argia.eus
INPRIMATU
Izerdiari izerdiarekin
  • Uhaga edo ponpa izugarriak dira landareak. Zuhaitz handiak, zer esanik ez. Metro eta erdiko gerribuelta duen pago (Fagus sylvatica) batek egunero 400 litro ur behar ditu metabolismoari eusteko. 400 litro ur aurkitu behar ditu non edo han; sustraije ikaragarria garatzen du ur hori aurkitzeko eta enborrera ekartzeko. 400 litro ur horiek hostoetara ponpatu behar ditu ondoren. A ze makinatzarra!

Jakoba Errekondo 2017ko apirilaren 25a
Palmondoen izerdiak ederki baliatzen dituzte Asia eta Afrika tropikaletan edariak sortzeko. (Arg.: Villimaka Foliaki)
Palmondoen izerdiak ederki baliatzen dituzte Asia eta Afrika tropikaletan edariak sortzeko. (Arg.: Villimaka Foliaki)

Lehengoan nioen nola sasoi berriari hasiera emateko, hostaia hedatu aurretik, ponpatzen duen lehen izerdi gordina kentzen zaion urkiari (Betula spp.). Baba (Vicia faba) eta ilar (Pisum sativum) berriak omen dira, gero, gutiziak, zer ote da, orduan, urki izerdia?

Ez zaio urkiari bakarrik kentzen izerdi berri hori. Kanadan eta Ameriketako Estatu Batuetan azukrearen astigarra (Acer saccharum) jezten da, eta Kanariar Uharteetan, bertako palmondoa (Phoenix canariensis), “guarapoa” edo “palmondo eztia” deitzen duten edaria egiteko. Txilen, berriz, beste palmondo bati kentzen diote izerdia, kanpotarrek “Txileko palmondoa” eta bertakoek “eztiaren palmondoa” deitzen dutenari, Jubaea chilensis. Datil palmondoaren (Phoenix dactilifera), kokondoaren (Cocos nucifera) eta Palmyrako palmondoaren (Borassus spp.) izerdiak ederki baliatzen dituzte Afrika eta Asia tropikaletan: “tuba” egiten dute Filipinetan, “tuak” Indonesian eta Malaysian, “kallu” Indian, “addu bondia” Maldibetan eta “karewea” eta “kamamaia” Kiribatin, “matango” Kamerunen, “oguro” Nigerian, “poyo” Sierra Leonan, “nsamba” Kongon, “manjenvo” Angolan, “nsafufou” Ghanan, “htan yay” Myanmarren, “mnazi” Kenian, “bahar” Borneon…

Eta abar. Gure buruan kabitzen ez den mundu izugarri bat da zuhaitzen izerdiarena. Ur azukreduna denez, beretik sorkin ugari egiteko lehengaia da. Irakin eta irakin eginez azukrea bera lortzeko. Bere horretan irakiten edo hartzitzen utzita azukrea alkohol bihurtuko da, eta, hala, izerdiaren ardoa sortuko da. Irakite hori osatu aurretik tartean moztu edo geraraziz gero pitar modukoa izango da. Irakinaldia eten ezean, ozpina.

Tropikoetan, lama batean bizi izanda, izerdi patsa eragozteko, landareen izerdiaren eratorri horietako edozein da ona; han ere, noski, gustatu egin behar... Zenbait tokitan ezkontza ospakizunetako edari estimatuena da.