argia.eus
INPRIMATU
Euskal Eskola Publiko Berriaren Jaia Iruñean
Makro-jaialdien eredutik ihesi
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko maiatzaren 22a
Sortzen

Zenbat jaialdi berdin (edo oso antzeko) ezagutu ditugu azken urteotan Euskal Herrian? Izenagatik desberdinduko genituzke agian, baina egitarauari eta antolaketari begira zenbat makro-festa ikusi ditugu herri batean eta bestean? Gastatzeko gure ahalmenaz gaindiko dirua genueneko arrastoak izango dira. Aldaketak nabari dira jai ereduan ere, ordea. Horren adibide Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko jaia, eta bertan izango da ARGIA ere.
    Slow bizitzaren filosofiaz hitz egitetik praktikan jartzera pasa nahi dute aurten Iruñean. 25 urte ospatu zituen Sortzenek iaz Hernanin, eta handik abiatutako hausnarketaren praktika izango da maiatzaren 21ekoa. Azken urteetan antolatu dituzten jaialdiei erreparatu eta “gelditu” beharra ikusi dute. Bizitza frenetikoa frenatu eta hezkuntzaren ikuspegitik haurrak erdigunean jarriko dituen eskola antolatzearen beharra.  Horren bidetik doaz Auzo bizi onaren eskola aurtengo jaialdiaren leloa eta IkasKilo barraskiloaren pertsonaia.
    Jaia edukiz eta balorez betetzea. Ezagun egiten zaigu ARGIAn ere esaldi hori. Eta horixe bera du Sortzenek aurtengo jaialdirako oinarri. Eta balorez betetze horrek antolakuntza guztia iraultzen duenez, aurten ez du azken urteetan bezala eskola batek hartu jaia antolatzeko ardura; aurtengoan eskola guztiei luzatu zaie gonbitea prestaketetan parte hartzeko, eta hasierak kosta egiten badira ere, auzolanaren bidean urrats indartsuak eman dira. Eta makro-jaialdietatik ihesi, “zer behar du gure hezkuntza komunitateak?” galderari erantzun nahian antolatu da Iruñeko festa. Aurten, gainera, hezkuntza komunitateaz gain hainbat herri eragile gonbidatu dituzte Hezkuntza Azokan parte hartzeko. Bertan izango da ARGIA, Euskal Herriko Bilgune Feministarekin, Elikaherriarekin, UEUrekin, Euskal Memoria Fundazioarekin, Ikasle Abertzaleakekin, Topagunearekin eta eragile gehiagorekin batera.
    Kendu diezaiogun zentzu negatiboa “mantso”, “poliki” hitzei, geroz eta gehiago baikara gure komunitate txiki honetan pausoak poliki eta mantso ematearen aldekoak, pauso sendoak izanik.