argia.eus
INPRIMATU
Non zopa, han janizaria
  • Otomandar Inperioa, 1330. Murad I.a sultanak janizarien taldea sortu zuen (turkieraz yeniçeri hitzak soldadu berriak esan nahi du), sultana bera eta errege-jauregia zaintzeko bereziki trebatutako infanteriako soldaduekin. Guardia pretoriar moduko hori, hasieran, preso kristau gazteek eta mendean hartutako herrietako nerabeek osatzen zuten. Entrenamendu fisiko estuez gain, mutikoei erlijio musulmana, hizkuntzak, literatura eta beste hainbat arlo irakasten zizkieten, ezin zuten ezkondu eta sultanaren jabego pertsonala ziren. Atzerritar haiek lehen otomandar ejertzito iraunkorra osatu zuten, horrenbestez. Aurrerago, 1594an, Ocak sultanak turkiarrei ere janizarien taldean borondatez izena emateko aukera emango zien.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2017ko apirilaren 17a
Otomandarrak Birgu (Malta) setiatzen, 1565eko uztailaren 6an. Erdian, janizariak, gorriz jantzita eta bork izeneko txanoa buruan.

Baina lehen janizari behartu haiek, menderatze teknikei, diziplina hertsiari eta heziketa bideratuari esker, leialtasun lotura berezia eratu zuten sultanarekiko nahiz beren artean. Eliteko talde militarretan ohiko denez, zorrotz antolatuta eta egituratuta zeuden. Ezohikoa zen, ordea, egitura horren oinarria: zopa.

Gorputz militarra orta edo erregimentuetan banatua zegoen. Bakoitzaren buru tchorbadji bachi edo zopa-banatzailea zegoen, koronelen mailan. Haren azpian, achtchi bachi edo sukalde burua, kapitaina, alegia. Ondoren, tenientea zetorren, sakka bachi edo urketaria. Janizarien ohiko txanoa, bork izenekoa, koilara batekin apaindua zegoen (gerora, lumaz, lorez eta beste hainbat objektuz edertuko zituzten txano bereizgarriak), erregimentuko kide guztiak “jankideak” baitziren, eta haien estandartea brontzezko pertz bat, kazan izenekoa. Janizarientzat, umiliaziorik handiena kazana galtzea edo etsaiek kentzea zen. Zopa-pertzik gabeko erregimentua koldartzat eta ezgaitzat jotzen zuten.

Martxan, kazana erregimentuaren buruan eraman ohi zuten; kanpamentuan, zopa-banatzailearen denda parean jartzen zuten pertza, tropak non bildu behar zuen adierazteko. Ostiraletan ezik, egunero, bi janizarik pertza bizkarka eramaten zuten, makil batetik zintzilik, hirugarren batek atzetik jarraitzen zien, egurrezko burruntzali haundi batekin, eta dendaz denda ibiltzen ziren zopa banatzen. Ostirala sultanari esanekotasuna eta leialtasuna adierazteko eguna zen, eta janizariak, pertzak hartuta, sultanaren sukaldeetara joaten ziren, han jakiz betetzeko. Sultana “jaten ematen digun aita” zen haientzat. Baina ez beti; sultanak hartutako erabakiren batekin bat ez zetozenean, ez ziren behar zen orduan iristen edo pertza betetzeari uko egiten zioten. Matxinada arriskuaren seinale izaten zen hura sultanarentzat. Janizariak ez ziren hasierako menpeko otzan haiek.

XIX. mendean hain ziren boteretsuak, sultana kargutik kentzen ahalegindu baitziren. Ez zuten helburua lortu eta Mahmud II.ak armada gorputza desegitea agindu zuen, jaikialdiaren buruak exekutatu ondoren.