argia.eus
INPRIMATU
Baserriko lanak eta etxekoak batzen direnean
Garazi Zabaleta 2017ko martxoaren 24a

Lehen sektoreko emakumeen egoeraz hausnarrean aritu dira Arabako bost eskualdetan –Gasteiz, Arabako lautada, Aiara, Trebiñuko konderria eta Arabako Errioxa– otsailean zehar. UAGA nekazarien elkarteak antolatu ditu jardunaldiak, Arabako emakume nekazari eta abeltzainak, landa munduko protagonistak izenburupean.
    Jardunaldien helburuetako bat Arabako Udalei, Kontzejuei, Kuadrillei nahiz bestelako erakundeei lehen sektoreko emakumeen egoeraren berri ematea izan da, Blanca Sanchez UAGAko teknikariak azaldu digunez: “Urteak daramatzagu sindikatuan lehen sektoreko emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean. Jardunaldien helburua emakume horien ikusgarritasuna eta aitortza bultzatzea ez ezik, hausnarketari bide ematea ere bazen”.
    Gogoeta bultzatzeko landa eremuan lanean diharduten emakumeen argazki erakusketa eta bideoa eraman dute herrietara. Hainbat emakume nekazarik kezka agertzen dute bideoan, gizarteko zati handi batek oraindik zalantzan jartzen baititu beren gaitasunak: “Traktorea gidatzea, inaustea edota jeztea emakumeen lanak? Bai zera!”, entzuten dute.
    Ikus-entzunezkoez gain, bi hitzaldik osatu dute jardunaldia. Sanchezek berak emana lehena, sektoreko emakumeen egoerari buruzko datuen eta legeen inguruan. Bigarrena, berriz, toki bakoitzeko emakume nekazari edo abeltzain batek eman du, bere bizipenak kontatuz.


Aitortza sozioekonomikorik ez


“Beste edozein sektoretako emakumeek dituzten arazoez gain, lehen sektoreko oztopo gehigarrietako bat da kasu gehienetan etxeko lanak nekazaritza lanekin nahasten direla”, azaldu digu Sanchezek. Alegia, familiako ustiapenetan dena etxe berean egiten dela, eta emakumeak izan ohi direla bi lanak egiten dituztenak. Gainera, aitorpen sozioekonomikorik ez dute izaten kasu askotan, eta horrek gizarte-segurantzan ez kotizatzea eta nekazaritza-abeltzaintzako profesionaltzat ez hartzea dakarkie.
    Lehen sektoreko emakumeen aitortzan aurrerapenak egin direla izan da jardunaldietako ondorioetako bat, baina lege aldetik egindako aurrerapenak askotan hitzetan gelditu dira, Sanchezen arabera. “Legeek ez dituzte behar adina emaitza ekarri, horiek martxan jartzeko nahikoa aurrekontu eta neurri bideratu ez direlako”. Asko dago egiteko, zentzu horretan, teknikariaren ustez.