argia.eus
INPRIMATU
Marketin sozialeko erasoaldia Europan
  • Europar Batasunak zuzentarau eta gomendio multzo bat onartuko du agenda soziala berreskuratzeko. Iragarria zuen halakorik egitea, baina ahaztuta zeukan. Familiaren eta lanaren arteko kontziliazioa hobetzeko lau ekimen daude tartean, baita babes soziala –langabetuak barne–, kontratazioa eta lanegunak hobetzeko neurriak ere.

Juan Mari Arregi 2017ko maiatzaren 02a

Merkatarien Europa honetako arduradunak, Kapitalaren Europa, oso kezkatuta daude eskuin muturraren gorakadarekin –orain Frantzian ere bai–, “populismoarekin” eta eurofobiarekin. Beldur dira ez ote duten langile eta herritarren artean eztanda egingo. Ez dira gizarte justu eta berdinago baten bila ari. Ez. Urtarrilean munduko eliteak Suitzako Davosen bildu zirenean ere esan zuten: hazkunde ekonomikoaren etekinak apur bat helarazi behar zaizkio jendarteari, matxinada eta mobilizazioak saihesteko. Horregatik, EBk marketin sozialeko operazioa jarri du martxan. Bere jokabidea zertxobait aldatuko du –apurrak banatuko ditu– eredua berarekin etekinak pilatzen segitzeko.

Globalizazio kapitalistari jarraiki, orain arte murrizketa politikak sustatu eta mantendu izan dira EBn, horrek herritar eta langileentzat dakartzan ondorioekin: multinazionalak gero eta aberatsago diren heinean, langileak deslokalizazioak jasan dituzte, soldatak jaitsi dizkiete, babesgabetasun soziala areagotu da, gazteen arteko langabezia ere bai, prekarietatea, desberdintasuna eta diskriminazioa emakumeen artean... Orain, eskuak garbitu nahi dituzte euren Europarekin jarraitu ahal izateko: kapitalarena. Marketin erasoaldi erabatekoa da! Europa sozialak beste eredu sozioekonomiko bat behar du... gaur egun ez al da halakorik existitzen?