argia.eus
INPRIMATU
Leku-aldaketa
Barruko harremanak estutzen
  • Ideia bat egin dezazun, irakurle: oporretatik bueltako lehen eguna. Kafe bat hartzeko astirik ere ez duzu izan oraindik jaiegunetako erritmoa aldatu ez duzulako, eta zuzenean zoaz lantokira. Han topatzen duzu guztia lekuz aldatuta, oraindik mailu hots bakan batzuk han eta hemen, ordenagailua non daukazun ere ez dakizula; baina esaten diozu zeure buruari: “bazen garaia hau egitekoa”.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko maiatzaren 04a

Lan lekuak eta mahaikideak aldatuta heldu diogu apirilari ARGIAn. Erredakzioa, administrariak, komertzialak, diseinatzaileak… lehen sailka banatuta zeuden bezala, nahastu egin gara orain. Lehen bi solairutan banatzen zen lantokia bakarrean kontzentratu da orain gehien bat. Baina zergatik?
    Ziurrenik niri bezala gehienoi kazetariaren figura etorriko zaizue lehen kolpean burura egunkari edo astekari bateko lanaz galdetzean. Eta neurri batean normala, pentsatzen dut, gure eskuetara testu eta sinadurak iristen baitira. Astekari bat ez du, ordea, erredakzioak bakarrik ateratzen aurrera. Komertzialen eta administrarien lanik gabe zer egin? Hanka-oker geratuko litzateke proiektua. Batzuek idatzi egiten dute, informazioa zabaldu, proiektuaren paper publikoagoa jokatzen dute; baina diru iturriak lotzen ere jakin egin behar da, eta hor jokatzen dute partida nagusia beste batzuek. Eta zer egin administraririk gabe? Idazle eta intelektual koadrila honek gutxi daki ehuneko eta nominez! Errealitatean, baina, askotan distantziak sortzen dira lan batzuen eta besteen artean, eta batzuetan aldaketa fisikoak ematea ere garrantzitsua izaten da, betikotzeko arriskua duten muga ikusezin horiek puskatzeko.
    Benetako lan-taldeak horrela sortzen ei dira, hala dio enpresen antolaketan aritzen den zenbaitek. Benetako lan-taldeak diziplina ezberdinetako jendea elkartuta sortzen direla. Eta hori da ARGIAren intentzioa ere, proiektu bera alde diferenteetatik elikatzen dutenak elkartu, nahastu, eta guztion artean tira egitea.
    Lau pareta hauetatik kanporako harremanak zabaldu nahian gureak estutzen goaz.