozen… Irakaskuntzan jendea kurri ibiltzen da hasmentan. Urte horietan, abuztua akitzean joaten zinen Iruñera, Hezkuntza ordezkaritzara, eta merkatua ematen zuen hark. Hantxe zituzten plazak eta irakasleon zerrendak. Erraten zituzten gure izenak, eta hautatzen genituen herriak. Nik, adibidez, bi aldiz hartu nuen Zugarramurdi, eta hartu nuelarik, jende artean aditu zen halako “ufff!” hots bat. Iruñeko jendeari urrun zaio Zugarramurdi. Niretako, aldiz, zoragarri Zugarramurdi.
Gaixotasunak eten zuen zure irakasletza?
Ezgaitasuna eman zidaten artio izan nintzen irakasle. 1998an hasi nintzen medikuarekin, mendira joaten nintzelarik, edo maldetan, eztulka hasten nintzelakoz. Argaldu nintzen, eta joan nintzen medikuaren kontsultara. Asma nuela erran zidaten. Tratatu nuen eritasuna, eta eman zidaten esprai horietarik. Ez hartzea erabaki nuen, eta higienismoaren bidetik jotzea. Nahikoa kontrolatu nuen eritasuna, baina mendira joaten nintzelarik, hala ere, eztula beti. Halako batean, 2002an edo, eritasuna gehiago sumatzen hasi nintzen, eta mehetu nintzen pila.
Zein zen eritasuna?
Ez zela asma esan zidan bertze mediku batek Gipuzkoan. Zarautzen eta Getarian ari nintzen lanean, eta han joan nintzen mediku baten kontsultara, pribatutik. Hark, publikoko zerrendetara sartu ninduen, proba batzuk egin behar zizkidala erranik. “Hemen inor ez da aberats izateko behartua”, uste dut erran zuela. Hark erran zidan nire eritasuna ez zela asma. Baztanera itzuli nintzenean, hemengo medikuarekin hasi eta erran zidan: “Zure etorkizun bakarra birika transplantea da”. Hura izan zen transplante hitza aditu nuen lehenbiziko aldia, eta izitu nintzen, izitu eta haserretu. Eri zaudelarik ahul zara, eta gauza bera bertze modu berean erran eta, onartuko nuke, baina horrela erranda, ez.
Operatu zintuzten.
2009an. Bitartean, probarik proba ibili nintzen, baina ez zuten jakin gauza gorrik, eta gaur da eguna zer zen ez dakitena. “Ez dakigu zerengatik den”, paratzen dute paperean. Makrobiotikari heldu nion, ene burua bortxatzen nuen, ez nintzen sofan gelditzen, harat-honat ibiltzen nintzen, baina eritasunak bidea egin zuen eta ailegatu zen momentu bat, goizean jaikitzen nintzen eta jaiki orduko jarri behar nintzen arnasa hartzeko. Kostatu zitzaidan operatzea erabakitzea. Astakeria iruditzen zitzaidan bi birikak transplantatzea. Orain ez dut dudarik, ez naiz batere damu. Arras ongi naiz, nahiz botika pila bat hartzen ditudan egunean, botika kate bat. Ez dut pentsatu nahi ere. Gure aitak erraten zuena botikak hartzean: “Bakotxa bere tokira!”.
Lanerako ezgaitasuna eman zizuten 2006an.
Ez nuen gizarterako deus “produzitzen”, ezgai sentitzen nintzen. Hala ere, gogor egin eta saiatu nintzen etxean lanak egiten, haurra zaintzen, baina ezinean. Goizean iratzartzen nintzenetik loak hartu artio ezgai sentitzen nintzen. Halako batean, ezgaitasuna jaso nuen, ofizialki. “Ez zara gai”. Hura kolpea! Oroitzen naiz joan nintzela Hezkuntzara eta erran niela: “Ni ez kendu zerrendatik, itzuliko naiz”… Ez naiz itzuli, jakina. Horrekin batera, oxigenoa agindu zidan medikuak. Ibilki nintzen etxean oxigeno bonbona bati lotuta. Kolpe ikaragarria izan zen hori ere. Ez nintzen etxetik ateratzen. Hiru urtez ibili nintzen oxigenoarekin, operatu artio.
Lan arautuaren mundutik kanpo ibiltzeak bestelako ikuspegia eman dizu, Kirika FM, bizi garen munduei begira liburuan ageri denez.
Bai, dudarik ez.
Ikuspegi kritikoa.
Eta baikorra, aldi berean. Kar, kar… Ahal baldin bada, bederen. Paniko pixka bat ere ematen du iritzia plazaratzeak: “Hauxe da nire iritzia, baina sei urteren buruan iritzia alda nezake. Aldiz, hau hemen geldituko da, idatzirik”. Momentu jakin batean idatzia da, baina hortxe gelditzen da.
Mundu berri bat egin nahian ari zara, herritik.
Institutuan hasi nintzenetik ibili naiz herri mugimenduetan. Orduan, Ikasle Abertzaleak zen. Erakargarria zitzaidan mundu hori. Ez dakit bertze biderik ere bazen, egia erran. Nik bide hura segitu dut. Operatu nindutenetik “jubilaturik” nago, eta hemen ez dago obrarik begira egoteko. Kar, kar… Baina operatu aitzin eta operatu eta gero ere, bizitza hobetzea da nire lana, izan niretako, nire barrideendako, edo ondorengoendako. Bizitza bakarra dela erraten dugunez, goazen ahal bezain ongi bizitzera. Baina ongi bizitzea ez da tripaz goiti egotea, gezurra da hori, ongi bizitzea mundua hobetzen saiatzea da.
Herri mugimenduan zara beti, (H)ilbeltza astean, mutil dantza parekidearen aldeko Plazara Dantzara taldean, Aroztegia kasuan edo datorrenean.
Egoerarekin kontent ez egotea dago, nik uste, herri mugimenduan ibiltze horren gibelean. Herri mugimendua, zentzu zabalean erranda. Irakaskuntzan dabilen irakaslea engaiatua ari bada, herri mugimendutzat dut nik. (H)ilbeltzan, adibidez, badira irakasleak, alderdi politikoetako jendea, talde feministetakoa, Metaziri argitaletxekoak… Bada nahasketa, gauzak antolatzen batera denok. Herri mugimenduan ibili garenok gauzak antolatzen dakigu; bertzerik dakigun ez dakit. Herri mugimenduaren bertze ezaugarri bat da ez dakizuna ikasteko interesa.
Baztanen bizi-bizirik da herri mugimendu hori. Jendeak esku hartzen du antolatzen diren ekintza eta ekitaldietan.
Zerbait antolatu eta propaganda pixka bat egiten duzularik, jendea erraz mugitzen da Baztanen. Jakinarazi behar duzu, lortu behar duzu jakinaraztea. Hemen –alde onak eta txarrak–, autoa behar dugu gauza guzietarako, eta ez da batere kostatzen autoa hartu eta Arizkundik Iruritara joatea. Jendeak badu interesa, bai.
Zuen herri mugimenduak baditu hainbat aurpegi, hainbat izen, hainbat pertsona.
Herri mugimendua martxan paratzen duzularik, beti pertsona berak solastatzen badu, bere txabola egiten ari dela ematen du, eta gauza ez da horrela, behar dira lanak banatu. (H)ilbeltzan, adibidez, elkarrizketak heldu direlarik, hasten gara txandaka egiten, batak eginen du irratiarekin, bertzeak telebistarekin… Jendearendako lan erraza da, eta publikoak ere ikusten du ez dela pertsona bakar baten afera.
“Maistra erdaldun bat paratu, haurride pila bat gainera, erdaldunak denak, nahikoa da bakotxa koadrila batean sartu eta herria erdalduntzeko. Medikua erdalduna zen, dendaria –gure ama–, erdalduna, edo ez-euskalduna, bederen. Arizkun, bertzalde, nahiko eskuindarra izan da, UPNk irabazi izan du herrian. Hor bada ikergaia, norbaitek egin nahi badu”.
“Medikuaren txostenean jartzen ditu nire izenak, neurriak, hau eta hura, eta gero: ‘temazu’, azken ordu artio ez bainuen operatu nahi izan. Egia da pisua ere aunitz galdua nuela eta ez zutela operatzen ahal, masa muskularrik ez nuelako. Jendea mehetu nahian dabilenean, ezin loditu ni. Etsigarria izan zen. Orain ohartzen naiz zer izan zen prozesu hura”.
“Euskaraz ez daki amak. Itzallen sortu zen. Amatxik bazekien, amak ez zuen ikasi. Hamabortz urtetan Arizkunerat etorri eta ikasi zuen euskaraz zerbait ere. Moldatzen da, nahiz kostatzen zaion. Euskaraz ez daki, baina euskarakadak ditu. Aitari erraten zion: ‘¿A dónde vas a pegar hoy?’. ‘Norat jo behar duzu gaur’. Gaztelaniaz ez da horrelakorik erraten: ‘¿A dónde vas a pegar hoy?’!”.
Elurre Iriartek Kirika FM liburuaren atariko jarria duen poema: “Zure bizitzako / egun goibeletan / ez etsi, / zeren eta noizbait / zeru beltzok ere, / jainko baten soingaineko / zarpaila bezala, / urratuko baitira / azkenean, / eta supituki / agerian utziko / haren biluztasun / distiranta”.
Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.
Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]
Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 310.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.
Korrika kari, 36 migratzaileri muga trabeskatzeko laguntza bideratzeagatik epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko batu dira hainbat eragile J´accuse [Salatzen dut] kolektiboan. Urtarrilaren 26an eginen dute manifestazioa Irungo Ficobatik Hendaiara... [+]
Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.
Asteburu honetan Euskalduna Jauregian Euskadiko Etxebizitza eta Dekorazio Higiezinen-aretoa egon da. Sustatzaile eta higiezinen agentziek eraikuntza berriko promozioak eta bigarren eskuko etxebizitzak eskaini dituzte partikular eta profesionalen erosketa eta inbertsiorako... [+]
Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.
Duela bost urte Bilboko Atxuri auzoan Voxen diskurtsoaren aurka mobilizatu ziren bederatzi gazte epaituko dituzte. Goizean bildu dira Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean zenbait kide, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta faxismoaren gorakada salatzeko.