Udaberriko Saioak, Bilboko Santutxu auzoan. Maiatzaren 6ko saioaren kronika.
Hurrengo saioak:
Maiatzaren 20an, 13:00ean Karmelo plazan: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Andoni Egaña eta Igor Elortza.
Maiatzaren 26an, 20:00etan poteoa: Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Fredi Paia tabernaz taberna.
Udaberriak ez du huts egin urteroko hitzordura eta harekin batera heldu dira bertsoak Santutxuko Karmelo plazara. Bizkaiko hiriburuko bertsozaleek gogoz itxaroten duten zita da Udaberriko Bertso Saioak zikloa. Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udalak antolatzen dute eta 33. aldia du aurtengoa. Bilbon auzoz auzo mugitzen ibili eta gero, duela hamahiru urte behin betiko egoitzatzat hartu zuen Karmelo plazako eszenatokia, Santutxuren bihotzean.
Udaberriko Bertso Saioen funtsa hiru irizpidetan oinarritzen da: bata, goi mailako bertsolariak ekartzea; bigarrena, Bizkaiko bertsolariei eta emakumeei lekua egitea; eta hirugarrena, saioetara joandako bertsolariei bertso bana kantatzea. Bertso eskolako kideek prestatzen dituzte bertso berezi horiek, eta publikoak abesten dizkie bertsolariei, saioaren amaieran.
Maiatzeko lehenengo hiru larunbatetan izango dira saioak aurten. Aurrenekoan, maiatzaren 6koan, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Ibon Ajuriagojeaskoa eta Miren Amuriza igo ziren oholtzara. Eguraldi eguzkitsua lagun, makina bat zale inguratu ziren entzutera.
Aitor Irastorza gai-jartzaile gaztearen aginduetara jardun ziren. Karmelo plazan kantatzea “urteroko errituala” dela esanaz hasi zen Amuriza eta Lujanbiok gehitu zuen maiatzak bertsoa behar duela. Santutxuko paisaia gogoan, bertsoak asfaltoan loratzeko gogoa adierazi zuen Ajuriagojeaskoak agurrean.
Beharbada eguzkiak publikoa otzandu zuelako, kontua da motel antzean hasi zela saioa. Txalo zaparradak eta barre algarak ez ziren ugariak izan. Lehenengo bertsoaldi aipagarria Amurizaren eta Ajuriagojeaskoaren artekoa izan zen. Bizkaiko txapelketako finalaurrekoan kantatu zuten ofizioa berreskuratu zuen gai-jartzaileak, eta Done Jakue bidea egiten jarri zituen. Ondoren, bere amaren abizenari kantatu zion Maialen Lujanbiok.
Ariketa berezietarako eta esperimentuetarako aukera ematen dute txapelketaz kanpoko saioek. Hala, Amuriza matematikari lanetan jarri zuen Irastorzak: beste hiru bertsolariek maitemintzean darabilten formula matematikoa eskatu zion berriztarrari. Zerotik hamarrera eta hamarretik zerora berehala pasatzen dela bota zion Amurizak Iturriagari, eta honek erantzun ez dela gauza berriak probatu zalea: “Bat gehi batetik ez naiz, sekula pasatu”, durangarraren azken puntua. Ajuriagojeaskoari bertso ederra kantatu zion Amurizak, maitearen bertuteak biderkatu egiten dituela esanaz, eta berari bihotza zati bi egiten zaiola. Ariketa polita izan zen, Amurizak ondo heldu zion erronkari eta beste hiru bertsolariek fin erantzun zuten.
Publikoa ondo kateatu zuen, era berean, Iturriagaren ariketak. Gai-jartzaileak puntu batean definizioa eman eta durangarrak hurrengo puntuan hitza asmatu behar izan zuen. Alfabetoko letra bakoitzeko hitz bat zen eta Iturriagak denak asmatu zituen, bat izan ezik. Ondoren, binaka, Ajuriagojeaskoa Donald Trump izan zen, eta Lujanbio/Marine Le Peni aholkuak eman zizkion.
Azken ariketan, Iturriaga beste hiruren bertsonal trainer izan zen. Izan ere, durangarrak ez du parte hartuko udazkenean Txapelketa Nagusian, baina besteek bai. Ziria ederto sartu zioten elkarri eta, gainera, Iturriagak asmatu zuen beste hirurei ateratzen ea txapelketara zer aldarte daramaten. Bertsoen mailaren aldetik ere, ariketa hau izan zen osoena, txapelketa aipatu izanak bertsolariak bizkortu zituen akaso.
Saioa biribiltzeko, bertso eskolakoek lau protagonistei idatzitako bertsoak kantatu zituen publikoak.
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Final-laurdenetako txartela lortu du Pagolak. Hurrengo saioak datorren asteburuan izango dira, Hondarribian eta Andoainen.
Hirugarren final-zortzirena irabaztearekin bat, zuzenean sailkatu da final-laurdenetara Arana.
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen asteburua jokatuta, Lazkaoko eta Elgoibarko saioen txanda da orain. Irailaren 21ean izango da lehenengoa, eta 22an bigarrena. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.
Urretxuko Labeaga aretoan jokatu da 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final-zortzirena. Irabaztearekin batera, final-laurdenetara sailkatu da Rekondo. Bihar jokatuko da hurrengo final-zortzirena, Lasarte-Orian.