argia.eus
INPRIMATU
Bernarda Alba revisited
2017ko apirilaren 26a
Koadernoa zuri. Arantxa Iturbe. Elkar, 2017

Azken aldian euskal antzerkia sasoiko dabilela esango nuke. Poztekoa da Francoren bilobari gutuna bezalako antzezlana taularatu izana zenbaiten elkarlanean oinarrituta. Edo esperimentazioa lantzen jarraitzea han-hemenka, adibidez, Mr. Señora eta Miss Kabaret modukoak onduz. EHAZEk martxan jarri berri duen argitalpen zerbitzua ere aipatzeko modukoa da: bertan liburu formatuan argia ikusi duen Arrastoak antzezlana, gidoiaz gain argazkiak eta dramaturgiarako oharrak ere badituena.

Narratiba nagusi da euskal literaturan, bai idazketan, baita argitalpen eta irakurketan ere. Poesiak badu bere irakurlegoa, txikia izanda ere fidela dena. Antzerkia… Nork irakurtzen du antzerkia? Antzerkia ikusteko eta entzuteko ez da, ala? Kontua da hasi direla ohikoa baino liburu gehiago argitaratzen eta gustura hartu dugu joera aldaketatxo hau. Antzerki sortzaile batzuk hasi dira antzezlanak taularatu ondoren testua argitaratzen obra horren azken pauso bezala: Erleak, satorrak, beleak edo Koadernoa zuri kasu, tradizionalki egin izan denaren kontra.   

Bi ahizpa dira liburu honetan narrazio bihurtutako jatorrizko antzezlanaren protagonistak. Arantxa Iturbek egindako moldaketa irakurrita gomendagarria litzateke egunotan Euskal Herriko hainbat lekutan izenburu berarekin taularatzen ari diren antzezlana ere ikustea. Ama hil berria da eta 20 urtez desagertuta egon den Begoña herrira bueltatuko da, amaren etxera, eta bertan Arrate ahizpa nagusiarekin, bere haurtzaro eta gaztaroko oroitzapenekin eta bere amaren itzal luzearekin topo egingo du.

Ekitaldi eta agerraldiak kapitulu bihurtu ditu egileak, baina kapituluetako izenburuek, narratzailearen kontaketak eta pertsonaien arteko elkarrizketek ekintzak irudikatzen lagunduko digute. Iluntasuna, hoztasuna, hauskortasuna, mina, beldurra, isiltasuna, haserrea eta tristura aurrez aurre jarriko dira orriotan ametsekin, hitzekin, maitasunarekin, adiskidetasunarekin, elkartasunarekin, pozarekin, askatasunarekin eta konplizitatearekin.

Arantxa Iturberen ahotsa irratian entzutea edo bere testuak irakurtzea beti da plazera. Gustura irakurriko nituzke/ditut Agurtzane Intxaurragarekin idatzi dituen beste antzezlan argitaragabeak eta etortzeko dauden beste guztiak.

Itxaro Bordak Milia Lasturkoren eresiaren berridazketa gogorarazi dit lan honek, La casa de Bernarda Alba-ren oihartzuna duelako, eta Bordak egin bezala Milia Lastur on the road testuan, Arantxa Iturbek egindako Bernarda Albaren berridazketa, moldaketa edo gaurkotze lana irakurtzera (eta ikustera) gonbidatzen zaituztet.