argia.eus
INPRIMATU
Non dituzu tipulak?
  • Dagoeneko landatuta beharko luke tipulak (Allium cepa), baldin eta udako egun luzeenetara burua ederki osatuta iristea nahi bada. Otsaileko ilbeheran dela onena dio Oiartzungo Artamugarriko Felixek. Hala ere, bere buruari nasaitasun polita ematen dio, esaerak, nonbait, honela omen dio eta: “San Josetarako (martxoak 19) tipulak landatuta behar du” bestela ez omen da-eta behar bezala osatzen. Oraindik ez baduzu landatu, esnatu eta bizkor ibili.

Jakoba Errekondo 2017ko martxoaren 28a
(Argazkia: Forest & Kim Starr-CC By)
(Argazkia: Forest & Kim Starr-CC By)

Tipularekin asmatzeko tokiaren aukeraketa zorrotz egin behar da. Ura ez du ikusi ere egin nahi, ez airean ez lurrean. Berozale amorratua da; beraz, eguzki-galdatan jarri, ez diezaiola aldameneko ezerk itzalik luza. Urasetutako lurra ere ez du batere gustuko. Lur buztintsu edo motela baduzu, ez ezazu tipula jartzeko lanik hartu, hobe duzu kooperatibara joan eta tipula-korda etxeratu. Lur harroa eta urak erraz ihes egiten diona maite du. Uraren beldur arrasto ttikiena edo lurrarekin inolako zalantzarik baduzu, altxa ildo bizkarrak, tontor luzeak, eta han landatu alboetan eta tontor gainean bertan. Ildarte horiek ipar-hego norabidean egiten badituzu hobe, horrela eguzkiak bere eguneroko pasieran alde biak bero-lehortuko dizkio.

Bestaldetik, tipulak lur azidoa gorroto du. Hori karea dantzatuz konpontzen da: kareharri ehoa, dolomita, errautsa, kare bizia edo kare hila. Ni kare biziaren eta errautsaren zalea naiz. Kareak lurra gehiago harrotzen du. Aldiz, errautsak landarearentzat onak diren beste jaki batzuk ere emango dizkio, potasioa eta abar. Zeuk erabaki.

Orain ez hasi ongarria ematen, lehen ongarritutako sailen batean jarri. Ondo egin gabeko ongarriak kalte egiten dio. Hurrengorako: tipularentzat izango den saila ahal duzun eta simaur edo luar zahar-zaharrenarekin udazkenean ongarritu, neguaren hasieran karea eman eta lurra bakean utzi. Tipulari ez zaio gustatzen lur harroan landatzea, asentatutako lurra nahi du, aza jendeak bezala (Brassica spp).

Tipula erosi beharrean bazara, lagun pakistandar batek erakutsi zidan: gordinik jateko tipula zuri ahal den eta zapalenak aukeratu, ez dute minik ez ahosabaian ez begietan. Gozo-gozoak dira.