argia.eus
INPRIMATU
Enbarazutik kendu
  • Betetzear izango dira hogei urte, beteta ez badaude, norbaitek esan zuela “ETA soberan dago eta enbarazu egiten du”. Ez zen norbanako haren bat-bateko ateraldia, euskal erakunde ahaltsuenetako baten hausnarketaren sintesia baino.

Mikel Aramendi 2017ko apirilaren 12a

Betetzear izango dira hogei urte, beteta ez badaude, norbaitek esan zuela “ETA soberan dago eta enbarazu egiten du”. Ez zen norbanako haren bat-bateko ateraldia, euskal erakunde ahaltsuenetako baten hausnarketaren sintesia baino. Eta ez zetorren erakunde armatuaren etsai profesional zein amateurrengandik, ideologoki abertzaletasunarekin eta langileriarekin harremanik estuenetakoa zuenarengandik baizik. Denboratxoa falta zen Lizarra-Garazirako, eta zer esanik ez Aieterako. Ezin da jakin euskal gizartearen zenbateko zatia zegoen orduan bertan ados esaldiarekin, hitzez hitz eta osoro; asko eta askotarikoak ginela esango nuke, baina irudipena baino asko gehiago ez da.

Ia hamabost bat urte geroago, beste norbaitek esaldi bertsua jaulki zuen, subjektua aldatuz: “Indarkeria soberan dago eta enbarazu egiten du”. Ziur nago ez zela bere kasako burutazioa, talde-gogoeta luzearen emaitza baino. Esalea ezker abertzaleko liderra izateak balio erantsia ematen zion esaldiari, eta euskal gizartearen gehiengoa, zabala gainera, bat zetorrela esango nuke. Baina irudipena besterik ez da. Handik hiru hilabetera, Aieteko Konferentziaren ondotik, ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuen, eta “izateari” utzi gabe “egoteari” utzi zion.

Atzera begira ipinita,  gogoeta egin genezake, patxadaz eta harrotasunak atarian utzita, zergatik kostatu ote zaigun horrenbeste –denbora, oinaze eta abar– askok, agian gehienek, aspaldi aurreikusitako helmugara iristea

Larunbatean esale biak Baionan ziren, oker ez banago, protagonismo eta ikusgaitasun ezberdinarekin, jakina. Beste asko bezala, baina biziago seguruenik, aldapa goreneko hatsaldian sentitu behar zuten: ETA oraindik bada, baina “erakunde armagabea” izanik ez dago batere argi, niretzat behintzat, zer den, ezer bada. Baina kideek erabaki beharko dute hori. Falangeak eta gainerakoak legezkoak diren lurralde batean, kanpotik desagerpenak eskatzen hasi aurretik, koherentzia erakutsi beharko da, gainerakoan.

Atzera begira ipinita, iraganaren kontakizuna eta agitpropa oso gauza ezberdinak direla uste dugunok behintzat, lehena historialarientzat eta bigarrena horretatik bizi (izan) direnentzat utzi ondoren, gogoeta egin genezake, patxadaz eta harrotasunak atarian utzita, zergatik kostatu ote zaigun horrenbeste –denbora, oinaze eta abar– askok, agian gehienek, aspaldi aurreikusitako helmugara iristea. Zergatiak bilatu esaten dut, ez erruak banatu; batzuentzat sinonimoak diren arren, niretzat antonimoak dira eta.

Edonola ere, askoz interesgarriagoa –eta premiazkoagoa– da etorkizunera begira ipintzea. Enbarazuan zegoena, norabaiterako bidean baitzegoen enbarazuan; norako bidea(k) d(ir)en hori(ek) jakiteko ordua iritsi dela esan liteke. Eta bidelagunak zein izan daitezkeen argitzen hasteko.