argia.eus
INPRIMATU
ARGIAren buletin berria martxan da
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko maiatzaren 25

Aitortu beharra dizut, irakurle, zorte izugarria dudala natura gertutik pixka bat gozatzeko aukera dudalako etxean. Eta oraintxe ari gara udaberriaz disfrutatzen. Zozoari begira-begira egoten gara nola jakirik gozoenak bildu eta ematen dizkion ahora zozokumeari. Eta espektakuluari begira nagoela klik egin dit buruak. Ez al zaizu iruditzen geroz eta murtxikatuago emanda jatea gustatzen zaigula guri ere?
    Informazio ahalik eta azkarrena, inon begiratu beharrik gabe gure mugikor eta ordenagailuetara iritsiko dena, klik batean ireki eta dena ikusteko moduan... Tira, ez naiz irakurleari zozoa deitzen ari, konparazio bat besterik ez zait etorri burura, baina uste dut ez naizela lehena ondorio horretara iritsi dena. Beraz, puntu honetan egonda, ARGIAk ere eman nahi dio bere komunitateari informazio osoa, albiste garrantzitsuenak, euskaraz noski, eta ahalik eta eskueren. Nola? Dagoeneko martxan den buletin berrituarekin.
    Eguneroko dosia da orain arte bezala, informatuta egoteko beharrezkoa dugun eguneko albisteen hautaketa eginda buletinaren harpidedun guztiei bidaltzen zaiena, eta sarean dagoen informazio olatu horretan guztian galdu daitezkeen eta ARGIArentzat garrantzitsuak diren albisteak biltzen dituena. Hori da azken batean helburua, baina zergatik aukeratuko du irakurle batek ARGIA horrenbeste komunikabideren artean? Zerk egin dezake erakargarri gure buletina besteen aldean? Lehendik datorren buletina du oinarri edukietan, baina aurrekoa jasotzen zutenek nabarituko zuten aldea diseinuan. Argazki indartsuak ditu, titular nabarmenduak, guztia oso modu arin, argi eta grafikoan erakutsita. Hori da aldaketa nagusia.
    Informazio oso bisuala lortu dugu, irudi edo titular batekin eguneko albisteak ezagutzeko modukoa.
    argia.eus webgunean duzu buletinera harpidetzeko aukera, eta ARGIAko kide eginda ere jaso dezakezu eguneroko dosia.