argia.eus
INPRIMATU
Aurrera, beldurrik gabe
Joxi Ubeda Goikoetxea 2017ko martxoaren 21a
Hegalen indarraz aitzina. Altxatu. Gor, 2016

Diskoz disko aurrera egiten ari da Irunberriko Altxatu taldea. Zuhaitzik garaienean habia egiteari beldurrik ez dion txoriaren Japoniako kondaira baliatu dute inspirazio gisa, eta, kondairako txoriaren modura, erronka berriei beldurrik izan gabe osatu dute disko berria.

Punk-rock kutsuko doinuak jotzen jarraitzen dute, baina beren ukituarekin, bizi, indar handiarekin, eta melodia politak ere egiten dituzte, Berriro kantan, esaterako. Afinazioarekin jolastuz soinu berriak bilatu dituzte, eta gitarraz, baxuaz eta bateriaz gain, bonbardinoa eta tuba ere erabili dituzte diskoari amaiera ederra ematen dion Biharko bide kantan.

Diskoan entzun daitezkeen hamaika kantuetatik hamar Altxaturenak dira eta hamaikagarrena Julen Lekuonak 1983an idatzi zuen Ez dut nahi kantaren bertsioa da. Kantu horretan Gorka Armendariz Leihotikan taldeko kideak abesten du Altxatu taldekoekin batera. Beste kantu batean, Garaipen krudela kantan, Silvia Hibakusha aritzen da. Errugabe kanta osatzeko, berriz, Eduardo Galeanoren El emperador istorioa moldatu dute (“Enperadoreak aholkulari errugabea urkatzea agindu, zerrenda luze bateko lehena izan zen, errugabeak urkatuz, lortu zuen errespetua”).

Kantetan, oro har, kritika eta salaketa egiten dute, eta beren kezken eta ametsen gainean mintzo dira: “Zer da gaur elkartasuna? Zer da gaur anaitasuna? Baloreek zentzua galdu dute” (Garaipen krudela), “Emakume askearen defentsa eginen dugu, emazteak afaria prestatu baino lehen” (Hipokresia), “Atzera egiteko astirik gabe, aitzinean dugu biharko bide, txorien antzera hegalak astinduz, bidaia berri baten hasiera dugu” (Biharko bide).

Harremanen, sentimenduen eta maitasunaren gainean ere bai: “Kantadazu hemen, astiro, zein ederra zaren” (Berriro), “Gaur ez dut gehiegi eskatu nahi, gutxirekin konformatzen naiz, emaidazu ordu bat, beste erdia nik hartuko diot datorren egunari” (Ordu eta erdi).

Iker Ariz, Julen Abaurrea eta Ibai Osinaga Altxatu taldeko kideek 18 urte besterik ez dituzte eta jadanik hiru disko egin dituzte –Altxatu (2013) eta Hitza (2014) dira aurreko biak–. Lan berriko kantuetan heldutasuna erakusten dute, baina freskotasuna galdu gabe, eta erraz, lotsarik gabe eta gogotsu jotzen jarraitzen dute.