Bizi luzea Post Pum-ari!

  • Sarkasmoa, parodia eta distantzia ironikoa, klase guztietako estiloekin nahasirik. Iritsi da Post Pum-a, euskal musika astinduko duen olatu berria. Eta aurreko olatuen bide bera egiten badu, kasu, bizpahiru hamarkadetan ez dugu beste konturik izango eta.

Bergarako Halabalooza festibalaren azken edizioa jo daiteke Post Pum mugimenduaren momentu fundazional gisa.
Bergarako Halabalooza festibalaren azken edizioa jo daiteke Post Pum mugimenduaren momentu fundazional gisa.

Ez zen beste hizketa gairik euskal probintzietan: noizko musika eszena irauliko duen hurrengo mugimendua? Noizko garai berriok eskatzen duten tamainako soinu banda? Doktoregaiak nazkatuta zeuden Euskal Kantagintza Berria eta RRV-a enegarrenez berrinterpretatzen, tabernariek hamarkadak zeramatzaten playlist berbera erreproduzitzen, eta melomano sutsuenek ere –zirrikitu ezkutuenetako doinuak ezagutzen dituzten horiek– ez zuten panoramaren hitsa aitortzea beste erremediorik. Baiki, begiak erne eta belarriak zut zituen edonork antzematen zuen airean: nazio oso bat, bere alderdi, lobby eta txosna batzordeekin, hortzak izerditan, musikagintza astinduko zuen mugimendu berriaren zain. Eta, zer esanik ez, hedabideen egitura osoa, bere kultur kazetari, tertuliakide eta musika kritikariekin, lumak koipeztatuta, euskal eszenan arrakala bat irekitzeko gai zen hurrengoa aldareratzeko prest. Azkenerako, artista kanonizatuak ere atera ziren egunkarietan aldarrikatuz Ez Dok Amairuren espiritua berreskuratzeko behar larria zuela herri honek. Makro eskalako apurketa berri bat. Betiko erretxinak salbu, ez zen inor asaldatu. Ordurako, adostasuna erabatekoa baitzen: udaberriko zizak hezetasuna nola, Urraketa Handia behar zuen euskal musikak.

Urrutiko intxaurrak ziren, baina gerturatu eta antzeko ezaugarriak zituztela ohartzen zen bat: elaborazio handirik gabeko kantuak, esperimentatzeko gogoa, eta Do It Yourself filosofia

Haizeak ezin zuen egokiago jo. Osagai guztiak mahai gainean zeuden, panorama lehertuko zuen taldea bakarrik falta zen. Eta, orduan, Aldapan gora kaleratu zuen Huntzak, eta zabaldu zen lau haizetara, Hemendik At-en arrakasta berantiarretik egundaino deus zabaltzen ez zen bezala. Ez zen belarri bakar bat ere libratu: bidean harrapatzen zuen oro bere baitatik atera eta deabrutzeko gai zen hit-a. “Noski, hau zen behar genuena”, zioen jendeak, irudituz triki-pop-aren aro loriatsua berpiztear zela, ostera loratuko zirela erromeriak Maixa ta Ixiar edo Alaitz eta Maider berriekin. Baina igaro dira ia zortzi hilabete, ez da segidarik sumatzen, eta honezkero susma liteke dena ameskeria hutsean geldituko dela. Bai, Huntzarena bozkarioa izan da, baina revival-arena, inoiz bizitako garai ederrak bere horretan errepikatu nahi zituenaren bozkario nostalgikoa eta, hortaz, iraungipen data zuena. Ez gaitu triki-pop-ak salbatuko, momentukotz.

Etsipenak hartu zituen bazterrak. Askok amore eman zuten, pentsatuz inoiz baino zailago zegoela urraketa, musikan egiazko iraultzarik egitea ezinezkoa zela dagoeneko. Izan ere, nola izan estetikoki urratzaile egun, kapitalak inoiz baino asimilazio gaitasun handiagoa duenean? Ba ote da oraindik benetako artea egiteko margenik? Halako galderei buruzko saiakerak hasi ziren liburu-dendetara iristen. Bitartean, kezka handiotatik argi urteetara, “Gaur erronkarieraz hitz egiten esnatu naiz” kantatzen zuen Kau Kori Kurak, Errioxa Zortzigarren Euskal Probintzia dela aldarrikatzen zuen Ttun Ttun Brigadek, lau dilistari buruzko kantu gogoangarria egin zuen ErrezHilek, Bernardo Atxagaren ahots eta guzti, Oi, Pello Pello elektronikara moldatu zuen Dr. Krzyc-ek. Urrutiko intxaurrak ziren, baina gerturatu eta antzeko ezaugarriak zituztela ohartzen zen bat: elaborazio handirik gabeko kantuak –ordenagailu batekin eta oso oinarrizko sintetizadoreekin edonork grabatzeko modukoak–, esperimentatzeko gogoa, eta Do It Yourself filosofia.

Txanpiñoi gehiago ere agertu ziren bide bazterrean. Hondarribiaren soziologiaz dokumental serie luze bat egiteko motiborik falta bazen, han hasi ziren Gorpuzkingzeko gangstak trapa egiten, beren armategi eta guzti, abiyua merke-merke lortzen dutela kantatuz. Bizkaiara ere iritsi zen ufada freskoa: entzun, bestela, Magnetico Grupo Robot-eko anfitrioi zibernetikoen kantu labur bezain bizkorrak, edo Zazkelen Tribu Dantza, Euskal Pop Erradikala erreibindikatuz. Betiko punk-a egiten zutenak, berriz, panfletotik atera eta hitz satirikoetara jo zuten. Irungo Pecozza Unitedek kantu bana eskaini zien, besteak beste, Bugattiko bihurgunea blogari edo Durangoko Zentro Palentinoari. Donostiako Txemak anal-core taldekoak, ostera, kexati zebiltzan, Eibarren El Corte Inglesa daukatelako, eta Donostian ez.

Inork esango du musikarion arteko lotura behartuegia dela, oso ezpal desberdinekoak direla –elektro pop, trap, punk, freak, anal-core, eta abar– eta ez dela komeni Errezil sagarra eta Goldena zaku berean sartzerik. Irakurketa kamutsa, ez baitu kontuan hartzen korronte artistikoen bateratzaile funtsezkoena: jarrera. Espiritua. Mundu ikuskera. Eta agerikoa da, ñabardurak ñabardura, taldeoi sumatzen zaiela antzeko begiratu bat. Ez berria, baina bai bazterrotan askorik zabaldu gabea –are gutxiago euskaraz–. Jarrera ironikoa da, batzuetan sarkasmora gerturatzen dena, besteetan parodiara, sarri puntu ikonoklasta batekin. Barrearen eta deserosotasunaren artean uzten dute entzulea, ez dakielako entzuten ari den ahots hori zenbateraino den benetakoa, zenbateraino fikziozkoa. Eta, batez ere, ez daukate Euskal Herria salbatzeko bokaziorik.

Inork baino lehenago usaindu zuten hori guztia Bergarako Txapa irratiko kideek. Apirilaren 1ean antolatu zuten Halabalooza Festibala Kartzela Zaharrean, eta gonbidatu zituzten olatu berri horretako hainbat talde: Ttun Ttun Brigade, Magnetico Grupo Robot, Zazkel, Dr. Krzyc… Jaialdi hark izan zuen eite fundazional bat, aurrenekoz bildu zituelako toki eta une berean ordura arte antzeko jarrerarekin baina beren kabuz zebiltzan hainbat artista. Zalantzatienek ere garbi ikusi zuten gau horren ondoren: bai, han mugimendu bat zegoen. Bestelako forma bat hartzen zuen mugimendu bat –sakabanatuagoa, deszentralizatua, martxa finkorik gabea, oso anitza–, baina mugimendu bat. Egin dira marmitakoak atun gutxiagorekin.

Badago mugimendu bat, sakabanatua, deszentralizatua, martxa finkorik gabea, oso anitza, baina mugimendua. Egin dira marmitakoak atun gutxiagorekin

Izena jartzea besterik ez zen falta. Etiketak izan behar zuen “euskal”-ik gabea, motza eta inklusiboa. Zein da, ordea, talde horiek guztiak barnebiltzen dituen ezaugarria? Aipatutako jarreraz gain, sortu diren garai historikoa. Arte oro ulertzeko testuinguruari erreparatu behar bazaio, talde guztiok gatazka armatuaren ostean sortutakoak dira. Nola ez du, bada, horrek eraginik izango? Ez hainbeste, boteprontoan pentsa litekeen bezala, lehen ezin zirelako gai batzuk askatasunez parodiatu –ikusi, bestela, Ciclos Iturgaiz edo Lendakaris Muertos–. Ziur asko, beste bat da gakoa: ziklo armatua amaitzearekin bat narratiba oso bat amaitu da, eta badago sentipena ez ote duen ordezkatu dena zipriztintzen duen baikortasun naif batek. Aldiz, talde berriotan begiratu eszeptikoago bat suma daiteke. Demaseko optimismo horren aurrean, nahiago dute distantzia hartu, eta inguruari begirada zorrotz bezain ironikoa bota.

Bada garaia biolentziaren aroaren ostean sortzen ari den ahots multzo hau bataiatzeko. Iritsi da Post Pum-a. Datozen hamarkadetan hartuko ditu taberna, txosna eta herri bazkari oro. Entzungo da Korrikako furgonetako bafleetatik, Herri Urratsen eta Usopopen. Jarriko dute derrepentean Radio3-n eta, suerte pixka batekin, Gaztean. Beteko ditu Wikipediako orrialdeak. Egingo dira mahai-inguruak, hitzaldiak, eztabaidak. Egingo dira, halaber, kamisetak, dokumentalak eta doktore tesiak. Iritsiko da museoetara. Graduondokoetan irakatsiko dute kultur transmisioaren adibide eredugarritzat, harik eta higatzearen higatzeaz erreakzionario bilakatu eta norbait kontra egiten ausartzen den arte. Bien bitartean, bizi luzea Post Pum-ari!

Ttun Ttun Brigade
"Punkera itzultzea da hau"
Ttun Ttun Brigadeko kideak euren jarraitzaileetako batekin.

Zerrendatu ditzakezue haiekiko afinitatea sentitzen duzuen euskal talde batzuk?

Ciclos Iturgaiz erregeak dira. Hasiera batean horrelako zerbait euskaraz egitea zen gure asmoa. Ondoren, Kau Kori Kura gure talde kuttunenetako bat bilakatu da, eta baita inspirazio iturri ere. Gorpuzkingz existitu aurretik jada horrelako zerbait behar zela argi genuen, eta iritsi da... Bestelako proiektu batzuk ere sortu dira, ErrezHil adibidez. Hor ari dira Anunnaki eta Doctor Krzyc gure lagun minak elektronikarekin esperimentatzen, eta sinetsi, zeresana emango dute. Magnetico Grupo Robot dira Euskal Herriko Devo, oso estilo propio eta zoroarekin. Zazkel haize fresko ufada ikaragarria izan da. Oso lotura berezia daukagu Bergarako BET jaialdiko antolatzaileekin eta Haus of Beats elektronika irratsaioko kideekin. Eta euskarazko euro dance-aren aitzindariak ere bai: Hemendik At. Azkenik, antzekotasun handirik ez badugu ere, gustatzen zaigu Mursegok eta Amorantek musikarekiko daukaten jarrera jolasti eta esperimentatzailea.

Zuen ustez zerk batzen zaituztete aipatzen dituzuen gainontzeko taldeekin?

Guk egiten duguna katxondeoan egiten dugu, baina beste alde batetik, oso serio. Txantxa bat izan liteke askotan, baina Ttun Ttun Brigade edo Gorpuzkingz, nazio eraikuntza dira. 2015etik aurrera trap musika mundu guztian hedatu bada, Euskal Herrian trap musika euskalduna behar dugu. Gure herriari zor diogu umorea egitean erreferente propioak sortu eta erabiltzea. Adibidez, gazteak drogatuko badira, behintzat eska dezatela abiyua speed-aren ordez, eta reggaetoi kutrea dantzatu behar badute dantza dezatela Euskadin Txortan Egiten da. Bestalde, badirudi euskal musikaren zirkuitu jakin batean sartzeko izan behar zarela poeta, filosofoa eta intelektuala. Horren kontra ere egiten dugu. Edonork egin dezake egiten duguna, gogo pixka bat jarriz gero. Azken finean, punkera itzultzea da. Lotsa galdu, eta konplexurik gabe kalera ateratzean sinesten dugu.

Zazkel
"Euskaldunak errebeldeak izan nahian neurriz kanpo atera gara, aspergarriak bihurtu arte"
Argazkia: Hodei Torres.

Zerrendatu ditzakezue haiekiko afinitatea sentitzen duzuen euskal talde batzuk?

Halabaloozako taldeekiko afinitatea izaeran daukagu. Musikalki, Euskal Herriko hainbat talderekin aurkitzen dugu, gehienak 80ko hamarkadakoak: Itoiz, Hertzainak, Delirium Tremens… Oraingo bakar batzuk aipatzearren: Aizkorak Zorroztu edo Burun Danga. Baina ez askoz gehiago, ezagunenek patxanga tronpeteroa jotzen dute eta.

Tronpetismoa, plastikozko ska, RRVa… Inguru batzuetan barru-barruraino sartuta dauden hainbat konturi kritika zorrotza egiten diezue. Zer daukazue esateko horiei buruz, eta, horien aldean, non kokatzen zarete zuek?

Euskal kulturan punk, rock eta musika ingelesak garai batean ikonoklastak eta kontrakulturalak ziren, baina guztia bere garaian egin behar da. Azken hogei urteotan, euskal talde ezagun guztiak dira kontrakulturalak, haien hitzak eta haien jarrera errebeldeak dira. Baina kontrakulturala korronte printzipala bihurtzen bada, jada ez da kontrakultura. Tatuaiak eta piercingak orain 30 urte egiten zituena, hori zen errebeldea. Orain Aita Santuak ere badaramatza. Musikarekin gauza bera gertatzen da: garai bateko kontrakulturaren antza duen produktu bat saltzen dute musika ekoizleek. Eta hori da arazoa, eroso gaudela iraultzaile eta apurtzaile garen ilusio horretan, eta funtsean dirua egiteko sistema bat bilakatu da. Horregatik dator Euskal Pop Erradikalaren kontzeptu hori. Nahiz eta ezagutu, bizi eta maite dugun punka, rocka edota ska, ez genuke ekarpen berririk egingo horiek joz gero. Euskaldunak gogorrak eta errebeldeak izan nahi horretan neurriz kanpo atera gara aspergarriak bihurtu arte, eta pop musika gure ustez korronte horren kontra doa. Hor kokatzen dugu gure burua.

Pecozza United
"Edozein etiketa probestuko dugu etorkizunean dokumental nostalgikoetan agertzeko"

Orreaga iritzi taldeari buruzko kanta bat duzue, Bugattiko Bihurgunea blogari buruzko beste bat... Non bilatzen duzue inspirazioa?

Gure baitako kontraesanetan. Nondik dator urtetan zehar gure artean landutako umore kabroia? Antzeko hedabideak irakurtzetik, antzeko lekuetan ibiltzeagatik, Irungo gaztetxeko asanbladan elkarrekin egotetik...

Etiketa bat sortu behar bazenute musika taldeen olatu berri hau guztia barnebiltzen duena, ze izen jarriko zeniokete?

Taldekide batek “zinismo musikatua” proposatu du, baina ez gara adostasun batera iritsi. RRVko taldeek bezala, guk ere ez dugu onartuko Pecozza inolako etiketaren pean saltzea, baina baten bat sortzen baduzue, RRVko taldeak bezala, benetan asko poztuko gara, eta ahal bezain beste probestuko dugu edonon jotzeko, eta etorkizunean liburu autobiografikoak idatzi, hitzaldiak eman edo dokumental nostalgikoetan agertzeko.

Besterik esan nahi baduzue, bota lasai asko.

Ideologikoki irainduta sentitu beharko luketenek hartu dute ongien Pecozza, eta ematen du badagoela, adibidez, ezker abertzalearen baitan, autokritikarako eta norbere buruaz barre egiteko gogoa, baina ez direla ausartzen. Edo hain makal dago mugimendua, ezen inork kasu pixka bat eginda asko pozten baitira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Post Pum mugimendua
2018-10-22 | Kepa Matxain
Sad Nigiri (aurretik Sad Mirri gisa ezaguna), musikaria
“Trap-a showrako aitzakia hutsa da”

Mirri triste dagoela esanez agertu zen plazan, ileorde gorri bat buruan. Bat-batean, entzulea erotzeko asmoa zeukan meditazio disko bat argitaratu zuen. Orain, ezustean, Mirri hil du, eta sushi izenez birbataiatu du bere burua. Ikusitakoak ikusita, biharko ze asmo duen galdetu... [+]


Gorpuzkingz: euskal trap musika inon baino alaiagoa izanen da

Ia ezinezkoa zirudien euskarazko trap musikariak agertzea, baina Bidasoaldeko gazte batzuk kapaz izan dira genero honi egokitzen zaion bokabulario oso bat sortzeko euskaraz.


Eguneraketa berriak daude