argia.eus
INPRIMATU
Argia Eguna
Araban ospatu eta erdigunera ekarri
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko apirilaren 27a

ARGIA Gasteizera joatekotan zela kontatu nizun duela hiru bat aste, gogoratzen? Sorpresatxo bat ere emango zuela… Ez pentsa gezurra zenik, egin da Arabako hiriburuan topaketa bertako ARGIAzaleekin, eta Gasteizen ospatuko da aurtengo ARGIA Eguna. Horra sorpresa!
    Jokaldia, ordea, ez da inposatua izan; bertaratutako eragile eta norbanakoei planteatu zaie urteroko zita bihurtzen ari dena 2017an Araban egitea, eta bertan baloratu da bai ala ez, egitekotan non egin, Gasteizen bada Alde Zaharrean edo auzoren batean, Lautadako herriren batean… Eta potentzialitate handiena hiriburuari berari ikusi zaio. Azken urteetan oso indartsu dago eragile eta dinamika sozialen esparruan, baita euskararen arloan izan duen bilakaeran ere. ARGIAk horregatik zoriondu nahi du, ARGIAk Gasteizekin ospatu nahi du hiria ematen ari den itzulia, egiten ari den bidea eta sortzen ari diren mugimenduak.
    Baina zer da, baita ere, apirilaren 6an egindako topaketara bertaratu zirenentzat ARGIA? Zergatik sartuko dira horrelako egun bat antolatzeko lanetan? Zer da ARGIAk eskaintzen diena? Galdera hauek ere bota ziren Oihaneder Euskararen Etxean. Zenbait eragilek azpimarratu zuten ARGIAk asko ematen diela beraiei, beraien ekimenei, baloreei; eta orain ARGIA han izanda eragileak ere emateko prest daudela. Baina nabarmendu nahi izan zuten, hori bai, aisialdirako ekintzez gain ARGIAk edukietan asko eskaini dezakeela eta festa egitaraua edukiz ere bete nahi dutela.
    Zazpigarren alaba. Ez aurrenekoa edo bigarrena. Zazpigarrena. Arabarrek oraindik ere asko aipatzen dute erdigunea eta periferiaren kontzeptua. Periferiatik hitz egiten dutela sentitzen dute, kanpo geratzen direla sarri. Eta ARGIArekin elkarlanean gasteiztarren eta arabarren gogoeta sakon bat egon daiteke, hausnarketa bat. Bizitza erdigunera ekarri behar dugula diogunean, zertaz ari gara bada? Hori ere ez al da bizitza erdigunera ekartzeko pausoa?