argia.eus
INPRIMATU
‘Vogue’-ko azaletik Hitlerren bainura
  • Munich, 1945eko apirilaren 29a. Lee Miller eta David E. Scherman argazkilariak Hitlerren apartamentuan sartu ziren. “Helbidea urtetan poltsikoan gordeta izan nuen” adieraziko zuen gero Millerrek. Hitlerren bainugelan, arropa erantzi eta bainuontzian sartu zen Miller. Schermanek argazkia atera zion, botak parean zituela, ordu batzuk lehenago bisitatutako Dachau kontzentrazio esparruko lohiaz zikinduta. Baina ez zuen lortuko han ikusitakoak bainuan garbitzea. Gau hartan Hitlerren Municheko apartamentuko ohean egin zuen lo Millerrek. Adolf Hitlerrek biharamunean egin zuen bere buruaz beste, Berlinen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2017ko maiatzaren 15a
Lee Miller modelo ohia 1945ean, Hitlerren bainuontzian. (Arg. David E. Scherman)
Lee Miller modelo ohia 1945ean, Hitlerren bainuontzian. (Arg. David E. Scherman)

Elizabeth Miller Poughkeepsien (New York) jaio zen 1907an. 19 urte zituela auto batek harrapatu zuen ia, Manhattaneko kale batean. Condé Nast Vogue aldizkariko editoreak lagundu zion ezbeharra saihesten, eta, ezustean, modelo karrera abiarazten. Hurrengo urtean, 1927ko martxoaren 15ean, Lee Millerren aurpegia Vogue-ko azalean agertu zen, George Lepapek marraztuta. Edna Woolman Chase aldizkariko editore buruarentzat Milerrek “neska modernoa” irudikatzen zuen, eta hurrengo bi urteetan New Yorkeko modelo preziatuenetakoa izan zen.

Lee Miller 1920ko hamarkadaren amaieran, ‘Vogue’ aldizkarirako egindako argazkian.

Modelo lanaz nekatuta eta kameraren beste aldean aritzeko nahiak bultzatuta, 1929an Parisera joan zen. Man Ray artistaren estudiora iritsi eta "zure ikasle berria naiz" esan omen zion. Man Rayk ez zuen aprendizik hartzeko ohiturarik, baina, berehala, haren ikasle, modelo, musa eta maitale bihurtu zen Miller. Pablo Picasso, Paul Éluard eta Jean Cocteau ezagutu zituen, besteak beste, Pariseko egonaldian.

1932an itzuli zen New Yorkera. Argazki estudioa jarri zuen han, eta lan enkarguak proiektu artistiko surrealistekin uztartu zituen handik aurrera.

Bigarren Mundu Gerrak Londresen harrapatu zuen argazkilaria, Roland Penrose senarrarekin bizi zela (hura ere artista surrealista). Londresko Blitz-aren argazkiak atera zituen, eta ingurukoen kezkei jaramonik egin gabe, Vogue-ko gerra korrespontsal akreditazioa lortu zuen. Pariseko liberazioa eta Alsaziako gudua, Saint Maloko napalmezko lehen erasoa eta Buchenwald eta Dachau kontzentrazio esparruak fotografiatu zituen.

1977an hil zen Ingalaterran, minbiziak jota, 70 urte zituela, eta gerran bizi izandakoek eragindako estres post-traumatikoa erabat gainditu gabe.