Mr. Rosset: aurkikuntza harrigarri baten kronika

  • Batzuetan, egia ez da egiantzekoa. Fantasiaz egina dirudi, kasualitate kateatu gehiegi... Egiak, batzuetan, gezur itxura du. Zure esku dago betiere, irakurle, benetako istorio hau sinetsi, edo ez.

Edward Rosset idazleak ez du idazteko aholku hoberik ezagutzen: “Ekin eta ekin, ez eman amore”.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Lerrook sinatzen dituen Kazetari Prekarioak (aurrerantzean, KP; edo, are atseginago, Kepa) gurasoenera itzuli behar izan du berriki, bere kasa etxerik ordaintzeko gauza ez denez. Loaren bareak hartzen ez duen gau batez, gurasoen liburutegiko izenburu batek lapurtu dio arreta: El estratega cartaginés (Mundo Conocido, 1999).

Kartagoko Anibal zenaz dihardu nobelak, gaztelania txukunean. Egilearen biografiari erreparatu dio, loak hartu aurretik: Edward Rosset, Oñatin (Gipuzkoa) jaioa, Libian soldadu ibilia. Bibliografiari begiratuta, historia belikoan eta euskal nabigatzaileetan aditua dirudi idazle oñatiarrak. Aztoratuta geratu da Kepa, harri horrek jo duelarik bere ikerlari gogoa.

ARGIAren argi berdea ikusita, abian jarri da. Ikertzen hasi eta berehala topatu du www.edwardrosset.com webgunea, eguneratu gabea, ikusi duenez 2013koa dela azken berria. 21 nobela ditu idatziak, eta horietako batzuk zinemarako egokitzen hasia zen Rosset urte hartan, sareak dioenez. Horrez gain, webgunean badira idazlegaientzako aholku zentzudun batzuk, baita idazlearen biografia zabal samar bat ere.

Hizpide hartu ditu Libiako soldadutza garaiak, bi urte eta erdi luze, kanpin denda batean sartuta. Bertako liburutegi urriko liburu guztiak irakurrita, idazten hasi zen Rosset gaztea

Oñatin jaioa izanagatik, Erresuma Batuko hiritarra zenez, soldadutzara deitu zuten 1959an Edward Rosset gaztea. Ikasketak utzi, eta RAFeko (Royal Air Force) irrati-telegrafista moduan sartu zen armadan. Libiako basamortura bidali zuten, eta han eman zuen bolada luze bat. Ikasketak postaz amaitutakoan, freelance kazetari lanak ere egin zituen, denbora pasatzeko, eta ofizioan aritzeko; hara, gure Keparen moduan.

Geroago itzuli zen Euskal Herrira, Irunera hain zuzen, eta han sortu zuen Stanley argitaletxea, ingeles eskoletarako prestatzen zuen materiala argitara emate aldera. Literatura ere idatzi izan du, barra-barra, eta webgunearen arabera, zeregin horri eusten dio, egun ere. Baina, eguneratu gabe dagoenez, auskalo non eta zertan dabilen orain. Halako zirrara batek hartu du Keparen bizkarrezurra, orno guztiak banan-banan, kontaktu atalean ikusi duenean telefono zenbakia, itxuraz, Irungoa.

Stanley zena

Emakume ahots batek erantzun dio kazetariaren deiari, hariaren bestaldean. Baietz, berehala jarriko dela Edward. Benetan ari dela dirudi. Aurkikuntza baten atarian sentitzen da Kepa, nola esan, Stanley eta Livingstone elkartu aurreko unean bezala. Gizon ahots batek hitz egin du: bera da. Kazetariak eta Rosset jaunak adostu dute bigarrenaren etxean bilduko direla arratsalde horretan bertan. Elkarrizketan, idazlearen emaztea ere presente egon da, Elvira Gomez anderea. Lagungarria izan da zinez, zenbait izen eta datu zehatz gogora ekartzeko.

Nongoa sentitzen den galdetu dio Kepak. Irribarrea piztu zaio Rosseti. Beregatik balitz, dio, Oñatira joango litzateke egunero edo, tira, sarri samar. Urbiako zelaietan badutela txoko berezi bat, sagardo botilak freskatzeko errekasto eta guzti. Zeruetako paradisua lurrean. Hori dela beretzat inguru hura, bere jaioterria, Zubillagan sortua baita. Baina, Rosseten esanetan, gero eta zailagoa dauka hara igotzea. Kepa ohartu da, jakina, 1938an jaio zenez, laurogei urteren bueltan dabilela Rosset jauna; nahi baino gehiago kostatzen zaiola ibiltzea, nahi ez duenean ere mugitzen zaizkiola eskuak.

Irudian, Kazetari Prekarioak gurasoenean topatutako liburu eskainia, eta Edward Rosseten autobiografia pribatua.

Galdera xelebrea otu zaio Kepari: “Sutatik salbatu beharko bazenitu zure hiruzpalau liburu, zeintzuk lirateke aukeratuak?”. Birritan pentsatu gabe erantzun du oñatiarrak: lehenbizi, Los navegantes (Edhasa, 2006). “Eta ez bakarrik nire gustukoa delako, baizik eta mundu guztiak esan didalako. Honezkero badira hamasei urte argitaratu nuela, eta oso ondo saltzen da oraindik ere. Esango nuke nire best sellerra dela”. Gero, Los hielos de Terranova: balleneros vascos (Edhasa, 2016), azkena izaki, kuttuna du hori ere. “Oraindik amaitu gabe dago. Lehen zatia eman nuen argitara, eta bigarrena prestatzen ari naiz, ea...”. Elvira emazteak dioenez, lehenengoa primeran zabaltzen ari da.

Azkenik, Edwardek hatzaz seinalatu du Roncesvalles (Reyes Astures, 2007), burura eramaten duelako trilogia (Tierra Quemada eta Invasión lanekin batera). “Hiru liburukote dira, 650 orrialde bakoitzak, imajina dezakezu nolako lana… Egia esan, oso harrera ona izan du; hainbat irakurle jarri izan dira nirekin harremanetan, esanez izugarri  gustatu zaiela, ezin ziotela irakurtzeari utzi, eta abar. Horrek balio handia du niretzat”. Elvirak ekarritako ur tragoa hartuta, erantzuna borobildu nahi izan du idazleak: “Aipatutako lauzpabost liburu horiek dira, nire lan guztien artean, nola esan… seme-alabatxo modukoak”.

Rosseten obsesioa

Kazetariak galdetu dio idazleari zein harreman duen literaturarekin, alegia, zer eman dion, eta zer hartu. Irria askatu du Rossetek. “Hartu, denbora! Tira, baina hartutakoa emana ere badenez, gaitz erdi. Eta eman, nire buruarekin gustura egotea, self satisfaction… horrek ez dauka preziorik. Idatzi nahi izan dut betidanik, gazte nintzenetik”. Hizpide hartu ditu orduan Libiako soldadutza garaiak, bi urte eta erdi luze, kanpin denda batean sartuta. Bertako liburutegi urriko liburu guztiak irakurrita, idazten hasi zen Rosset gaztea, kazetaritza ikasketak postaz amaitzearekin batera. Gomez andereak gogora ekarri du Londresen nobela labur batzuk idatzi eta argitaratu zituela, baldintza onetan. “Halaxe da,” esan du Rossetek, “nahiko ondo ordainduak, gainera. Baina orduko diruak eta oraingoak ez dute zer ikusirik…”.

Aita ingelesa zuen, Donostiako Getaria kalean denda erraldoia zeukan eta erreka jo zuen. Dena galduta, ingeles eskolak ematen hasi ziren Irunen

Ura edanik, Stanley argitaletxearen berri jakin nahi izan du Kepak. Kolpean oroitu da Rosset: “Irunera etorri nintzenean izan zen. Nire aitaren izena zen Stanley, alegia, Victor Stanley Rosset. Ingelesa zen, Letchworth herrikoa [Londrestik 50 km iparraldera]; Donostiako Getaria kalean denda erraldoia zeukan, eta erreka jo zuen. Dena galduta, ingeles eskolak ematen hasi ginen Irungo Aduana kalean, eta hala eman genituen hainbat urte. Aita hil ondoren, nik jarraitu nuen, eta eskoletarako sortzen nuen materiala argitaratzen hasi nintzen, neure kabuz, Stanley argitaletxean. Ia hilero ateratzen nuen lan berriren bat: egin kontu... hogei urte pasatxo, 210 liburu”.

Dibulgazioa aipatu du Kepak, nabari dela Rossetek garrantzia ematen diola horri, baita literatur lanetan ere. “Jakina”, dio idazleak. “Beti izan naiz irakaslea, eta irakaskuntza maite izan dut betidanik. In the back of my mind, gogoaren barrenetan, ideia hori izan dut: gauzak irakatsi behar dizkiot jendeari. Horrenbestez, hortik zehar topatu dudan liburu arraro oro harrapatu dut, eta gauza berriak atera ditut horietatik”. Ohiko galdera atera du orduan kazetariak: ea zein den, Rosseten ustez, idazteko eman duen aholkurik onena. “Ekin eta ekin, ez eman amore… Hor nonbait dabiltza kontuak”. Irri konplizea ireki zaio Kepari, ezinbestean.

Amaitzen ari da elkarrizketa, halabeharrez. Kepak badaki. Aparkatzeko tiketa iraungiko zaio gutxi barru, eta ez du isunik ordaintzeko gogorik. Webguneaz ari direla, kazetariak aipatu du azken informazioa 2013koa dela. Zinemarako egokitzapenez galdetu dio Rosseti, ea porturen batera heldu den egitasmoren bat. “Bada, oraindik ez. Los navegantes lanarekin hasi nintzen, eta honezkero baditut gordeta hiruzpalau egokitzapen. Inork interesik izango balu, merke-merke salduko nizkioke... kar-kar!”.

Sakelako grabagailua itzali, eta argazki batzuk atera ditu Kepak, ahal duen hoberen, intrusismo txikiak dakarren lotsa puntuaz. Atera aurretik, isunaren arriskua areagotu arren, gurasoenetik hartutako El estratega cartaginés-en alea sinatzeko eskatu dio idazleari, harro eta lotsagorrituta aldi berean, kazetariak. Bostekoa emanez agurtu ditu biak, Edward eta Elvira. Irungo kalera atera denean, arrapaladan aparkalekurantz, indarberrituta sentitu du barrenean, nolabait esatearren, nabigatzaile sena, ikerlari-kazetariarena. Aspaldiko partez, bere txikitasunean, handi sentitu da Kepa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Leire Lakasta Mugeta
“Hitzak harriak dira Ernauxentzat, eta idazketa labana”

Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]


2024-11-18 | Behe Banda
Barra warroak |
Hau ez da nire belaunaldikoa

Nekeaz idaztera nindoan zutabe bat, baina erridikulua iruditu zait 19 urterekin lur jotaren planta egitea: amore emanda, nekatuta, etsituta, mundu honek ukatu banindu bezala. Are erridikuluagoa iruditu zait gelditzen zaizkigun ogi apur txikiekin erantzukizun ezaz amestea, azken... [+]


Irribarrez irakurtzeko

PELLOKERIAK
Ruben Ruiz
Ilustrazioak: Joseba Beramendi, Exprai.
Elkar, 2022

-----------------------------------------------

Ruben Ruizek kontakizun laburrez osaturiko obra berri bat eskaini digu. Ez dira mikroipuinak, kontakizunek, modu independentean irakur badaitezke... [+]


Juana Dolores. Agitazioa eta propaganda
“Neure buruari galdetzen diot zer egiten genuen emakume langileok emakume burgesen ondoan manifestazio berean”

Goiburu baten bidez ezagutu nuen Juana Dolores; zera zioen: iraultzaileagoa zela ondo idaztea, katalanez idaztea baino. Flipatu egin nuela aitortu diot, eta berak esan dit bizitzako lehen elkarrizketa zuela hura. Lau urte geroago, berritasunaren olatua surfeatu du, eta... [+]


‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Nor da Memet?

Memet
Noemie Marsily eta Isabella Cieli
A fin de centos, 2022

--------------------------------------------------

Kolore gorriko kanpineko kremailera ireki eta atetxotik begira gaude Lucyrekin batera. Portada honekin hartzen du irakurlea Memet komikiak. Hitz gutxiko... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


Patxada

Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Elkar, 2024

-----------------------------------------------------

Gazte-egarri da euskal kultur sistema. Horixe zioen Leire Vargasek Berria-n idatzitako zutabean. Odol freskoa nahi du industriak: askotarikoa eta dibertsoa. Azkenean, baina,... [+]


‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


Eguneraketa berriak daude