argia.eus
INPRIMATU
Tentagarria
Edu Zelaieta Anta 2017ko maiatzaren 04a

Tentagarria iruditu zaio, praktika ez-zientifikoa bada ere, parekidetasunaren aldeko urratsak eman dituzten estatuak auto-matrikularen arabera neurtzea. Izan ere, etxetik kanpo egindako azken oporraldia baliatuta, P-dunetan gidari doazen emakumeen kopurua E-dunetan gidari doazenak baino apalagoa dela ikusi du; hala berean, F-dunetan eta GB-dunetan doazenak E-dunetan baino gehiago direla ohartu da.

Tentagarria iruditu zaio unibertsitateko irakasle-ikertzaileari, hilero jasotzen duen jornalak halako praktika ez-akademikoak babesten ez baditu ere, parekidetasunaren aldeko urratsak matrikulaka sailkatzea. Izan ere, familia kasuetan bereziki, joera nabaria da nork daraman lema, nork hartzen duen rol aktiboa (eta nork ez), noren eskuetan jartzen diren autoan doazen guztien biziak.

Tentagarria iruditu zaio, lagina eta metodoa estandarrak ez badira ere, matrikuletan ikusi uste duen errealitatearekin ondorioren bat ateratzea. Izan ere, bolanteari heltzen dioten esku gehienak, matrikularen letra larria gorabehera, gizonenak dira: gizon zuriagoak, gizon beltzaranagoak, gizon zaharragoak, gizon gazteagoak; hots, lau gurpiletan ere, bi hankatan bezala, gizona nagusi.