Beti egin zait harrigarria zenbat dakiten arteaz politikariek eta bankariek. Denek behar dute izan zaleak… Hauxe zioen 2010ean Xabier Iturbe Kutxako Lehendakariak, Donostiako Boulevard aretoan eskaini zioten erakusketaren katalogoan: “Inpresionismotik gertu egon arren, zaila da Amarica talde artistiko zehatz batean kokatzea. Adituek ere, Amaricaren lan lasai eta zintzoak ikusita, ez dute sailkatu nahi izaten”.
1900. urtean Parisen egon zen eta han ikusi zituen azken joerak, inpresionismoa tartean
Iaz bete ziren 150 urte Fernando Amarica Medina jaio zela (Gasteiz, 1866ko ekainaren 1a - Gasteiz, 1956ko azaroaren 6a), “giro zoriontsuan”, berak esatera. Abokatu ikasketak egin zituen Valladoliden, bukatuta zituen 21 urte bete orduko, baina ez zuen sekula abokatu lanik egin. Aita baino 23 urte zaharragoa zen osaba hil zitzaion, txera handia ziona, eta hark utzitako diruekin bizi ahal izan zen artera erabat emana.
1893an hasi zen munduan besterik ez balego bezala pintatzen. Erroman egon zen 1895ean, eta bidaia egin zuen Italian zehar, egonaldia aprobetxatuz. 1898an Madrilen egon zen, Sorollaren ikasle; ordukoa du luminismoa, seguru asko. 1900. urtean Parisen egon zen, Erakusketa Unibertsala tokatu zen urtean, eta han ikusi zituen azken joerak, inpresionismoa tartean.
1903an Parisko Saloira aurkeztu zuen hemen ageri den koadroa, Iraileko arratsaldea Zadorraren ertzean, eta hautatua izateaz gain, laudorioak jaso zituen; Espainiako Prado Museoarena da gaur egun.
Luze bizi izan zen, eta halakoxea utzi zuen produkzioa ere, zatirik handiena bere izena daraman fundazioaren esku. Paisaiak margotu zituen batez ere, argia du gaia beti, leku eta une bakoitzaren bakartasuna, berezitasuna, tonuak, koloreen ederra, unearen bizia... Hilabeteak edo urtaroak aipatu ohi ditu izenburuetan, hemengo honetan bezala.