Denok ez dugulako erritmo eta baldintza berdinetan ikasten, gela arruntetan zailtasunak dituzten ikasleek bestelako dinamika batean aurrera egiteko aukera dute Curriculum-Aniztasuneko gelan. Dinamika horren adibide arrakastatsua da Gure Txoriak proiektua, gaitasun ugari lantzeko eta motibazioa, jakin-mina eta autoestimua handitzeko aproposa.
Gaur beraiek dira protagonistak: Irungo El Pilar kristau-eskolako Curriculum-Aniztasuneko gelan ari diren 16-17 urteko hamabost ikasleak. Apur bat urduri, trasteak hartu eta 9-10 urteko ikasleen gelara joan dira. Gaiaren aurkezpena egin eta galdera bota dute segituan: “Zenbat txori espezie ezagutzen dituzue?”. Esku asko ikusi ditugu altxatuta: usoa, arranoa, kakatua, enara… “Ahatea txoria al da?”, jakin nahi du haurretako batek. Nerabeek eurek egindako bideoa jarri dute ondoren: hegaztientzat eraiki dituzten jantokiak ageri dira bertan, ikastetxeko lorategian nola jarri dituzten eta txoriak nola gerturatu diren horietara alpiste bila. Kaskabeltza, txolarrea, txantxangorria… harrapatu ditu Go-Pro kamerak. Inguruko espezieen ezaugarriak ere azaldu dizkiete haurrei, irudiz lagunduta. “Baina sorbeltzak ez badu inoiz lur hartzen, nola jartzen ditu arrautzak?” jakin nahi du 9 urteko neskak. Nerabeek ordenagailuz prestatu duten jolasean lehiatu dira haurrak, bikoteka: hegaztiei buruzko galdera-erantzun jokoa da, eta ikasle helduenak izan dituzte laguntzaile. Azkenik, lorategira jaisteko unea iritsi da. Aranzadi Zientzia Elkarteak sarea jarri du goizean goiz eta txori asko harrapatu dituzte, hamaika denera (ikasleek egindako jantokiek badute zerikusirik, jakina, txoriak erakarri baitituzte). Hegaztiak pisatu, neurtu eta hanketan eraztuna jartzeaz gain, ikasleen galderak argitu dituzte Aranzadikoek. Harritu ere egin dira elkartekoak, nerabeak txoria ikusi eta berehala zehatz identifikatu duenean. Izan ere, gaian kasik aditu bilakatu dira dagoeneko.
Bukaeran, proposamen eta erronka berri batekin gerturatu zaio ikasle horietako bat Iñaki Sanz biologo, proiektuaren bultzatzaile eta El Pilarreko irakasleari. “Gauza handia da mutiko hau irakaslearengana etortzea, eta ez irakaslea harengana joan behar izatea –aitortu digu Sanzek–. Azken finean, interesa eta jakin-mina sortzea da inportanteena, interes horretatik abiatuta ikasitakoa ez dutelako ahaztuko eta jakin-min hori delako motorra, gainerako guztirako”. Kontzeptu akademikoetatik harago doa aurkezpen egun honetan lortutakoa: jendaurrean hitz egiteak eskatu dien ahalegina, ikasle gazteagoekin harremana gestionatzeko modua, ardura, konfiantza, erronka eta arrakasta sentsazioa… “Bizipen eta sentimendu asko dira; kasu gehienetan, aurretik oso ohikoak izan ez dituzten sentimenduak” [ikusi aurkezpenaren bideoa].
Gai direla konturatzea abiapuntu
Ikasketetan zailtasun handiak dituzten gazteei DBHko titulua ateratzeko eskaintzen zaien baliabidea da Curriculum-Aniztasuneko taldea, bi ikasturte irauten dituena. Normalean, oztopoa ez da gaitasun falta, lanerako gogo edo ohiturarik ez dutela baizik, edo galduta ikusten dutela euren burua, atzerritik etorri eta hizkuntzarekin ez direla moldatzen oraindik, edo bestelako zamak dakartzatela eskolara, heldutasun puntu bat falta dutela… Beste modu batera lan eginez eta ikastetxean beste pare bat urtez aritzeko aukera eskainiz, irabazitako denbora horrek mesede egiten diela azaldu digute Naroa Martinez eta Iñaki Olazabal talde horretako irakasleek, Ana Ollo ikastetxeko zuzendariak eta Iñaki Sanzek.
Iñaki Sanz, irakaslea: “Iristen ez direla sentitu duten ikasleak dira, nota txarrak pilatzen joan direnak. Baina dinamika hori apurtu eta emaitza hobeak ikusten hasten dira, eta norbere buruari balioa emateak estres maila asko jaisten du”
“Orain arte, iristen ez direla sentitu duten ikasleak dira, ebaluazio eredu jakin baten barruan nota txarrak pilatzen eta ikasturteak arrastaka gainditzen, frustratzen joan direnak. Baina dinamika hori apurtu eta arbelari begira sei orduz eserita egoteari uzten diote, proiektu, tailer eta eskulanei ekiten diete, oinarrizko helburuak beste era batera lantzen dituzte (ez hain lotuta curriculum arruntera) eta emaitza hobeak ikusten hasten dira, gai direla konturatzen. Norbere buruari balioa emateak estres maila asko jaisten du eta heldutasunean, arduran, autonomian irabazten dute”, dio Sanzek. Oreka asko zaintzen dutela azpimarratu du Olazabalek: “Ez dugu maila beheregi jartzen, berehala konturatzen direlako eta gainera ahalegina eskatuko dieten erronkei heltzea nahi dugulako. Talde arruntarekin nahastuta ere egiten dituzte ordu batzuk, besteen pareko direla barneratu dezaten, ez isolatu eta berezi”. Talde txikia izatea eta bi irakasle baino ez aritzea abantaila dela diote, elkar ezagutza, gertutasuna eta konfiantza errazten dituelako, harreman pertsonalizatuagoa, eta funtsezkoa da hori: momentuak errespetatzea, arazoren bat baldin badute entzutea, haiekin hitz egiteko denbora hartzea…
Emaitza garbia da: hamar urteotan El Pilarreko Curriculum-Aniztasuneko taldean ikasi duten gazte guztietatik aparteko bi kasu baino ez dira izan titulua ateratzea lortu ez dutenak.
Martin San Gregorio, Eneko De La Fuente, ikasleak:
“Aurkezpenean gustura ikusi ditugu haurrak
eta bikain atera da dena. Azpimarragarriena,
bat egin dugula eta
denok elkar hartuta
atera dugula aurrera proiektua”
Jolas gisa sortu zena, egitasmo egonkor bilakatua
Jorratzen dituzten proiektuen adibide interesgarria da natura eta hezkuntza lotzen dituen Gure Txoriak. Ekimena duela sei urte jaio zen, ikastetxeko lorategi-zelai zabala aprobetxatzeko asmoz. Habia-kutxak jarri zituzten eta hegaztiak hasi ziren hurbiltzen; txoriak identifikatzeari ekin zioten, grabatuko zituztela ere erabaki zuten ikasleek… eta joko gisa sortu zena egitasmo egonkor bilakatu da. Unitate didaktikoa dute garatuta, baina urtero sartzen dituzte berrikuntzak, ikasleen proposamenei tiraka: aurten esaterako, alpistea automatikoki –eta ez eskuz– berritzen duten jantokiak egin dituzte, eta plastikozkoak ez, material naturalekin eraiki dituzte. Lorategia haurrekin zeharkatzeko ibilbide bat diseinatzea edota inguruko hegaztiak antzemateko prismatikoekin irteerak antolatzea dira ekintzetako beste bi. Hegaztiekin zerikusia duten puzzle eta jolasak ere egin dituzte eta irrikaz daude, ikasle gazteenak jolastera noiz etorriko. “Egiten dutenak zentzua eta erabilgarritasuna izango duela ikusten dutenean, segituan heltzen diote erronkari, txikienak buruan”. Ekintzen bidez, adar ugari lantzen ditu proiektuak: biologia, teknologia, informatika, hizkuntzak, ahozko eta idatzizko komunikazioa… eta arestian aipatu moduan, eduki akademikoak ez diren ikaspenak.
60.000 biztanletik gorako Irun urbanoan, irakasleek nabarmendu dute benetako altxorra dela hirigunean dagoen El Pilar ikastetxeak horrelako lorategia eta gune berdea izatea, ikustea ezerezetik bat-batean nola hegaztiz betetzen den, liburuetara jo behar izan gabe etxetik hain gertu duten aniztasunari erraparatzea ikasleek, aberastasun hori bizi eta barneratu ahal izatea. Urteotan, irakasleek eurek ezusteko handiak eraman dituzte; lorategian 18 hegazti espezie aurkitu dituzte eta ez zuten halakorik espero, hain inguru urbanoan.
Altxorra da hirigunean halako lorategia izatea eskolak, ikustea ezerezetik bat-batean nola hegaztiz betetzen den, liburuetara jo behar izan gabe etxetik hain gertu duten aniztasunari erraparatzea, aberastasun hori bizi eta barneratzea
Ikasleei ere berdina gertatu zaie: “Hemen inguruan, usoa, txolarrea eta beste espezieren bat baino ez genuela aurkituko uste genuen, eta askoz gehiago izan dira azkenean”, kontatu digute Martin San Gregoriok eta Eneko De La Fuentek. Ohiko klaseetatik aldentzen den ekimena dela aipatu dute, interakzio gehiago duena, dinamikoagoa… eta aurkezpen egunarekin pozarren daudela: “Haurrak gustura ikusi ditugu eta bikain atera da dena”. Egitasmotik zer azpimarratuko luketen galdetu diegu: “Gure arteko laguntasuna, bat egin dugula eta denok elkar hartuta atera dugula aurrera proiektua”. Eta indarrak batzen direnean, gauza handiak lor daitezke.
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.
Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]
II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]
1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]