argia.eus
INPRIMATU
Bi abestiren alegia
Jose Ignazio Ansorena 2017ko apirilaren 26a

Historia bihurria du Haurtxo polita sehaska abestiak. Doinua antzinatik ezaguna da, I. Gerra Handian, esaterako, Frantziako soldaduek martxa militar gisan kantatzen zuten, erritmo markatu eta biziaz.

Gabriel Olaizolak, Donostian Saski Naski antolamendua prestatzen ari zirenean, erritmoa aldatu zion eta, Txomin Sagarzazu hondarribiarrak proposatuta, honen anaia Klaudioren hitzak atxiki zizkion. Gabrielen anaia Josek harmonizatu eta estreinako aldiz Radio San Sebastián, EAJ 8 zelakoan eskaini zen, Los martes euskéricos programan. Pepita Enbil bakarreko ahotsean eta zortzi gizonezkoren abesbatzak, otxoteak alegia, lagunduta.

 Abestiak berehala lortu zuen arrakasta. Saski Naski-n 1928tik aurrera erabili zuten eta Eresoinkak (*), gure gerra bitartean, programetan eskaintzeaz gainera, diskoan ere grabatu zuen, Pepita Enbil bera bakarrekoa zelarik.

                                                                                     *   *   *    

Martutene eleberrian Ramon Saizarbitoriak hainbat aldiz aipatzen duen beste abesti batek antzeko bidea izan du: Isil-isilik.
 
Isil-isilik                                              Isilik dago
aurkitzen dira                                     tantai gainean,
ibar soilak eta basua.                         lehengo txori berritsua,
Ez da mendian                                   lumatxo biguin
ezer entzuten                                     harro artean
ez bada hontzaren oihua.                  gorderik bere burua.

(*) Aurten 80 urte beteko dira Eresoinka abesbatz eta dantzari taldea sortu zutela. Bihoaz lerro hauek hura martxan jarri zutenen omenez.

Garai batean bertsolariek usu erabiltzen zuten honen doinua, Europa osoan ezaguna hau ere. Xenpelar-ek Santa Barbararen martiritzari eskainitako bertsoak kantatzeko zabaldu zen XIX. eta XX. mendeetan. Txomin Sagarzazu kaskagorri jatorrak berriro anaiaren goiko bertsoak egokitu zizkion. Jendartean ederki zabaldu zen. Gerra ondoko urteetan Jose Maria Zapirain, Gasteizko apaizgaitegiko musika irakasleak eskatu zion Donostiako San Bizenten apaiz zegoen Ramon Intzagarairi doinu horretan Eguberri bertsoak paratzea eta eliza bereko organo jotzaileari, Luis Urteagari, abesbatzarako harmonizazioa egitea. Horrela sortu zen Gaueko izar bilantzikoa, apaizgaiek Euskal Herriko bazter guztietara, Jaiotza eta Olentzeroen bitartez, zabaldu zutena. Apaiztegiaren inprimategiak bilduma batean argitaratu izanak ere lagundu egin zuen. Egun horixe da ezagunena.

                                                                                     *   *   *
Bi abestion alegiaren irakaspenak:

1) Antzinatik oso europarrak garela euskaldunak doinu kontuetan. 2) Doinuek gehiago irauten dutela hitzek baino. 3) Doinua baino garrantzitsuagoa dela erritmoa eta intentzioa.
4) Euskaldunok gerra martxa sehaska abesti gozo, eta martirio bertsoen doinua Gabon kanta pozgarri bilakatu genituela. 5) Agian bide beretik jarrai genezakeela.