Erabakitzeko eskubidearen jauzi erraldoia

  • Datorren maiatzaren 7an 50 herritako 285.000 herritarrek Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko aukera izango dute. Edo zehatzago esanda, zer nahi duten bozkatzeko aukera: euskal errepublika, independentzia, Espainian jarraitzea…Erabakitzeko eskubideaz egin den inoizko kontsulta handienaren aurrean gaude.

Orain arteko galdeketetan 301.245 lagunek izan dute beren botoa emateko aukera eta horietatik ia %28k eman du berea, 83.350 pertsonak (%95ek) Espainiatik bereiztea bozkatu dute eta %3k bertan jarraitzea. Datorren igandeko galdeketekin, beraz, ia milioi erdi herritarrek erabaki eskubideaz bozkatu ahal izango dute Gure Esku Dagok (GED) antolatutako kontsultetan. Ez dira ofizialak, jakina denez, baina borondate politikoa adierazten dute, eta hori da edozelako izaera konstituziogileren oinarria.

2013an sortutako erakunde honek argi du gaur gaurkoz euskal instituzioek ezin badute halakorik galdetu, beraiek egingo dutela lan hori, noizbait instituzioek egin dezaten, hori baita GEDen benetako helburua. Edozein modutan, ohiko hauteskunde prozesuak alde batera utzita, euskal gizartean izan den mobilizazio jarraitu handienetako baten aurrean gaude, eta hori oso kontuan hartu beharko dute erabaki eskubidearen aldeko zein kontrakoek. Are gehiago Katalunian bizitzen ari den egoerarekin.

Autogobernu lantaldea

Autodeterminazioa, independentzia edo euskal herritarrek erabakitzeari buruzko hainbat ekimen abiatu dira azken hamarkadatan euskal gizartean eta bidean geratu ere bai. Batek ere ez du lortu oraingoaren adinako herritarren inplikaziorik.

Eta hala ere, Gure Esku Dago ez da garaiotako ezaugarri indartsuenetakoa den ziurgabetasunetik libratzen: Zertarako? Unea ote da? Ba al da behar adinako indarrik? Nortzuk? Nola? Giltzarri diren uneetako ohiko galderak dira.

Besteak beste, GEDek lortu du 2.000 pertsona lanean jartzea bere taldeetan, hainbat joera politikoetako pertsonak biltzea ere bai, elkartearen esanetan. Asko da. 2016ko giza kate arrakastatsuaren muinean aldarrikapena festa giroan egin zen, ildo beretik jarraitu nahi izan zen estadioetako ekitaldiarekin, baina ez zen guztiz asmatu eta ez zuen horren zapore onik utzi. Galdeketen olatuek bestelako arrastoa uzten ari dira, besteak beste aldarrikatzetik gauzatzera egin delako.

Ekainaren 10ean GEDek giltzarritzat jotzen duen Herritarren Ituna aurkeztuko du, indar subiranisten gizarte proiekzioan jauzi garrantzitsu bat eman asmoz. Datorren urtean olatuekin jarraituko da eta ura hiriburuetara iritsiko da lehenbiziz. Guztiarekin, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean jorratzen ari den autogobernu batzordearen edukian eragin nahi du modu erabakigarrian: onartzen den testuak bildu dezala bere baitan erabaki eskubidea.

Eta ez da zalantzarik une klabea bizi daitekeela autogobernuaren esparruan, Eusko Legebiltzarra Gernikako Estatutuaren erreformaz ari delako eta hori Madrilera eraman dezakeelako gutxieneko adostasunak erdiesten badira. Gutxieneko adostasunak noren artean eta zertarako? Horra hor zalantzaren muinak. Besteak beste, EAJk aukeren artean aipatu du Madrilera eraman aurretik testua EAEn kontsultara eramatea, horrela Madrilek euskal gizarteak zer nahi duen jakingo lukeelako.

Konfiantza eza

EAEko esparru instituzionalean gertatzen ari denarekin, alabaina, euskal gizarteko hainbat sektore sozial eta subiranista uzkur ageri da jeltzaleen jarrerarekin. Azken asteetako ELAren eta EAJren arteko hika-mika gogorrak dira horren erakusgarri. Joxe Elorrieta sindikatuko idazkari nagusi ohiak ere argi adierazi du bere azken liburuan: EAJk orain ez badu prozesu subiranistarik nahi, zergatik tematzen dira besteak horretan? ELAk ez du indar harremanik ikusten horretarako eta ezkerreko indar subiranisten aliantza proposatzen du erabaki eskubidea eta eguneroko borroka sozialak aurrera ateratzeko, aurrera begira uneren batean indar kontserbadoreagoak behartuko dituelakoan, batez ere EAJ.

Lasarte-Orian erabakitzeko eskubidearen alde egindako mobilizazioa. (Arg.: Gure Esku Dago)

Jeltzaleak eraso sozialean eta Madrilekiko bilateraltasunaren eskeman ikusita, ELAri gaitza iruditzen zaio baldintza horietan burujabetza metaketarik egitea. Funtsean, Eusko Legebiltzarreko 75-57 erabaki eskubidearen aldeko gehiengo teorikoa espejismo bat iruditzen zaio, are gehiago Eusko Jaurlaritzako legealdiko lehen aurrekontuei begira EAJk, PSEk eta PPk lortutako akordioaren ondoren. 2016ko azaroan jada, Manu Robles Arangiz ELAren fundazioko lehendakari Xabi Anzak galdera zorrotzak jaurti zituen bere blogean: “Nork emango dio albiste txarra unibertso abertzaleari? ¿Nork esango dio behingoz batuketa abertzalea ezin dela izan estrategia subiranistaren abiapuntu?”.

GEDek zailtasun gehiago ere baditu, EAJren sektorerik subiranistena samurrago hurbiltzen zaio, baina alderdian nagusi dena erakartzea gehiago kostatzen zaio, eta horretan sakondu behar du Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkulluren erabakietan eragin ahal izateko. Bistan da, zenbat eta herritar gehiago –tartean jeltzaleak–, eragina handiagoa izango da.

Antolaketarako indarra sumatzen da euskal gizartean, zeresanik ez prozesu subiranistari eragiten dion halako gai batean. Baina bistan da konfiantzarik ez den lekuan gaitza dela konplizitateak eraikitzea, edozelako indar metaketan ezinbestekoa den osagaia, izan nazio eraikuntzaren alorrean, izan burujabetza sozialaren esparruan.

ARGIAren zenbaki honetan doa, eta artikulu honekin batera, EHUko irakasle eta Gure Esku Dagoko idazkaritzako kide den Mario Zubiagaren elkarrizketa


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erabakitzeko eskubidea
2024-11-18 | Leire Ibar
Ekainaren 7an manifestazioa antolatu du Gure Eskuk, ‘Herri Libre Bat-Euskal Herriak Erabaki!’ lelopean

"Nazio gisa eskubideak aldarrikatu eta herri oso bat martxan irudikatzeko" deitu dute 2025eko ekainean Bilbon egingo den mobilizazioa. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatzeko "denen artean eta elkar lagunduz" lan egin behar dela berretsi du... [+]


Erabakitzeko eskubidearen alde egin dute EH Bilduk eta EAJk Araban ere

Bizkaian eta Gipuzkoan egin bezala, EAEko estatus politiko berriak Euskal Herria nazio gisa aitortzea eta erabakitzeko eskubidea jasotzea eskatu dute Arabako Batzar Nagusietan alderdi abertzaleek.


2024-10-17 | Julene Flamarique
Gure Esku-k “herri bat bagarela” erakutsiko du azaroaren 16an bideo maratoi batekin

Aurreko ekainean aurkeztu zuten ekimena Donostian. Maratoiaz gain Iruñean, Donostin, Bilbon eta Gasteizen zuzeneko ikuskizunak izango direla zehaztu dute asteazkenean. Hamabi orduz egongo dira “Euskal Herria irudikatzen”, eta “360 graduko Euskal... [+]


Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


2024-03-04 | Ahotsa.info
Nafarroako autogobernua eta herritarren borondate demokratikoa errespetatzea eskatu dute Iruñean

"Nafarroa defendatu" manifestua kaleratu eta sinatu duten 120 alkateek egindako deialdiari erantzunez, Iruñeko Sarasate Pasealekuan elkarretaratzea izan da larunbat arratsaldean. Auzitegi Gorenak Trafikoaren eskumena Nafarroari transferitzea baliogabetzea... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Aterik itxi gabe, Espainian hoztasunez jaso da Urkulluren proposamena

Urkullu lehendakariak konbentzio konstituzionalaren proposamena egin du Espainiako Estatuan autogobernuaren eztabaidan sakontzeko eta estatu plurinazionalaren egiazko aitortza egin dadin.


“Popatik hartzera” bidali ditu ertzain batek hiru lagun, euskaraz aritzea eskatzeagatik

Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]


Frantziako Tourrean “ez garela ez frantsesak ez espainiarrak” erakustera dei egin dute EH Bilduk eta EH Baik

Lasterketaren lehen hiru etapak Euskal Herrian egingo dituztela baliatuz bi estatuetan banatutako herri bat dagoela erakutsi nahi dute alderdi politiko independentistek. Hendaian bildu dira bozeramaileak horren berri emateko.


2023-06-20 | Hala Bedi
Trebiñuren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Gure Eskuk

Trebiñuko herritarrek bizi duten egoera "anakronikoa" salatu zuten igandean.


2023-05-25 | Euskal Irratiak
Frantziako Tourra kari, Euskal Herria mundura ekimena abiatu du Gure Eskuk

Frantziako itzuliak duen nazioarteko oihartzuna baliatuko du Gure Eskuk, 'Euskal Herria mundura' izeneko ekimenarekin. Tourreko lehen hiru etapak osoki Euskal Herritik pasako direla baliatuta, "inoiz egin den ikurrinik erraldoiena" zabalduko dute, eta 4.000... [+]


Eguneraketa berriak daude