argia.eus
INPRIMATU
Mari Puri Herrero
Arrotza norbere etxean
Xabier Gantzarain @gantzarain 2017ko maiatzaren 24a
Urakan suntsitzailearen iragarpena (1984). Olioa oihalean, 170 x 230 cm.
Urakan suntsitzailearen iragarpena (1984). Olioa oihalean, 170 x 230 cm.

Emakumea delako, bere garaiko korronte nagusiari bizkar eman ziolako, beti oso libre ibili delako, auskalo zergatik, Euskal Herriko artearen historiak bazterrera utzitako artista horietarik da Maria Purificación Herrero Martínez de Nanclares (Bilbo, 1942ko abenduaren 10a), artista izenez Mari Puri Herrero. 75 urte beteko ditu aurten. Agertzen da liburuetan, bere lana badago museoetan, ez da ezezaguna, baina ahaztu samartuta daukagu aspaldian, ez zaio eman merezitako lekurik, erakusketa handirik, ikerketarik.

Jose Julian Bakedanok egin zuen bere ordura arteko lan grafikoaren katalogazioa 1982an, Bizkaiko Aurrezki Kutxak argitaratu zuen katalogoa: grabatzaile ona izan da, ezbairik gabe; bere galbahetik iragazi ditu jasotako eraginak, Goya batenak, Ensor batenak, espresionistenak, eta bere mundura ekarri ditu, eta bere mundua gurea da.

Grabatuetan zuri beltzean ia beti, ilunago, zorrotzago, zuzenago ere bai akaso, pinturan berriz pintzelkada arinagoz, kolore biziek zapart egin arte, konposizio orekatuz oro har baina elementu durduzagarriren batekin, eta hala ere mundu bera da azkenean Mari Puri Herreroren lanetan agertzen dena: taldean ere bakarrik dagoen jendea, ekaitza lehertu aurretiko isiltasuna, bertan egonda ere zer gertatzen ari den jakin ezin duen jendea, hitz batean esateko: arroztasuna. Harridura, misterioa, ironia, batzuetan tristura.

Figurazioa egiten duela esango genuke, horrekin ezer esaten ez dugula jakingo ez bagenu. Berak esana da: “Koadro guztiak dira abstraktuak”.

Donostian hasi, Madril, Amsterdam, Parisen ikasi, obra eder bezain harrigarria du Mari Puri Herrerok. Jende batek beharbada 1978an Marijaia sortu zuelako ezagutuko du. Beste batzuk ezta horregatik ere.