argia.eus
INPRIMATU
Pertsiatik Irunera
  • “Mertxika” esaten diogu guk erromatarrek “Pertsiako sagarra” deitzen ziotenari. Prunus persica bere izen zientifikoak “Pertsiako arana” esan nahi du. Mertxikaz gain muxika, melokotoi, tuaxa eta preskua ere deitzen zaio. 

Jakoba Errekondo 2017ko maiatzaren 10a
Mertxika, Prunus persica. (Arg.: Istvan Takacs-CC By)
Mertxika, Prunus persica. (Arg.: Istvan Takacs-CC By)

Erromatar horiek ekarri omen zuten mertxika geurera. Irungo Oiasson utzi zituzten arrastoen artean topatua da Iberiar penintsulako mertxika hezur zaharrena. Pertsiatik Oiassora.

Ez naiz harritzen. Haren usainik sekula hartu ez duen baten sudurpera mertxika heldu bat eramaten duenak “konkistatu” du, edo irabazi, behintzat, bai. Zenbat usain eta dasta ez dituzte ekarri geurera erromatarrek, zeltek, arabiarrek... Denek irabazi gaituzte, eta denekin irabazi dugu.

Ehun eta hamar osagai bereizi dira mertxikaren usainean. Ehun eta hamar! Zetonak, alkoholak, aldehidoak, polifenolak, terpenoak, esterak... Ehun eta hamar. Gaur dakigunarekin, esan dezakegu ehun eta hamar osagai dituela mertxikaren usainak. Hemendik urte gutxira, beste hainbeste aurkituko dizkiote. Flabonolak, tanino kondentsatuak, azido klorogenikoak, antozianinak... Zer ez du edukiko! Denak osasungarriak. Ez dute, ordea, mertxika guztiek osasuna berdin indartzen. Aspaldikoak dira nekazaritza kimikoan eta nekazaritza ekologikoan ekoizten diren mertxiken arteko aldea ezagutzeko neurketa zientifikoak. Alde ederra dago: besteak beste, ekologikoak askoz ere aberatsagoak dira osagai fenolikoetan. Osagai horiek landarea indartzen dute intsektuei eta onddoen, bakterioen eta birusen infekzioei, baita ere estres mekanikoei aurre egiteko.

Mertxika-txoria, Pyrrhula phyrrula. (Arg.: Mark S. Jobling)

Mertxika-txoriari galdetu beharko diogu. Mertxika-txoria edo gailupa, Pyrrhula pyrrhula. Bere izen zientifikoa grekotik dator, eta “harrak jaten dituena” esan nahi du, baina geurean mertxika-txoria da. Hark bai, mokoka hasi aurretik, ederki bereiziko ditu mertxika kimikoa eta ekologikoa. Usaina nahikoa izango du. Zalantzarik ez duzu izango zein aukeratuko duen, ezta? Eta zeuk, dendan zein hautatzen duzu?