argia.eus
INPRIMATU
Mafiak
Itxaro Borda 2017ko apirilaren 06a

Frantziako lehendakaria aukeratzeko kanpaina abiatua da, beraz, Ipar Euskal Herrian ere bai; nahiz eta ETAren apirilaren 8ko desarmearen iragarpenak ikusgarria uhertzen digun, apur batez.

Hauteskunde baino, immunitate politikoa lortzeko eta justiziari ihes egiteko lasterraldi antza ikusten ditugu pantailetan hedatzen zaizkigun François Fillonen edo Marine Le Pen andere panpalinaren ekinak. Auzitegiak eta epaileen egiturak suntsitzen ahal balira, orduan bai, demokrazia zinezkoa litekeela: eskubideak niretzat, gaztiguak besteentzat.

Garbitasun eta gardentasun irakaspenak ematen dizkigute bi hautagaiek, iruzur soziala dutela partida, baina biek ala biek ardo mingar horretatik ausarki edaten dute: Fillonek, nepotista handiak, emaztea eta haurrak diru publikoz ordaindu ditu, berak artean opariak hartzen zituela. Halaber, Le Penen alderdi euro eta xenofoboa, Europako eta Frantziako sosa komunari esker bizi da lege guztien mespretxuan.  

Sistema salatzen dute biek, sistemaren biktimak direla sinetsarazten diote jendalde auto-biktimizatuari, sistemarik gabe hondarrean deus ez litezkeelarik. Min egiten du konturatzean gure zergek gure aurka altxatuko diren ideologo faxistoidak finantzatzen dituztela.