Iragan astean, mendiko zapata berriak erosi ditut, izendatuko ez dudan kostalde oparo honetako kirol denda batean. Ez naiz alpinista, ez naiz itsuki gailurren lehian dabilen horietarik ere, maldetan gora eta behera ibiltzea maite duen hiritar hutsa baino: gustatzen zait hatsak nola urratzen dizkidan birikak, demagun Larrunen hondar malkarretan ernatzen naizenean. Iparla, Okabe eta Ehüjarre erantsiz osatzen dut nire tontor lauko kuttuna.
Zapata onak behar ditut, hala ere. 2007an eskuratu nituenek denboraren buruan behatzak dolorez gorrituak uzten dizkidate, hertsiegiak baitira nonbait eta azken aldian Baiguratik lasterka jaistean, ezkerreko oineko hatzetatik bat ubelduraz beltzatu zitzaidan. Aldaketarik ez nuen egin 2012an, ez dakit orain zergatik.
Garrantzitsuak dira oskiak, maitaleak eta aukeratzen ditugun lehendakariak bezain. Oinetakoetan, erosotasuna hobesten dut hautua egiteko orduan. Oinak aske sentitu behar du, hegietan minik nabaritu gabe, arintasuna, zabaltasuna eta aniztasuna biderkatuz eta bermatzeko gai izan patarra gogortzen denean. Zango punta, izpiritua bezala, ez da itxikeria, tepu edo usain txarretan kartzelatzen ahal.
Beste bost urteren bakea ziurtatu dut.