Iraultza, iraultzaren aurretik

  • Sobietarren eraginik gabe ezingo litzateke XX. mendea ulertu, ezta gaur egun mundu zabalean gertatzen diren gatazka politiko eta beste egoera sozial ugari ere. Josep Fontana historialariak (Bartzelona, 1931) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan 2016ko urrian emandako hitzaldia itzuli dugu LARRUN honetarako, ederki azaltzen baitu zergatik komeni zaigun Errusiar Iraultza ikastea: orain ditugun arazo askoren aurrean hausnartzeko balio digu 1917ko iraultzaren mendeurrena gogoratzeak. Aldi berean, ezinezkoa litzateke Errusian duela ehun urte gertaturikoa ulertzea aurreko hamarkadetan herrialde erraldoi hartan bizi izandako giro iraultzailea aztertu gabe, askotan uste dena baino anitzago eta erabakiorragoa. Hurbilketa hori egiten saiatu gara hurrengo orrietan.

Errusiar iraultzaren mendeurrena artearen bidez ere gogoratuko da mundu zabalean. Londresko Arteetako Errege Akademian erakusketa paratu dute, tartean da Boris Kustodiev-en Boltxebikea obra ezaguna (irudian, margolanaren aldaera bat). Errusian ospakizunak askoz epelago hartu dituzte: “Egungo botereak ez du iraultza ezabatu –dio Le Monde Diplomatique-k–, baina ezta gogoratu ere. Hainbat gertaera historiko fusionatu nahian dabil, agian atxikimendu kolektibo handiago bat sorrarazteko”.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Historiak historia eta mitoak mito, 1917ko iraultzaren iruditeria oso bat heldu zaigu XXI. mendekooi. Iruditeria horretan gizonezko iraultzaile intelektual talde batek gidatuta Errusiako sozialdemokrata minoritario baina gogorrek, boltxebikeek, boterea hartzen dute urrian Neguko Jauregia asaltatuz. Ondoren datoz 1918ko urtarrilean Konstituzio Batzarra desegitea eta "proletargoaren diktadura" ezartzeko programa. Nolabait, historiak eta mitoak esan digute iraultza arraro bat izan zela hura, determinismo marxistak iragartzen zuenaren kontrara, langile klasea ondu gabeko jendarte batean egina –horrek ondorio tragikoak utzi ei zituelarik–. Europako beste herrialde industrializatuetako langileen laguntzarik gabe ezinezkoa zen iraultza, baina posible zen etorkizuneko baldintzak eraikitzea: eredu burokratiko batekin estatuak kapitalaren pilaketa areagotzea, estaturik gabeko antolaketa komunista bateranzko trantsizioa eginez.

Sobietar sozialismo erreala porrota izan zela azaldu digu Mendebaldeko kontakizunak. Errusiako Gobernuak berak erreparo handiak ditu mendeurrena gogoratzeko, azaroaren 7rako –urriko iraultzaren data klabea hori izan zen, egutegi juliotarrean– hainbat ekitaldi antolatu ditu Kremlinak, baina historia komisio baten eremu akademikora mugatu du gaia, "berradiskidetzea" helburu. Putinen Errusian Romanov dinastiaren aldeko monumentuak jasotzen dira nola nostalgia sobietarra duten desfileak berreskuratu. Anbiguotasun kalkulatu bat barne batasuna indartzeko.

Marxek idatziriko azkeneko testuetako asko ezkutuan geratu ziren edo ez ziren behar bezala zabaldu, tartean Errusiako nekazal komunen inguruko bere hausnarketak; sozialismora heltzeko beste bide bat egon zitekeela uste zutenak itzalean geratu ziren azkenean

Entsegu "frakasatua" izan omen zen iraultza hura beraz, eta hala ere, Josep Fontanak orriotan itzuli dugun hitzaldian dioen bezala “sinetsi eta saiatu” beharra zegoen.  Izan ere, gertaera hura ahalbidetu zuten osagaiak eta jatorria uste dena baino berezko eta masiboagoak izan ziren. Slavoj Zizek pentsalariak Lenin birpentsatzeko bere testuetan “mikropolitika iraultzailea” deitu dio gertatu zenari: oinarrizko demokraziaren leherketa, autoritatea zalantzan jarriz ustekabean sorturiko komite lokal autonomoen ugaritzea... "Hau da Urriko Iraultzaren historia kontatu gabea –dio Zizekek–, estatu kolpe bat eman zuen iraultzaileen talde txiki prestu eta gotor bat izan zela dioen mitoaren beste aldea".

Baserritarren sozialismoa Errusiaren bihotzean

Eta jatorrira itzuli beharko bagina, agian has gaitezke errusiar nekazal komunak aztertzen, Karl Marxek "Errusiako komunista zaharrak" deitu zituen horiek. Filosofo alemaniarrak bere azkeneko idatzietan –Manifestu Komunistaren 1882ko  bigarren argitaraldian batez ere– arreta handia jarri zion Europa ekialdeko nekazal eremuen antolaketari: “Errusian lurren erdiak baserritarren jabetza kolektiboa izaten segitzen du. Baina galdera da: erabat ahulduta dagoen obshchina [Errusiako nekazal komuna edo komunitatea] pasa al daiteke lurraren jabego komunaren forma primitibotik, jabego komunistaren goiko mailara?”.
Obshchinak eta mir izeneko batzarrak, Errusiako tsar-en garaiko lurren banaketa eta antolaketa mota bat ziren, oso aspaldikoak –ez nahastu Euskal Herrian nolabaiteko antzekotasuna izan zezaketen zilegi eta herri batzarrekin–. Dirudienez, XVIII. mendetik aurrera indarra hartu zuten zergei erantzuteko birbanatze sistema bezala, eta XIX. mendera nahiko desitxuraturik iritsi ziren arren, 1861eko morrontzaren abolizioaren ondorioz kostuak partekatzeko modu bat izan ziren. 1830eko hamarkada inguruan interes gero eta gehiago pizten hasi ziren nekazal komuna horiek, antropologikoki ez ezik, sozialki ere bai. Ordukoak dira “nekazal sozialismo” bat aldarrikatzen zuen korronte populistaren lehen sustraiak; eslaviarzaleen eta Europako beste herrialdeetatik iristen ari ziren ideia aurrerakoietatik edaten ari zirenen arteko eztabaidetatik sortuak.

Populismoak XIX. mendean eragin nabarmena izan zuen Errusiako bizitza intelektual eta politikoan. Narodniki-en mugimendua (narod = herria) 1870eko hamarkadan sortu zen eta bere ideia nagusia zen nekazal komunetatik abiatuta sozialismora hel zitezkeela kapitalismotik igaro gabe: baserritarrak ziren monarkia eraitsiko zuten egiazko iraultzaileak. “Lurra eta Askatasuna” eta antzeko taldeak sortu ziren bere baitan. 1870eko hamarkada amaieran errepresio basatia jasan zuten, eta ahulduta geratu ziren arren, bi hamarkada geroago sozial-iraultzaileek hartu zuten haien oinordetza. Alderdi horrek 1917ko iraultza garaian babes handia lortu zuen Errusian gehiengo ziren nekazarien artean –urte hartako ekainean egindako Sobieten I. Kongresuan 800 delegatutik 285 zeuzkaten– eta lurra “sozializatzea” proposatzen zuen. Boltxebikeek baina, mespretxatu egiten zuten burgesiarekin harremana zuelako: “Egiaz aberrazio politiko bat zen, jende guztiak botoa ematen dion alderdi horietako bat –zioen Leon Trotskik–, ezertara behartzen ez duena (...) Alderdiak dena biltzen zuen, zero handi bat zen”.

Nekazaritza tradizionalaren utopiaren defendatzaile ziren heinean –mundua finitua zela ere bazekiten–, azkeneko hamarkadotan ekologista ezkertiarren artean indarra hartu du Jean Martinez Alierrek “neo-narodnismo” bezala deskribatu duenak, marxismoaren eta kontzientzia ekologikoaren arteko “120 urteko dibortzioa” amaitu nahian. Narodniki horien itzuleraz idatzi du Carlos Taibo historialariak Sobietar Batasunari buruzko bere lanean: “Bada pentsatzen duenik ez dagoela urrun XIX. mendeko narodniki-en mugimendu zaharraren berpiztea. Zalantzarik gabe, oso zentzuzkoa zen industrializazioak eta hazkundeak ingurumenean nahiz jendartean izango zituen ondorioez aritzean, oso kontziente kontsumismo eta masifikazioaren eragin kaltegarriaz, eszeptikoa estatuek eta burokraziak eraldatzeko zuten borondateari zegokionean, eta muturreko deszentralizazioaren erabat aldekoa”.

Marxek idatziriko azkeneko testuetako asko ezkutuan geratu ziren edo ez ziren behar bezala zabaldu, tartean Errusiako nekazal komunen inguruko bere hausnarketak; sozialismora heltzeko beste bide bat egon zitekeela uste zutenak itzalean geratu ziren azkenean. Makulu horrekin, akaso beste egoera batean leudeke orain, adibidez, ondotik sortu izan diren borroka indigenak, akaso Jakoba Errekondok dioen moduan “baratza iraultza bihurtzen” ari den honetan, gurean tokitxo bat merezi du historia horrek.

Petrogradoko Putilov lantegi erraldoiko emakume langileak 1917ko martxoaren 8an.

Tsarismoaren zapalkuntza, ideia askatzaileen iturri

Mugimendu populista gehienak –lehen eta orain– egoera politiko oso gogorretan sortu direla idatzi izan da. Errusian behinik behin hala zen, tsar-aren botereak feudalismo antzeko bat baitzuen ezarrita han, jendartearen gehiengoa sasi-esklabutzara kondenaturik. 1825eko abenduan liberalismoz bustiriko nobleziak eta hainbat militarrek absolutismoaren kontrako kolpea eman zuten Alexandro I.a tsar-a egoera ilunetan hil eta gero. Baina porrota izan zen eta Nikolas I.a koroatu berriak etengabe pertsegitu zituen konstituzio baten aldekoak: Errusia autokraziaren putzura erori zen are gehiago. Europako iraultza liberalari eta industrializazioari ateak itxi zizkion jokabide horrek.

Krimeako gerran (1853-1856) baina, errusiar monarkiak ikusi zuen militarki ere erabat atzeratuta geratu zela herrialdea. Frantziar, ingeles eta otomandarren eskutik jasotako makilakadari nolabait erantzuteko, “modernizatu” beharra zegoen eta horretarako Europako estatu-nazio garatuen formula erabili zuen tsar-ak: derrigorrezko soldadutza. Euskal Herrian intsumisioaren garaiak ahaztuta ditugunok, has gaitezke dardarka Suedia bezalako herrialde aurreratu batek zerbitzu militar nahitaezkoa berriz ezarri duela ikusita; ez ote dira inertzia berdinak errepikatuko?

Nolanahi ere, soldadutza ezartzeak herritar guztiak berdinak zirela aitortzea esan nahi zuen XIX. mendeko Errusian, eta teorian, morrontzaren amaiera ekarri zuen horrek. Jokaldiarekin, ordea, praktikan pobreak pobretu egin ziren eta jauntxoak izugarri aberastu: baserritarrak lur-sortak erostera behartu zituzten, eta dirurik ez zutenez, Estatuarekin zorpetu ziren, lehen aipaturiko obshchina edo mir-en bidez. Sapiens aldizkariak otsailean (178 zk.) argitaraturiko erreportaje zabalean azaldu du Errusiak bizi zuen dilema:  ezin liteke belaunaldi bakarrean dekretu kolpez feudalismotik atera; Alexandro II.aren neurriek ez zituzten sakoneko gaiak konpontzen, hala nola desberdintasun soziala, errepresioa eta tsar-aren botere erabatekoa.

Osagai guztiak hor zeuden pentsaera nihilistak eta anarkistak ernatzeko. Erbestean zeuden Mikhail Bakunin eta Piotr Kroptokinen ideia libertarioek indar handia hartu zuten mende amaierarako, eta 1917ko iraultzan talde anarkistek protagonismo berezia izan zuten. Baina aurretik ibilbide iraultzaile luzea egina zuten tsarismoaren kontra, ekintza zuzen terroristak erabiliz. 1905eko iraultzaren testuinguruan –ehunka herritarren heriotza eragin zuen Igande Odoltsua-rekin hasi eta Potemkin akorazatuaren matxinadarekin segi zuen hura– atentatu ikusgarriak egin zituzten adibidez. Garai horietan giroturik dago Albert Camusen Les Justes antzezlan ezaguna: “Gorte inperialak jakingo du prest gaudela terrorea erabiltzeko lurra herriari itzuli arte –dio Annenkov iraultzaileak–. Dena prest dago! Momentua iristen ari da”. Lehendik ere Errusian bazekiten magnizidioa zer zen, Alexandro II.a bonba batek hil zuen 1881ean, Narodnaia Volia erakunde iraultzaile armatuaren militante batek jaurti zuen.

Industria handiaren gorakada eta sobieten gidaritza

Errusiako populazioa Europa mendebaldearekin konparatuta izugarri hazi zen mende erdian: 1861ean 73 milioi jende izatetik 1913an 170 milioi izatera igaro zen. Eta datu esanguratsuago bat: hirietan bizi zirenak %6 izatetik %18 izatera igaro ziren tarte horretan. Atzerriko inbertitzaileen eskuetan zeuden lehengaien (metalurgia, meatzaritza...) industria lantegi handiak ugaritu ziren. Trotskik kontatzen duenez, 1914an AEBetan mila langiletik gorako lantegi handiek hango industriaren pisuaren %18 zuten, aldiz, Errusian mota horretako fabrikak %41 ziren, are gehiago Moskun eta Petrogradon. Azkeneko hiri horretan makinak egiteko Putilov eta antzeko plantetan milaka langile aritzen ziren.

Petrogradoren 1901eko mapa. Ordurako Europako industria-gune nagusietakoa zen eta atzerriko inbertitzaileek hiriaren hegoaldean lantegi handiak eraiki zituzten; hango “sobiet” edo langile batzarrak izan ziren 1917ko iraultzaren akuilua.

Bistan da Leninek eta beste hainbat boltxebikek errusiar kapitalismoaren garrantzia objektiboa puztu zutela proletargo-kontzientziaren piztea hortik igarotzen zelako –egun hain bogan dagoen post-egia hitzak garai haietarako ere balio lezakeela erakusten du horrek, bestalde–. Baina egia berdaderoa da 1917ko urriko iraultzaren epizentro eta aitzindaritza fabrika horietan egosi zela sobieten bidez.

XX. mende hasieran bazirudien Europa osoa greba handi bat zela, Bizkaiko meatzarietatik hasi eta Bartzelonako Aste Tragikora, Berlingo kale istilutsuetatik igaroz. Ez dira harritzekoak Alemaniako ezkerraren ikurra zen Rosa Luxemburgen hitzak 1914ko Gerra Handia piztu bezperatan: “Gure anaia-arreba frantziarren kontra borrokatuko garela uste badute oker daude”. Sozialdemokrazia europarrak ordea, patriotismoak bereganaturik gerra onartu zuen. Sar itzazu pote batean Syrizaren 2015eko amore ematea, Trumpen garaipena, Brexit-a... eta astindu: halako kommozioa eragin zuen iraultzaile marxisten artean gerraren aldeko erabaki hark.

Askoren ustez testuinguru horrek eragin handia izan zuen “gertaera leninista” jazotzeko, historiaren eboluzioa alda litekeela, alegia. 1917ko otsailean tsar-aren abdikazioa ekarri zuen iraultzaren ostean, apirilean, erbestetik bueltan Leninek Petrogradoko tren-geltokian hanka bat jartzerako esan zituenak harri eta zur utzi zituen bere kamaradak: Errusiak bakea behar zuen, iraultza ez zen amaitu.

Soldadutza ezartzeak herritar guztiak berdinak zirela aitortzea esan nahi zuen XIX. mendeko Errusian, eta teorian, morrontzaren amaiera. Jokaldiarekin, ordea, praktikan pobreak pobretu egin ziren eta jauntxoak izugarri aberastu

Lenin orduko egoera sozio-politikoa ulertzeko gai izan zen, baina oker dago pentsatzen duena hortik aurrerako prozesu iraultzaile guztia bere gidaritza soilez eta boltxebike gutxi batzuen ekimenez egin zitekeenik. Aurreko urte eta hamarkadetan herri xeheak pilatutako esperientziak eztanda egin zuen: “Masa mugimendu bat izan zen, egundoko bizitasuna zuen olatu bat, ikuspegi utopikoak inspiratua (...). Ez zuten interesik behin-behineko gobernuak aldarrikatzen zuen mendebaldeko printzipio demokratiko eta parlamentariorekiko. Autoritate zentralizatuari uko egiten zioten. Errusia osotik hedatu ziren langileen eta nekazarien tokiko sobietak”. Errusiar iraultza hobekien ikertu zuen Edward Hallett Carr historialari kontsakratuaren hitzak dira.
Botere guztia sobietentzat! eta Bakea, ogia eta lurra! leloek arrakasta itzela izan zuten 1917ko apiriletik urrirako hilabete gorrietan, bai herritarren artean bai frontetik masiboki desertatzen ari ziren soldaduengan ere. Uztailean, adibidez, martxa ikaragarriak egin ziren anarkistek eta muturreko iraultzaileek akuilaturik. Boltxebikeek denbora tarte horretan hamar aldiz biderkatu zituzten euren afiliatuak eta Sobieten Kongresua antolatu zuten boterea hartzeko prest.

John Reed kazetariak Neguko Jauregia asaltatu zuten urriko hamar egun erabakigarrien kronika idatzi zuen. Igande batez Petrogradoko munizio fabrika batean antolatutako mitinean izan zen lagun batzuekin. Bere begiz ikusi ahal izan zituen 10.000 lagun, “gizon eta emakume, beltzez jantzita, egur eta adreilu piloetara igota, zutabeetatik zintzilik, izara gorri batez estalitako oholtzaren inguruan elkarren kontra estututa, kartsu eta adi, trumoiak bezain ozen garrasi eginez”. Ordurako mundua dardarka ari zen, Hugh Thomasen “XX. mende laburra”, 1917tik 1991ra iraun zuena, hastera zihoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1917ko Errusiar Iraultza
Kiev ala Kyiv?

XIX. mendearen amaieran, ukrainera modernoaren arauak ezarri zirenean, haietako batek zioen hiriburuaren izena Київ zela ukraineraz, eta haren forma latinizatua, hau da, mendebaldeko herrialdeek erabili beharreko exonimoa Kyiv zela. Baina munduko txoko gehienetan... [+]


2020-11-19 | Julen Azpitarte
Wu Ming kolektiboaren 'Proletkult' nobela
Marxismo martetarra

Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]


Legezko abortuak 100 urte

Sobietar Batasuna, 1920ko azaroaren 18a. Sobieten Gobernu Zentralak abortua legeztatzeko dekretua onartu zuen, historian lehenengoz. Handik aurrera, librea izateaz gain, doakoa ere izango zen. Urte batzuetan behintzat.


Moskuko Plaza Polita

Moskuko Plaza Gorriaren izena nondik datorren pentsatzean bi aukera bururatu ohi zaizkigu...


Potemkin, fikzio eta errealitatearen artean

Krimeako konkista zuzendu zuen militarrak, Ukrainako gobernadore Grigori Potemkinek (1739-1791) Katalina II.a erreginari aurkeztu zizkion herri idilikoak faltsuak omen ziren. Hortik dator “Potemkin herria” esamoldea.


Jevgenija Box estatuburu izatera iritsi zen orain 100 urte

Ukraniako Sobietar Errepublika izendatu zenean, emakume bat jarri zen hango Barne ministro, eta praktikan gobernuburu ere izan zen, ofizialki ez baitzen halako kargurik. 1917ko abenduaren 27a zen, eta kasik oharkabean emakumeen emantzipaziorako borrokan itu bat jarri zuen... [+]


2017-11-21 | Juan Mari Arregi
Errusiar iraultzatik iraultza antikapitalistara

Prentsan gogorarazi digute 1917ko errusiar iraultzaren data historikoa.


Errusiako Iraultza Emakumeen Nazioarteko Egunean hasi zeneko hura

Petrogradoko kaleetako denda eta biltokietan ogia erosteko ilara bukaezinetan bat egiten zuten egunero milaka emakumek; goseak eta gerrak sortutako ezinegona nagusitzen ari zen. Zerbait handia zetorrela susmatu zitekeen 1917ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperatan, baina... [+]


Botere guztia sovietetara!

Kontsigna hau gakoa izan zen 1917ko hilabete zurrunbilotsu horietan. Nicolas II.a tsarrak abdikatu ostean 1917ko martxoan (momentu horretan Errusian zegoen juliotar egutegian otsaila zen) sortutako behin-behineko gobernuan sozialdemokratak parte hartzen ari ziren, liberal eta... [+]


2017-10-24 | Axier Lopez
Iraultza sobietarraz ikasteko jardunaldiak antolatu dituzte Oñatin

Errusiako iraultzak azaroan 100 urte beteko dituela baliatuz, Oñatin jardunaldiak prestatu dituzte azaroaren 5etik aurrera. “XX. mendeko gertakari garrantzitsuenetariko bati buruz gehiago ikastea eta gizarte ereduaz eztabadaidatzea” dira helburu nagusiak.


2017-03-23 | Josep Fontana
Errusiar iraultza eta gu

Pompeu Fabra unibertsitateko historiako irakasle emeritua da Josep Fontana Bartzelonan. LARRUN 172. zenbakian egin genion elkarrizketan duzu haren berri zabalago. 2016ko urrian La revolució russa i nosaltres hitzaldia eman zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan,... [+]


Eguneraketa berriak daude