Urte eta erdi hondartza batean hildako haur siriar baten argazkiak sare sozialak astindu zituenetik. Txuriegia zen umetxoa europar begientzat, urtetan Mediterraneoan itotako milaka ume eta heldu beltzak baino hunkigarriagoa.
Ordutik, etorkinak eta etorri ez direnak esplotatuz nagusitasun ekonomikoa mantentzen saiatzen den Europa zaharrak are bortitzago itxi ditu ateak, kontzertinak zorrotzago, hesiak altuago, luzeago.
Mezu xenofoboak eraso terroristen albisteekin nahasten dira. Kanpotarrak arriskutsuagoak, matxistagoak, lapurragoak direla barneratzen dugu. Tantaz tanta zulatu dezake urak harria.
Irmo erantzuten diogu honi. Herritar guztiok sistema eta elite boteretsu berdinak ditugu zapaltzaile eta diskurtso arrazistak herri boterea herrika bereizi nahi du: koloreka, hizkuntzaka atomizatu, kontrajarri eta ahuldu. Beraz, elkar gaitezen.
Diskurtsoaz harago, ordea, gure herri eta hirietako errealitatearen isla litzatekeen ezker antolatu mestizoa eraikitzeke dugu. Oraingoz, abizen bitxidun auzokideekin elkarlanean aritzea ez dugu lortu, ez gara haiengana iristen. Noizko?
Hortxe hausnarketa bat, asteburuan eginen diren Ongi Etorri Gernika 2017 jardunaldietara begira.