Talde gutxi dira Euskal Herrian –besterik badago– inor gutxi alboan duela hain luzaroan musikaren itsasoan bakardadean arraun egin eta egiten duena. Arrasatekoa da El Desvän del Macho baina eskaintzen duena ezagututa ez da erraza haren jatorria antzematea. Horretarako halabeharrez historian atzera egin beharra dago: 80ko hamarkadan sortutakoa da taldea, punkaren gerizpean –eta askotan erasopean– existitu zen eszena aberats baina gutxietsitakoaren errautsetatik. Siniestroak, post-punkak ziren El Desvän-en aurrekari Matrona Impudica eta Jugos de Otros-en gisako taldeak eta Stranglers zein The Cure jarraitzeko gai baziren ere, 90eko hamarkadan Sonic Youth-en eskaintzarekin txunditzeko eta berau gurtzeko azkartasuna izan zuten. Beste batzuek baino lehenago artaldetik kanpo egin zuten, bide propioa hartuta arriskatu eta guztia kontra bazuten ere, aurrera egin zuten beti ideiak garbi eta egiten zutena maitatuz.
Taldearen sortzaile eta gidaria beti izan da bera, JG Izcue alegia. Aipatutako taldeak erditzeaz gain, sasoi luze batean Cancer Moon taldean ere aritu zen eta lagun zuen Leopoldo Maria Paneroren hitzak musikatuz El Leprosario sortu zuen Iñaki Bengoarekin batera.
Hala ere, 1989tik gaur egunera arte El Desvän del Macho hirukotearekin buru-belarri dabil eta tarteka agertokietan ikusten ez baditugu ere, zuzeneko irmoak egiten jarraitzen du taldeak. Egunotan Funeral económico kaleratu du, bosgarren disko luzea.
1993an Hermana violencia kaleratu zuen post-punkaren birtuosismoa eta iluntasuna pop-arekin ezkondu eta industrialaren aurrekaritzat ere har genezakeena, Nuevos Medios diskoetxearekin. Hiru urte geroago, Alehop diskoetxearekin bizitza osorako ituna eginda, Lumbar kaleratu zuen jantzi pop-rockeroagoarekin baina intentsitatea eta ezinegona barne dituena. Lozorro luzearen ostean, 2008an Vida a partir del huevo-rekin apurtu zuten oskola eta ordura arteko disko entzuterrazena kaleratu, nahiz eta zuzenekoetan post-hardcore kutsua gehitu. Hala, 2013ko Simplicis diskoak aurreratutako eraginak hartu zituen aldean (Today is The Day, Unsane...).
Orain Funeral económico apaldu da gordintasunean, ez ordea hitzetan –taldearen marka dena– eta berezko erritmo aldaketa jolas, dotorezia, kabalkada eta baxu sarkorrari gehitu dizkio Primus-en kadentziak (La castidad del omóplato), Mike Watt-en aberastasuna (Balido felpudo), post-rockaren esentzia (Ustel edo la vaca) zein patroi rockeroa (Petrogrado), besteak beste.
Eta ezin aipatu gabe utzi diskoaren azala, kontrazala eta barnea Luis Duran artista handiaren komiki batek osatuta dagoela. Eta biniloak CDa ere du opari.