argia.eus
INPRIMATU
Olatukoopeko kide egin da ARGIA
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko martxoaren 24a
Martxoaren 6an Olatukoopek egindako batzarrean, ”indar bereziak batzen”.
Martxoaren 6an Olatukoopek egindako batzarrean, ”indar bereziak batzen”.

Ikusten al duzu goiko irudian xelebre koadrila hori, irakurle? Indar bereziak batzen ari omen dira, hala aldarrikatzen dute bilera bakoitzaren bukaeran, eta lotsa gutxirekin sare sozialetan zabaltzen dute argazkia gainera. OlatuKoopekoak dira, bai. Eta ARGIA kide egin da, bai. Beraz, hurrengo batean beti horren gai sakon eta serioak lantzen dituzten ARGIAko kazetariren bat hor tartean ikusten baduzu, ez harritu; sektara gehitu direlako da.
    Onartu beharra diegu, baina, argazki horiek ateratzea alde batera utzita, hausnarketa garrantzitsuak egiten ari direla ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruan eta praktikan jartzen ari direla alternatibak. Irabazi ekonomikoen gainetik pertsonak eta bizitza erdigunean jartzea du oinarri ekonomia sozial eta eraldatzaileak, langileak dira enpresaren eta erabakien jabe, boterea modu demokratikoan kudeatzen da, eta izenak berak esaten duen bezala lehen lerroan jartzen du gizartea eraldatzeko bokazioa.
    Ekonomia eta ekintzailetza ekonomikoan modu eraldatzailean jarduten duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dute OlatuKoop sarea. Sinetsita daude Euskal Herriak ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarritutako olatu kooperatibo berri bat behar duela, eta horretarako alde batetik lehendik herri honetan izandako ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibismoaren memoria modu integralean berreskuratu beharra dago, horrekin batera gaur egun martxan diren proiektuak bistaratu eta josi nahi dira, eta bestetik, norabide horretan eragingo duten proiektu berriak landu eta sustatzea da helburua.
    Benetako eraldaketa sozial eta ekonomikoa egungo botere harreman bidegabeak botere harreman parekideekin ordezkatuz bakarrik lortuko dela ulertuta sartu da ARGIA ere enpresa/proiektu/komunitate sare honetan. Gogoratu ARGIA bera ere 1980tik langileen esku dagoela, eta ordutik ari dela filosofia honetan lanean, txikitik eta pixkanaka pausoak emanez. Beste pauso bat gehiago, beraz.