Historikoa. Apirilaren 7koa oso egun handia izan zen euskal gatazka modernoaren historian, ETAk iragarri zuen bere armak gizarte zibilaren esku utzi zituela. Kosta egiten da hau idaztea, baina hala da: ETA armarik gabeko erakundea da. 8an sostengua eman zitzaion armagabetze moldeari Baionan.
Historikoa. Apirilaren 7koa oso egun handia izan zen euskal gatazka modernoaren historian, ETAk iragarri zuen bere armak gizarte zibilaren esku utzi zituela. Kosta egiten da hau idaztea, baina hala da: ETA armarik gabeko erakundea da. 8an sostengua eman zitzaion armagabetze moldeari Baionan.
Kontsentsua. Ez dago kontsentsurik, PP eta UPN falta dira. Hala ere, gatazkaren inguruan inoiz lortu den adostasun politikorik handiena erdietsi da. PSE armagabetzea lagundu duen gobernu batean dago eta Eusko Legebiltzarretik ere horretan lagundu zezan eskatu dio Jaurlaritzari; aldi berean, Madril eta Parisko Gobernuei armagabetzea ez oztopatzeko eskatu die. Ipar Euskal Herriko alderdi guztiak ere hor dira, FN kenduta.
Euskal erakundeak. Armagabetzearen aferan Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea klabea da, baina Nafarroako Gobernuaren eta Euskal Elkargoaren babesa izateak ere biderkatzen du bere indar politiko eta sinbolikoa. Euskal gizartearen gehiengo zabalaren eta instituzioen arteko uztartze hau ezagutu gabea zen bake prozesuaren testuinguruan.
Bake prozesua. Orain zer? Orain, agertu desagertu dabilen bake prozesuak aurrera jarraitzea eskatu behar da. Presoen esparruan eman beharko lirateke hurrengo urratsak, bai arlo humanitarioan, bai hurbilketa prozesuan. Bukaera ordenatua baino desordenatua izaten ari da, baina dirudienez badoa eta hori da garrantzitsuena. Mendekua hor dabil dantzan oraindik, batez ere presoekin; gizartearen presioak jarraitzea garrantzitsua izango da, behar baino gehiago luzatu ez dadin. Zenbat denbora da hori? Inork ez daki.
ETA. Bere desagerpena bihurtuko da orain fetitxe berria. Eta hau ematen bada, gero beste zerbait egongo da, beti da horrela. ETAk hala egin behar badu, eta bere logika barruan bada ere, egin dezala lehenbailehen, denboraren iraganak prozesu hau kaltetu, ahuldu eta higatu besterik ez baitu egiten.
Kontakizuna. Orain arte bezala, garaile eta garaituen teorian sakondu nahi bada, ahalegin horrek ibilbide motza du. Azken mende honetako gatazka armatu eta politikoa ezker abertzaleari “gaizki egin zenuten eta onartu” esanez laburbildu nahi bada –eta makinatxo bat egin zituen gaizki–, iraganaren adostasun bateratua oso urria izango da. Fenomeno konplexuak ezin dira azalpen sinple eta interesatuekin bideratu. Alde bakoitzak bere kontakizuna edukiko du, baina zati bateratu bat ere egon liteke: elkarrizketaren araberakoa izango da.
Arazo politikoa. Zergatik sortu zen ETA? Zergatik jarraitu zuen? Askapen erakundea izan da? Erakunde terrorista? Beti ikusi du berdin euskal gizarteak? Bistan da ezetz. Kontakizunari lotua dago dena, baina hori guztia bideratu eta konponduta ere, arazo politikoa hor dago: Nola gara liteke Euskal Herriaren etorkizuna Espainia eta Frantzian? Nola garatu ahal da bere lurraldeen arteko harremana? Euskal herritarrek zer eta nola erabakitzen dute?
Gizartea. ETAk gizarte zibilari entregatu dizkio armak, sikiera sinbolikoki. Nekez izan daiteke epikoagoa. Fikzio edo errealitate? Begiratu daiteke bakoitzak ikusi nahi duen gisan, hor du indarra armagabetze molde honek. Edozein kasutan, Ipar Euskal Herriko gizarteak, eta puntaren puntan bakearen artisauek, beste behin ere erakutsi diote Hegoaldeko gizarteari zein garrantzitsua den buru molde ireki, aske eta ausartekin jardutea.