argia.eus
INPRIMATU
Ipurtargiak etxera
  • Maiatz ederrari ekin diogu. Konturatzerako bero sapa azaleratzen diguten urteko egun luzeenetan gara. Urteko gau motzenak izango dira orduan, baina ikuskizun paregabea eskaintzen dutenak. Ez naiz ari jai txolinenei adarrak ipintzen dizkieten su-festa zalapartatsuez. Isilagoak dira ipurtargiak.

Jakoba Errekondo 2017ko maiatzaren 01a
Ipurtargi harra, barraskilo bat paralizatu eta jaten. (Arg.: Heinz Albers-CC By)
Ipurtargi harra, barraskilo bat paralizatu eta jaten. (Arg.: Heinz Albers-CC By)

Ipurtargiak kakalardoak dira, eta ehizatu nahi dutena erakartzeko edo bikotea limurtu eta hurbiltzeko gogoa pizteko, ipurtaldeko azalaren azpian oxidazio baten bidez argi kimiko hotza sortzen dute, bioluminiszentzia. Agidanean, 2.000 bat espezie ipurtargi dago munduan, eta bakoitzak bere argi frekuentzia eta piztu-itzali segida erabiltzen ditu. Hezetasuna dagoen tokietan ugariagoak dira, bertan jaki gehiago aurkitzen baitute.

Argi hotzeko dantza bero horren ondoren, emeak lurpean erruten dituen arrautzetatik jaioko dira ipurtargi kumeak. Goseak amorratzen jaio ere. Beldarrak, harrak, barraskiloak eta bare txikiak edo bare-sitsak dira haren jaki gustukoenak. Taktika aparta du: aurkitzen dituenean jariakin baten bidez paralizatzen eta atxikitzen ditu, bitartean jariakin horrek berak biktima barrutik digerituko du, gero ipurtargitxoak behar duenean lasai ederrean jan dezan.

Ingurune aberatsaren adierazle dira ipurtargiak. Gero eta ipurtargi gutxiago ez al duzu ikusten? Eta gero eta har, barraskilo eta bare gehiago? Zure ingurunea gero eta ekologikoki eskasagoa dela esan nahi du horrek. Ipurtargien atzerakadak arrazoi ugari izan ditzake: intsektiziden erabilera harroa, gaueko argitasuna ugaritzea, hezetasuna urritzea...

Ipurtargiak inguratzeko ekin. Gaueko argiak itzali. Intsektizidarik ez erabili. Polena ere jaten dutenez, lore aukera zabaldu. Iturri edo putzu edo aska, ura jarri eskuera. Uraren ingurua ahal den eta naturalena eduki, “garbitu” gabe: basa edo lokatza, adar eta egur puskak, belarrak eta landareak bere horretan utzi bertan. Zuhaitz garaiak mantendu.

Japonian “Nazio Altxor” izendatua dute ipurtargia, kultur monumentu handienen parekoa, alegia. Tokitan dago gure kultura...